Saltoki edo ostalaritza establezimendu batera sartzerakoan, administrazioaren edo enpresa baten egoitza batera joatean, edo elkarte edo eragile batengana jotzerakoan sortu zaigu guztioi zalantza bera: euskaraz jakinen dute? Zalantza horrek hizkuntza estresa sortzen digu euskaldunoi eta batzuetan, erraz alde, gaztelaniara jotzen dugu jakin gabe parean dugun pertsona euskalduna ote den. Euskaraz hitz egiteko aukera galduz.
Euskaraldiaren aurtengo edizioan entitateei, hau da, administrazioei, dendei, tabernei, elkarte eta eragileei zuzendu zaie. Haiek ere euskaraz hitz egiteko espazio bilakatu daitezke, Arigune izan daitezke, euskaraz aritzeko tokiak. Euskaraldian izena emanda entitateek euskararen erabilera sustatzeko pauso praktikoak emanen dituzte.
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak pauso horien garrantzia kualitatibo handia dutela azpimarratu du, “euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera ematen dielako, eskoletan egiten den lanari babesa eman eta aisialdian zein lan-munduan euskaraz aritzeko aukera ematen duelako, era guztietako erakundeek gizartearen nahi maioritarioarekin bat egiten dutelako eta euskararen biziberritze prozesuari hauspoa ematen diotelako”.Arrazoi eta motibazio ezberdinak izanik ere, entitateak euskararen inguruan osatutako sarera batu daitezke, “euskararen erabileraren aldeko sare handi bat eratuz”.
Bi arigune mota
Barne-arigunea
Entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira. Entitate motaren arabera, ohiko funtzionamendua duten talde horiek askotarikoak izan daitezke (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Talde honetako kideek barne-arigunea osatzea erabakitzen dutenean modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrerapausoak ematea adostuko dute. Arigunea osatzeko beharrezkoa izango da taldeko kideen %80a gutxienez ados egotea. Ariguneetako kide bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest moduan parte hartzea.
Kanpo-ariguneak
Entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute kanpo-arigunea, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute. Horrelako espazioak izango dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak edo dendariak, besteak beste.
16
Dira Euskaraldiaren batzordea duten Sakanako herriak: Arakil, Irurtzun, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Lizarraga, Lizarragabengoa, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia. Lagundu nahi duten guztiei ongi etorria eginen diete.
15 egun
Euskaraldia, euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da.