Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean. Horretarako, gizarteko alor askotako eragileekin bildu da eta hortik sortu da Hamaika Gara ekimena, martxoaren 11n abiarazi zutena. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten hamaika eragilek. Baina egitasmoa aurkeztu eta gero COVID-19 gaixotasunak osasun krisia ekarri zuen eta aurreikusita zituzten sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi eta kale mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.
Garai berriarekin batera, Hamaika Gara dinamikako kideek uste dute “herritarrok eta gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela: premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”. Horregatik, Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean Euskal Autonomia Erkidegoko 50 herritan ekimenak antolatu zituzten. Nafarroako txanda etzi izanen da. Asmoa da herrietako “plazak berreskuratzea eta aldarriz betetzea” 11:00etatik eguerdiko 14:00etara. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramanen du, lurrean utziz.