Sua, ura eta landareak. Lurrak ematen dituen elementuekin arbasoek udako solstizioa ospatzen zuten; ekiaren aroari ongi etorria ematen zioten. Gizakiak betidanik ezagutu ditu lurra eta bere aroak, eta hauek ospatu izan ditu erritualen bidez. Baina kristautasunak tradizio paganoak bereganatu zituen eta, besteak beste, udako solstizioaren erritualak San Joan gaueko eta eguneko ospakizun bihurtu zituen. Mendeetan zehar garai bateko solstizioaren gau magikoaren erritualak gaur egun arte iritsi dira. Aurten, ordea, koronabirusak sortutako osasun krisialdia dela eta Sakanako herrietako udalek San Joan ospakizunak bertan behera uztea erabaki dute; baita Uharte Arakilgo eta Arbizuko festak ere. Normaltasun berria deitutako egoera honetan, pertsonen arteko segurtasun distantzia, maskarak erabili behar izatea eta leku publikoetan zein tabernetan edukiera kontrolatu behar izateak, erabaki tristea hartzera eraman du.
Ospakizunak eta festak bertan behera gelditu diren arren, munduak stand by-aren botoia sakatzen duen bitartean eta pixkanaka berriz martxan jartzen den bitartean, lurrak bere ziklo infinituarekin jarraituko du. Aurten ez dira auzoetan su handiak izanen, baina ekainaren 23ko gauak urteko laburrena izaten jarraituko du.
San Joan gaua magikoa da. Arbasoetatik iritsi den pentsamendua da. Eta magikoa kontsideratzen da, urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena delako. Edozer gauza gerta liteke eguna eta gaua hain gertu dauden tarte horretan. Egiari zor, gau laburrena larunbatean izan zen, ekainaren 20an, momentu horretan hasiko da astronomikoki uda. Baina kristautasunaren sinkretismo prozesuaren ondorioz, udako solstizioa San Joan eguna bihurtu zen, eta, ondorioz, ekainaren 23ko gauean eta 24ko egunean egiten dira eguzkiaren inguruko ospakizunak gaur egun. Udako solstizioa ez da bakarra. Gaur egun ospatzen diren festa ia guztiak sainduen egutegiaren araberakoak dira, eta, hauek, aldi berean, antzinako herriek egiten zituzten ospakizunetatik eta erritualetatik datoz; esaterako, neguko solstizioa Gabon bihurtu zuten, samhain edo arimen gaua saindu guztien egun eta inauteriak karnabal edo kuaresmaren aurreko festa.
Eguzkiaren festa
Urteko egunik luzeena eguzkiari eskaintzen zitzaion, eta zaio. Suak eguzkia sinbolizatzen du, eta, beraz, eguzkia gurtzen den egunean suak pizten ziren. Hortaz, suak eguzkiaren ikurra dira, eta haiei esker eguna gehiago luzatzen da eta gaua argitzen da, magikoa bihurtuz. Eguzkia agurtzeko ere balio dute, izan ere, hemendik aurrera egunak laburtzen joango dira.
Herri bakoitzean suak egiteko hainbat zuhaitz adar erabiltzen dira. Gainera, sanjoanetako suetan traste zaharrak erretzeko ohitura ere bazegoen. Izan ere, sua berritzailea eta garbitzailea da, eta aro berriari ongi etorria emateko lehenik zaharra erre behar zenaren sinesmena zegoen. Gau honetan ere aurreko sanjoanetan hartutako belar bedeinkatuak erretzeko ohitura badago herri eta etxe askotan: intsusa eta ereinotz sortak, sanjoan belarrak…
Sakanako hainbat herritan sua hirutan saltatzea derrigorrezkoa da. Izpiritu gaiztoak uxatzeko, gauza txarrak erretzeko eta atzean uzteko garaia da. Suak ere zenbait gaitz sendatzeko ahalmena zuela sinesten zuten, beraz, sua saltatzea berreraikitzailea da ere. Saltatzean "San Juan urriñe, ona zabaltzazu, gesitue den guziye ona konbertitzazu" esaten da Lakuntzan, baita "zorriyek eta partzak hiltzeko" ere. Aurtengo egoeraren aurrean inoiz baino beharrezkoagoa, baina ezinezkoena ere bai. Bestetik, suetako errautsak urtean zehar gordetzen zituztenak ere baziren, animaliak eta gizakiak sendatzeko boterea zutelako.
Zenbait herritan, tradizioari jarraiki, suak piztu bitartean elizako kanpaiak jotzen zituzten. Sakanako adibiderik nabarmenena Lakuntza da. Afariekin batera kanpai hotsak hasten dira, eta gau osoan zehar lakuntzarrak kanpai dorrera igotzen dira ezkilak jotzera. Auzatea egin ohi dute bertan ere. Joxe Flores izaten da urtero huts egiten ez dutenetako bat: "San Joan gauean ezkilak jo eta suak piztea betidanik entzun izan dugu. Kanpandorrera igo eta errepikak jotzen dira, bata bestearen atzetik. Berdin du ongi hala gaizki jo, kontua jotzea da". Ohitura nondik datorren ez dakite, baina Lakuntzan horrela izan da "beti".
Surik ez
Koronabirusak sortutako egoera dela eta udako festak bertan behera uzteko erabaki "tristea" hartu behar izan dute udalek. Etxarri Aranazko San Kiriko eta San Adrian ospakizunen ondoren, Uharte Arakilgo eta Arbizuko festak izan behar ziren udako festen denboraldiari hasiera emanen ziotenak. Baina aurten egoera berriaren lehenengo adibideak izanen dira. Ez da ke seinalerik eta usainik egonen. Ez Uharte Arakil ez Arbizun ez Sakanako beste herrietan ere.
San Joan eguna egutegian gorriz markatutako eguna da Arbizun. Urteko garrantzitsuenetarikoa. Juan Garmendia Larrañaga etnologoak 2007an Eusko Ikaskuntzarako egindako ikerketa batean jaso zuenez, San Joan bezperan, ekainaren 23an, etxeetako atariak landareekin apaintzen ziren. Ondoren, arbizuarrak Leziza errekara joaten ziren eta bertan bainu bat hartzen zuten. Azal gaixotasunetatik babesten ziela sinesten zuten. Behin bainua hartuta, arropaz aldatu, eta San Joan ermitara joaten ziren. Bertan, auzatea egin eta udalak zilarrezko barkilloetan ardoa banatzen zuen, gaur egun arte mantendu diren ohiturak. Urteekin eta garai berriekin ohitura berriak gehitzen joan ziren, eta gaur egun San Joan bezperako mezaren ondoren Arbizuko kintoek Marialonbreren Zaldiya dantza egiten dute. Ondoren, San Joan ermitatik kalejiran itzultzen dira eta etxeen aurrean egindako suak saltatuz joan ohi dira. Datorren urtean ohiturarekin jarraitu beharko dute.
Sua eta ura
Kontrajarriak diren elementuek, San Joan egunean elkar eragina zutela uste zuten. Arbizun bezala, beste zenbait herritan San Joan egunaren egunsentian iturrietara eta ibaietara joateko ohitura zegoen. Ziordian Urbedeinkatua iturrira joateko ohitura zegoen. Egun honetan urak ahalmen bereziak zituela uste zuten: Azaleko gaixotasunak sendatzeko eta pertsonak zein abereak babesteko ahalmena zuela uste zuten. Beraz, ur hori hartzeko ohitura ere bazegoen, eta urtean zehar gordetzen zuten. Olaztiko ospakizunak Batueko iturriaren inguruan egiten dira ere. Aurten bertan behera gelditu da erromeria. Kristautasunarekin urak bedeinkatzen zituztela esaten zuten.
Udako solstizioa ospatzeko hirugarren elementua lurrak ematen dituen landareak dira, eguzkiaren aroak ematen dituenak. Horrela, Euskal Herriko zenbait lekutan zuhaitzak jasotzeko ohitura zegoen; Etxarri Aranazko, Bakaikuko, Iturmendiko eta Ziordiko maiatzak kasu. Hala ere, San Joan egunean herriko plazan maiatza jasotzearen ohitura Bakaikun baina ez da mantendu. Egun horretan, beraz, zuhaitza menditik jaitsi eta plazan altxatzen dute. Zuhaitza uztailera arte, festak bukatu arte, egon ohi da plazan. Zuhaitz bat jasotzearen ohitura ama lurraren ekoizpenaren sinbolo da; lurraren ikurra.
Ez dira solstizioan erabiltzen diren landare bakarrak. Izan ere, San Joan eguna sendabelarrak hartzeko eguna izan ohi da. Sorginetatik jasotako jakinduriatik datorren ohitura da. Sorginek belarrak botikak egiteko erabiltzen zituzten, eta gaur egun arte eginkizun horrek iraun du. Horregatik ere San Joan gaua sorginen gaua zela esaten zuten; emakumeak egunsentian landareak hartzera ateratzen zirelako. Jose Miguel Barandiaran Aierbe antropologoak azaldu zuenez, Arakilen sanjoanetako belarrak erretzen zituzten eta ke horrekin etxeak usaineztatzen zituzten.
"Orain arte belar, hemendik aurrera gari" abesten dute neskek Urdiainen San Joan bezperan. Izan ere, uda uzta jasotzeko garaia da, eta udako solstizioan egiten ziren erritualak ere lurra indartzeko eta uzta ona emateko erabiltzen ziren. Ermitaren parean San Joan ermita parean besotik helduta eta etxeetan gordetako antzinako arropekin urtero antzinako ohitura berreskuratzen dute Urdiainen San Joan kantaita egiten. Kantaren ondoren sua pizten dute.
Altsasun, San Joan egunean, landareek ere garrantzia handia hartzen dute. Etxeetako atariak iratze alfonbrekin apaintzen dira. Ustez etxeak izpiritu gaiztoetatik babesteko eta zorte ona izateko jartzen dira iratzeak ateetan San Joan egunean. Gainera, goizaldean balkoietan eta leihoetan abardiak jartzen dira: lizar adarra maite den pertsonari eta makala gustuko ez denari. Normalean lizarrak ikusten dira gehien. Abardiak loreekin apainduta joan ohi dira. Denboraren poderioz eta festak ospatzeko modu berriak zirela eta, azken urteetan ohitura galtzen ari zen, beraz, udaletik ohitura sustatzeko abardi lehiaketa antolatu zuen. Iratzeak eta abardiak etxeetan jartzea osasun krisialdiak sortu duen egoera berriko segurtasun neurriekin aurrera eraman daitekeenez, aurten ere lehiaketa eginen du udalak.
Tradizioa
Ohitura gehienak gaur egunera iritsi diren arren, esaterako, suak piztearena, beste batzuk denborarekin desagertuz joan dira. Irañetako sanjoanetako maiordomoen kasua da. Juan Garmendia Larrañaga etnologoak egindako ikerketaren arabera, San Joan eguna argitu baino lehen irintarrak Arakil ibaira joaten ziren oinak, aurpegia eta lepoa bustitzera. Gainera, mutilek neskak bizi diren etxeak apaintzen zituzten, eta eskean aritzen ziren. Maiordomoaren etxetik abiatzen ziren, eta etxeetan piperropilak eskaintzen zizkieten. Maiordomo gizonezkoak txapela, alkandora zuria eta trajea janzten zuen. Bandolera moduan zinta gorri bat zeraman eta lepoan ere zapi gorria janzten zuen. Emakumezkoak txanbra, gona eta zapatak janzten zituen. Maiordomoaren figura Izurdiagan ere duela gutxira arte egon da.
Udalek arduraz aritzea eskatu dute. Aurtengoa udako solstizio berezia izanen da, arraroa.