Aspe eta Baiko Pilota enpresek uda berezi eta arraro honetarako antolatu duten Masters CaixaBank udako binakako torneo mistoa aurkeztu dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan, beharrezko segurtasun eta distantzia neurriak hartuta. COVID-19 pandemiak mundua geldiarazi eta gero, udako torneo berri honekin abiatuko da esku pilota profesionala, bihar, San Joan egunean, Eibarren, hiru hilabete eta erdiko geldialdiaren ondoren.
Torneo mistoa izango da, bi enpresetako pilotariek nahasita osatutako 8 biko izanen dira lehiatuko direnak: Ezkurdia-Aranguren, Altuna III.a-Imaz, Elezkano II.a-Aretxabaleta, Jaka-Albisu, Urrutikoetxea-Irribarria, Olaizola II.a-Zabaleta, Artola-Rezusta eta Bengoetxea VI.a-Martija.
Aipatzekoa da Irribarriak eta Urrutikoetxeak osatutako bikoa, biek bere ohiko postua aldatuko baitute; atzeko koadroetara pasako da Irribarria, eta koadro alaietara, aldiz, Urrutikoetxea. Esan beharra dago ere Unai Lasok, Jon Mariezkurrenak eta Ladis Galarzak ez dutela tokirik izango txapelketan, Arangurenen eta Danel Elezkanoren mesedetan.
Bihar, San Joan egunean, ekainaren 24an hasiko da torneoa, Eibarren. Ezkurdiak eta Arangurenek Altuna II.a eta Imaz izanen dituzte aurkari Astelena katedralean, 17:00etan (ETB1). Masters Caixabank Torneoan 14 jardunaldi jokatuko dira guztira, eta ondoren finalerdiak eta final handia.