kiroldegia

Mankomunitateak futbol eta triatloi campusak antolatu ditu

Maider Betelu Ganboa 2020ko eka. 26a, 12:20

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak udako futbol campus berezia antolatuko du uztailaren lehen hamabostaldian eta udako triatloi campusa, bigarren hamabostaldian, biak Altsasun eta segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriekin. Izena ematea astelehenean zabalduko da

Aurtengo uda berezia eta ezberdina izango dela ez dago zalantzarik. COVID-19 birusak sortutako osasun epidemiaren ondorengo “normaltasun berrian” gaude, baina makina bat ekitaldi bertan behera gelditu dira eta aurrera aterako direnak bereziak izango dira, eskatutako distantzia eta segurtasun neurriak bermatuta. Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu duenez, aurten futbol eta triatloi campus bereziak egonen dira. Aldiz, surf ikastaroa eta errugbi campusa bertan behera utzi dituzte. 

Udako kirol campusak antolatu edo ez, makina bat buruhauste izan dituzte Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan. “Egoerak zer pentsa eman digu; batarekin eta bestearekin hitz egin dugu, aurreko urteko monitoreekin… gainera, ez dakigu uztailean barna bete beharreko arautegia, zehatz eta mehatz, zein izango den. Gutxi gorabeherakoa zein izango den badakigu eta hortaz, aurreikuspen bat egin dugu eta segurtasun neurriak zehaztuta, bi campus antolatuko ditugu aurten, futbol campusa, uztailaren lehen hamabostaldian, eta triatloi campusa, uztailaren bigarren hamabostaldian” azaldu du Amaia Gerrikagoitiak. 

Futbol campus berezia, Altsasun
Gaur egun ezin da futbolean normaltasunez aritu. “Futbola kontaktuzko kirola da; berez oposaketako kirol bat da, kontrakoen aurka jokatzen da. Gaur egun normaltasun berrian ere ezin da futbolean aritu. Hau da, ezin da aurkariaren kontra jokatu, orduan ez baitugu betetzen kontakturik gabeko segurtasun distantzia. Hortaz, aurtengo futbol campusa ez da ohiko futbol campusa izango. Futbol egokitua, futbol berria, futbol berezia... nahi dugun moduan deitu ahal diogu. Finean, ariketa indibidualak eta ariketa kooperatiboak landuko dira; hau da, lagunarekin jolastu, baina beti distantzia mantenduta, aurkaririk gabe. Argi eta garbi esan behar da, Ez da futbolera jolastuko” nabarmendu nahi izan du kirol teknikariak. 

Paseak, zig-zag ariketak eta halakoak bai, baina kontrakoari baloia kentzera jolastera ez. Formazio eta trebakuntza indibidualagoa izango da aurtengoa. 
Horregatik, futbol campusak izango duen beste aldaketa bat iraupenarena izango da. Aurreko edizioetan eguneko lau orduko trebakuntza zen, eta aurten 2 ordukoa izango da. Eta bukaeran partaideak ezingo dira Dantzalekuko igerilekuetara joan, igerilekuak itxita daudelako eta segurtasun neurriak mantendu nahi direlako. Bestalde, aurreko edizioetan txango bat egiten zen San Mames Barrira, edo Anoetara, eta gero egun pasa egiten zuten Bilbon edo Donostian. Aurten ez dira halako irteerak antolatuko, soilik inguruko irteerak egingo dira. “Campusa ahalik eta seguruena izatea nahi dugu, eta hori dela eta oinarrizko oinarrizko campus bat egingo dugu aurten” nabarmendu du Gerrikagoitiak. 

Bi txanda eta taldetxoetan banatuta
Maalen Beraza Etxarri irintarra eta Aitor Lara Zia altsasuarra izango dira aurtengo futbol campuseko monitoreak. Futbol campusa Dantzaleku futbol zelaian izanen da, eta adina kontuan hartuta bi txanda egingo dira. Lehen txandan, uztailaren 6tik 10era, 2008an, 2009an eta 2010ean jaiotakoek eman dezakete izena, 10 urtetik 12 urtera bitartekoek. Eta bigarren txandan, uztailaren 13tik 17ra, 2005ean, 2006an eta 2007an jaiotakoak, 13 urtetik 16ra bitartekoak. Partaideen kopurua mugatzeko, goizeko 9:30etik 11:30era lehen taldea ariko da eta 12:00etatik 14:00etara bigarren taldea. Talde bakoitzean gehienez ere 20 partaide egon daitezke, eta bi monitore direnez, monitore bakoitzak 10 ikasleren ardura izango du. “Hau distantziak bermatzeko beste segurtasun neurri bat da. Neska nahikok izena ematen badute, nesken taldea sortzen saiatuko gara, neskak bere taldean aritu daitezen. Hortaz taldeak osatzerakoan generoa kontuan hartuko da” aipatu du teknikariak. 

Izena ematea astelehenean, ekainaren 29an zabalduko da, uztailaren 2ra arte, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa 20 eurokoa da. Campusa euskaraz izango da, eta norbaitek ez badu ulertzen gaztelaniaz hitz egingo zaio. Gerrikagoitiak uste du neska mutikoak campusean aritzera animatuko direla. “Guraso askok deitu dute euren interesa azalduz, eta Altsasuko teknikariak ere esan dit beharrezkoa dela haurrendako jarduerak antolatzea, etxeratuta egon direlako, harremanik gabe, eta ekimenak beharrezkoak direla, nahiz eta egoera kontuan izanda, arduratsu jokatu behar izan. Campus ezberdina izango da, berezia, baina nik uste dut atsegina izango dela. Futbol zelaia bera zapatzea, beste herri batzuetako lagunak ezagutzeko aukera… polita izango da” uste du teknikariak. 

Nolanahi ere, Amaia Gerrikagoitiak argi utzi nahi izan du COVID-19 birusaren pandemiaren aurrean momentuko arauak agintzen duen neurriak hartuko direla. “Egoera aldagarria izan daiteke, eta, hortaz, ezin dira gauzak %100ean ziurtatu, data heldu arte, baina guk guztia prest dugu” gaineratu du teknikariak. 

Triatloi campusa, uztaileko 2. hamabostaldian
Azken unera arte zalantzan egon ziren Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan, baina azkenean triatloi campusa antolatzea erabaki dute. “Azken uneko erabakia izan da. Triatloi campusak beste berezitasun batzuk ditu. Orain arte bizikletan ezin zen tropelean joan eta horregatik zalantzan egon gara, campusa antolatu ala ez, baina badirudi dagoeneko bizikletan tropelean ibili ahal izango dela, eta korrika ere bai taldean ibili ahal izango dela. Bestalde, egun igerilekuan kale bakoitzeko 2 partaide sar daitezke. Mugak badaude, baina uste dugu campusa antolatu daitekeela eta antolatuko dugu, uztailaren bigarren hamabostaldirako. Neurriak arintzen badira, horrek antolaketa erraztuko liguke, eta alderantziz, gogortzen badira ere neurriak hartuko ditugu. Campusa bertan behera uztera iritsi behar bada, egin beharko dugu. Momentuko egoerari erantzungo diogu” nabarmendu du Amaia Gerrikagoitiak. 

Triatloi campusa uztailaren 20tik 31ra izango dela aurreikusia dago, Altsasun. Guztia behar bezala lotzen ari da Kirol Zerbitzua. “Izena ematea uztailaren hasieran zabalduko dugu; nolanahi ere, edonork informazioa behar badu Kirol Zerbitzura deitu dezake” dio teknikariak. 

Sakanako Haur Triatloia antolatzeko aukerak ikusten dira
Triatloi campusarekin lotuta Sakanako Haur Triatloia antolatzen du Sakanako Mankomunitateak Urdiaingo igerilekuetan, Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntzarekin. Aurtengo data uztailaren 25ean zegoen aurreikusita. “Baldintza onak ematen dira, eta segurtasunaren aldetik eskatzen diren arau guztiak bete ahal baditugu, Sakanako Haur Triatloia antolatuko dugu uztailaren 25ean. Horretarako Nafarroako Triatloi Federazioarekin hitz egingo dugu. Kirol federazioak Nafarroako Gobernuarekin koordinatuta lanean daude, lan mahai ezberdinak daude eta segurtasun protokoloak prestatzen ari dira. Urdiainen antolatzen dugun haurrendako triatloia proba federatu bat da, eta Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Triatloi Federazioak eskatzen dituzten zehaztasun guztiak kontuan izango ditugu. Proba antolatuz gero, federazioan (www.navarratriatlon.com) eman beharko litzateke izena. 

Errugbi campusa bertan behera
Errugbi campusa eskaini ahal izateko, aldiz, ez dira baldintzak betetzen. “Errugbiaren kasuan oso zaila da. Errugbian eskuetan eman behar da baloia, kontaktuzko kirola da… eta hori guztia kentzen badiozu, kirolak bere esentzia galtzen du guztiz. Hortaz, penaz, baina aurten ez dugu errugbiko campusa antolatuko” azaldu digu teknikariak. Bertan behera gelditu da ere iaz lehenengoz Zarautzen antolatutako surf ikastaro eta irteera. 

Datorrenaz
Hurrengo ikasturteari begira, ohiko ikastaro eta kirol ekitaldiekin aurrera egitea da asmoa, beti ere segurtasun neurriak errespetatuz. Aurten pandemiagatik bertan behera geratu diren Sakanako Futbol Topaketak berrartuko dira, urrian hasten baitira, eta ordurako futbolera normaltasunez jokatu ahalko dela aurreikusten da. Sakanako Aizkora Eskola, Sakanako Harri jasotze eskola eta ohiko ikastaroak ere martxan jartzea aurreikusten da. “Ikasturte berriko jarduerak martxan nola jarri ahal ditugun egunez egun joango gara ikusten, baina hori da asmoa. Bizitza aurrera doa. Musikoterapia ikastaroa berreskuratu dugu, bakarkako saioak direlako edo bestela talde oso txikikoak, eta jarraitzeko aukera ematen du. Galdutako klaseak berreskuratzeko, ekainean hasi eta uztaila bukaerara luzatu dugu ikastaroa. Baina fibromialgia eta antzeko gaitzak dituztenendako ikastaroak eta beste bertan behera geratu dira, eta antolatutakoen berri. 

 

 

 

Erlazionatuak