Pilota

Hasiera irristakorra

Guaixe 2020ko eka. 25a, 12:23

Eibarko Astelenako kantxako hezetasunak esku pilota profesionalaren buelta zapuztu zuen eta Ezkurdia eta Aranguren Altuna eta Imazen aurretik 5 eta 2 zirenean, antolatzaileek bertan behera utzi behar izan zuten partida

Pilota zaleek gogoz esperotako data zen San Joan egunekoa, esku pilota profesionalaren bueltako eguna. 107 egun pilota jaialdirik gabe egon eta gero, Aspek eta Baikok bezperan aurkeztutako Masters CaixaBank binakako torneo mistoa zen hastear non eta pilotaren katedralean, Astelenan. Berotzarra Eibarko kaleetan, Astelenara sartu ziren 128 pilotazale inguruk gogoz eskertu zuten kantxako hasierako freskura. Joseba Ezkurdia eta Aranguren alde batean, eta Jokin Altuna eta Ander Imaz bestean, gozatu ederra hartzeko prest zeuden maskara jantzita bertaratu ziren ikusleak. ETB1-ek ere zuzenean jarraitu zuen historikoa izango zen emanaldia. Baina bueltak piztutako ilusio guztia, zerk eta Astelenako kantxako hezetasunak zapuztu zuen, berotzarraren ondorioz eta pilota zaleak hurbildu ahala, Astelenako kantxa izerditzen hasi baitzen.

Jaialdiko lehen partida nola edo ahala jokatu zen –Peña II.ak eta Bikuñak 22 eta 9 irabazi zieten Salaberriari eta Mariezkurrena II.ari–, baina Masters CaixaBank torneoko 1. jardunaldiko lehen partida hasterako ez zegoen kantxan zutik egoterik. Ezkurdia-Aranguren eta Altuna-Imazen arteko partida hasi eta berehala irrist egiten hasi ziren pilotariak, atzeko koadroetan zeudenak bereziki. Ander Imaz izan zen gehien sufritu zuena. 3 eta 2koan, lehen aldiz irristatu zenean, zapatilak aldatu zituen. Baina egoerak bere horretan jarraitu zuen eta oreka mantentzeko arazo berberekin jarraitu zuten pilotariek. Mina hartzeko beldur, pilotariek partida bertan behera uztea eskatu zieten enpresetako ordezkariei eta, azkenean, egoera horretan partida jokatzea ezinezkoa zela jabetuta, bertan behera geratu zen pilotaren buelta historikoa izan behar lukeen jaialdia, Ezkurdia eta Aranguren 5 eta 2 aurreratuta zeudela. Erabaki zentzuzkoena hartu zen, kantxaren egoera ikusita. “Inork ez du minik hartu, eta hori da garrantzitsuena. Pena da horrela itzuli beharra, baina gertatzen diren gauzak dira” azaldu zuten Altunak eta Ezkurdiak. Enpresek sarreraren dirua itzuli egingo dute. 

Nonbait, frontoia desinfektatzeko erabilitako produkturen batek beroak sortutako hezetasuna areagotu egin omen zuen. Pilota zale beteranoenek adierazi zutenez, ez dute halakorik ezagutu azken 70 urteetan. EPEL-ek erabaki zuen partida hasieratik jokatuko dela oraindik zehazteko dagoen toki eta data batean.