Abesbatzek osasun langileen omenezko emanaldiak eginen dituzte

Guaixe 2020ko eka. 25a, 12:49

Nafarroako Abesbatzen Federazioak bultzatuta bihar, ostirala, 14:00etatik aurrera Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzak eta Etxarri Aranazko Abesbatzak emanaldiak eginen dituzte osasun etxeen aurrean. 

Pandemian osasun zerbitzuetako langileek egindako lana eskertzeko, Nafarroako abesbatzek omenaldi bateratua eginen dute herrietako osasun etxeen aurrean. Musikaren bidezko omenaldia izanen da, beraz, abesbatzek emanaldi xumeak eskainiko diete osasun langileei. Etxarri Aranazko Abesbatzak, 15:00etan, Etxarriko osasun etxearen aurrean hiru edo lau kanta interpretatuko ditu. Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzak hiru geldialdi eginen ditu. Lehenengoa, 14:00etan, osasun etxean izanen da, ondoren, 14:30ean, Josefin Arregi klinikan emanalditxoa eginen dute eta, amaitzeko, 14:45ean, Aita Barandiaran adinduen egoitzara joanen dira. Agur zaharra, Dulce Embeleso eta Agur Jaunak abestiak interpretatuko dituzte.