Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztun helduen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Aurten ariketa hori azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da, 15 egunez. Esan bezala, 18 urtetik gorakoek parte hartu dezakete Euskaraldian.
Baina ariketa sozial horretan haur eta gaztetxoek zer esan handia izan dezaketela uste dute Euskaraldiko zenbait eragile, hezkuntzan eta haur eta nerabeen sektorean ari direnak. Horregatik, lankidetzan, adina kontuan izanik, hezkuntzako etapa bakoitzerako Euskaraldiari buruzko didaktika proposamenak landu dituzte. Horrela, “modu ludikoan zein dinamika egingarrien bitartez, haur eta gazteek Euskaraldiaren berri izatea eta euren inguruko helduei ekimenaren berri ematea (xaxatzaile izatea)”. Didaktika unitateak egin dituztenak Ikastolen Elkartea, Irrien Lagunek eta Urtxintxa Gipuzkoa dira. Haiek sortutako materiala Euskaraldiko webgunean eskuratu daiteke.
Etapaka
Euskaraldiari buruz sortu dituzten unitateek adinaren arabera helburu desberdinak dituzte. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako unitatearen bidez lortu nahi da: Euskaraldiaren bidez haurrek euskararekin esperientzia atseginak izatea eta helduen xaxatzaile izatea, beraien buruari garrantzia emanda. DBHren kasuan (12-15 urte): helduen xaxatzaile izateaz aparte, beraien hizkuntza praktikei buruzko gogoeta egitea bilatzen du, hau da, aurrera begira ahobizi edo belarriprest izateko prestatzea. Azkenik, DBH 4, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ikasleek beraien hizkuntza praktikei buruzko gogoeta egitea eta ekimenean ahobizi zein belarriprest gisa parte hartzera animatzea du helburu.
Hezkuntza sare osoari didaktika proposamena erabiltzeko deia egin dio Euskaraldiko koordinazio taldeak. “Euskaraldiarekin bat eginda, ikastetxeetan euskararen bueltako komunitate izaera ere indartzen dela uste dugu. Eta irakasleei, zuzenean, heldu den ikasturteko plangintzetan, material horri leku bat gordetzea ere proposatu diegu”. Jakinarazi dutenez, Irrien Lagunak elkartea Irria aldizkariaren zenbaki monografikoa prestatzen ari dela udazkenerako.