Nafarroako Parlamentua: “Tokiko aldizkariak gure eskualdeetako merkataritza eta enpresa txikiak berrabiatzeko tresna”

Guaixe 2020ko eka. 25a, 19:55
ehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordearen bilera.

Hala kontuan izan ditzan premiatu du Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua. 

Foru ganberako Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak asteartean egindako bilkuran tokiko prentsaren garrantzia historikoa nabarmendu zuen. Tokiko prentsak lurralde kohesioari dagokionez duen garrantzia ere azpimarratu zuen. Horregatik, batzordekideek foru administrazioari eskatu zioten tokiko prentsa Nafarroa Suspertu planean babestu beharreko sektore bat izan dadila.

Parlamentuko batzordeak onartutako ebazpenean, Nafarroako Gobernua premiatu da “aintzat har ditzan tokiko aldizkariak, gure eskualdeetako merkataritza eta enpresa txikiak berrabiarazteko tresna bat gehiago diren aldetik”. Ebazpena PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrakoarekin onartu zen. 

EH Bilduk eta Ahal Duguk aurkeztutako mozioak hirugarren puntu bat zuen. Geroa Baik zuzenketa aurkeztu zion eta proposatzaileek onartu zuten. Gobernua premiatu nahi zuten “Nafarroako tokiko aldizkarien ordezkari diren enpresa eta elkarteekin hitzarmen edo akordio batera irits zitezen Tokiko Prentsari buruzko Jardunaldiei berrekiteko, Nafarroako Gobernuak egiten dituen hedabideen audientziei buruzko azterlanetan sartzeko eta publizitate instituzionaletako kanpainetan sartzeko”. Baina puntu horrek ez du aurrera egin Navarra Sumak eta PSNk kontrako botoa eman dutelako eta gainerakoek aldekoa. 

Zergatiak
EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek sustatutako ebazpenak tokiko eta hurbileko prentsaren “garrantzia historikoa” nabarmentzen du, lurralde kohesioa sustatzen duen aldetik eta, zenbait kasutan, “euskararen sustapena” ere bai. Sektore hau erortzen uzteak “kulturaren pobretzea” ekarriko duela ohartarazten du, “suspertze ekonomikoan ematen duten zerbitzua” dela eta.

Bestetik, eskualdeko prentsak merkataritzarekin eta tokiko enpresa txikiekin publizitatearen bitartez duten harreman estua nabarmentzen da, eta lotura hori indar dadin aldarrikatzen da, “elkarren beharra” dutelako. Hori dela eta, “globalizazio deshumanizatu eta desorekatuaren” aurrean, administrazioaren inplikazioa eskatzen da “tokiko aldizkariak indar ditzan” eta honekin batera “eskualdeetako merkataritza-ehundura” defenda dezan.

Nafarpres Nafarroa osoan paperean argitaratzen diren tokiko aldizkarien elkartea da eta haren parte da Guaixe fundazioa. Elkartearen xede nagusia da tokiko prentsa eta informazioa sustatzea herritarrarengandik gertueneko ikuspuntutik. Nafarroako biztanleen erdia baino gehiagorengana iristen dira. Guztiak bokazio soziala duten enpresak dira, eta lana ematen diete bestelako produkzio-sektore batzuei, hala nola inprentei, diseinu estudioei, publizistei edo banatzaileei.