Sakandarren %42 euskaldunak gara

Guaixe 2020ko eka. 26a, 14:53
Arbizuarrak tabernako terrazan.

Ibarreko 16 urteko eta urte gehiagoko 6.880 sakandar euskalduna zen 2018an. Badaude euskaraz zerbait jakin arren, euskaraz ongi edo nahiko ongi hitz egiteko gai ez diren sakandarrak ere, euskaldun hartzaileak, %14,2 ziren (2.328). Gainontzeko sakandarrak, % 43,8 erdaldunak ziren. 

Euskarabideak 2018ko Nafarroako Soziolinguistika Datuei buruzko txostena argitaratu du. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak azaldu duenez, Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) urtero egiten duen Gizarte Inkestaren eta Bizi Baldintzen Inkestaren bidez lortutako datuetan oinarritzen da ikerlana. Inkesta horren helburua da 2018an Nafarroan hizkuntzen erabilera eta ezagutza ezagutzea.

Herrika 
Gauza jakina da ibarraren erdialdean pilatzen dela euskaldun kopuru handiena. Ikerketak biztanleria euskaldunaren ehunekoaren arabera lau soziolinguistika gune zehaztu ditu. Eta aurreko ikerketen ildoa segituz, Sakanako udalerri bakarrak du populazioaren % 80 edo gehiago euskalduna: Ergoiena. %50 eta %79 artean daude Urdiain, Arbizu, Etxarri Aranatz, Lakuntza eta Arruazu. 

Sakanako gainontzeko udalerrietan euskaldunen ehunekoa %20 eta 49 artekoa da: Bakaiku,  Irañeta, Iturmendi, Irurtzun, Altsasu, Uharte Arakil, Arakil, Olatzagutia eta Ziordia. 2011ko Nafarroako Soziolinguistika maparekin alderatuta Ziordia da soziolinguistika gune batetik bestera pasa dena, eta juxtu-juxtu, orduan ziordiarren % 20 baino gutxiagok zekitelako euskaraz. 

Udalerrien bilakaera euskaldunen ehunekoaren bilakaeraren arabera
Udalerria / Urtea 1991 2001 2011 2018
Altsasu        
Arakil        
Arbizu        
Arruazu        
Bakaiku        
Ergoiena        
Etxarri Aranatz        
Irañeta        
Irurtzun        
Iturmendi        
Lakuntza        
Olatzagutia        
Uharte Arakil        
Urdiain        
Ziordia        
 
Soziolinguistika guneak
Euskaldunak %20 baino gutxiago %20 eta 49 artean %50 eta 79 artean % 80 edo gehiago

Nafarroa 
Nafarren %14,1 euskalduna da, %8 euskaldun hartzailea eta %77,9 erdaldunak dira. Guztira Nafarroan 75.810 euskaldun gaude, 2016ko neurketan baino 6.800 hiztun gehiago. Nafarroako biztanle euskaldun gehienak eremu euskaldunetik kanpo bizi dira. Zehazki, 75.800 euskal hiztunetatik 29.459 eremu euskaldunean bizi dira, 42.551 eremu mistoan eta 3.800 eremu ez-euskaldunean.

Ikerketak azalarazi duenez, nafar euskaldunen soilik %11,8k erabiltzen du euskara neurri batean edo bestean. Erabilera eremu euskaldunean %48,3ra igotzen da. Generoari erreparatuta gizonezko nafarren %14,7 euskalduna da eta emakumezkoen %13,5. Euskaldun hartzaileak dira emakumezkoen %8,2 eta gizonezkoen %7,8. Erdaldunak, azkenik, emakumezkoen %78,3 eta gizonezkoen %77,5. 

Azken datuen arabera, 16 eta 24 urte bitarteko nafarren %24,5 euskaldunak dira. Ehunekoa pixkanaka %21,8ra jaisten da 25-34 urte bitarteko tartean, eta %14,1era 35 eta 49 urte bitarteko pertsonen artean. Bestalde, 50 eta 64 urte bitarteko pertsonen %10,9k euskal hiztuntzat du bere burua, eta ehuneko hori %8,4ra jaisten da 65 urtetik gorako biztanleen artean.

Azkenik, euskarazko hedabideen kontsumoari dagokionez, 16 urte edo gehiagoko nafar hiztunen %43,1ek adierazi du prentsa idatzia irakurri duela paperezko euskarrian inkestaren aurreko astean, eta %39,3k euskarri digitalean. %74,3k irratia edo podcastak entzun dituzte edo euskarazko telebista ikusi dute epe horretan.