Laguntza, Sakanatik mundura

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 7a, 10:46

Ayuda Contenedores Gizarte Kanpoko Erakundeak Altsasun daukan delegazioan makina bat arropa eta material jasotzen dira. Munduko hainbat txokotara bidaltzen dira ondoren. Boluntarioek sakandarren eskuzabaltasuna eskertu dute eta gure etxeetan bilketa egiten jarraitzeko eskaria egin dute

Duela bost urte inguru zenbait sakandar Ayuda Contenedores Gobernuz Kanpoko Erakundean boluntario lanetan hasi ziren, Etxabakoitzeko egoitzan. Jubilatu berriak eta aurretik erretiratuak ziren, eta zerbaitetan laguntza eman nahi zuten. Ayuda Contenedores erakundeak (www.ayudacontenedores.org) denetariko material bilketa egiten du, eta logistika laguntza eskaintzen die beste talde eta erakundeei, materialez betetako edukiontzien bidalketa egiteko. Garapen bidean dauden herrialdeei giza laguntza emateko proiektuekin lotuta dauden ekimenak dira taldeak laguntzen dituenak, unean sortzen diren krisietan laguntzeaz gain. 

“Laguntza iristen dela bermatzen du erakundeak, eta boluntario hasi ginen, Etxabakoitzeko egoitza nagusian, baina erakundeak proposatu zigun ea zergatik ez genuen Sakanan delegazio bat zabaltzen. Horrela, Altsasuko Zumalakarregi plazan utzi ziguten bajera batean hasi ginen lanean. Ondoren, Altsasuko Udalarekin hitzarmena egin genuen, eta udalak Frontoiko Zeharbideko 14. zenbakian duen bajera utzi zigun, Gertu burdindegiaren parean dagoena. Ordutik, asteazkenero, Altsasuko azoka egunean, goizeko 10:00etatik 13:00etara mota guztietako material bilketa egiten dugu han, beharra dagoen tokietara edo eskatzen diguten tokietara bidaltzeko” azaldu digu Ayuda Contenedores Sakanako delegazioko Jose Julian Imazek, sakandarrek bertara eramaten duten materiala sailkatzen ari dela. Berarekin batera Juan Urra, Josetxo Etxabarri, Luis Iradi eta Carmelo Navarrete daude lanean. “Hemen ez dugu inor baztertzen, boluntario lanak egin nahi dituenak ateak zabal zabalik dauzka” diote guztiek. 

Urteekin erreferente bilakatu dira, eta geroz eta sakandar gehiagok eramaten dituzte asteazkenero Ayuda Contenedoresen Altsasuko bajerara etxean dituzten baina erabiltzen ez dituzten arropa, oinetako eta materialak. “Sakanako jendea Altsasuko azokara etortzen da eta bidaia aprobetxatzen du gurera ekartzeko etxean behar ez dituenak. Horregatik aukeratu genuen asteazkena zerbitzua emateko” dio Josetxo Etxabarrik. Astero zabalik dago egoitza; soilik konfinamenduaren garaian egon zen itxirik. Baina ekainerako lanean zeuden berriro. “Konfinamenduan garbiketa egiteko aprobetxatu du jende askok eta izugarri nabaritzen da: material pila bat ekarri digute. Beste alde batetik, arropa jasotzen zuten edukiontziak kendu dituzte, eta hori agerikoa da ere. Begira, izkina horretan dauden poltsa horiek guztiak gaur ekarri dizkigute” gaineratu du Urrak. Egia esan, harrigarria da jendearen joan etorria. Ordu erdi batean 8 pertsona hurbildu dira egoitzara, denetariko poltsak ekarriz. COVID-19 birusarengatik jarraitu beharreko protokoloa segiz, poltsak ukitu gabe izaten dituzte aste batez, berrogeialdian, eta, hortaz, aurreko astean jasotako materiala sailkatzen eta txukuntzen ari dira Josetxo, Juan, Luis, Jose Julian eta Carmelo orain. 

Denetarik biltzen dute
Astea pasatu eta gero, poltsak zabaldu eta egoera kaxkarrean dagoena alde batean uzten dute, birziklatzeko. Gainontzekoa, egoera onean dagoena, kaxetan sailkatzen dute. “Begira, emakumezkoaren neguko arropa, hango kaxan; emakumezkoaren udako arropa, bestean; eta berdin gizonezkoen eta haurren arroparekin, negukoa eta udakoa banatuta. Gero, hango kaxetan, izarak eta mantak sartzen ditugu; haietan zapatak; bestean, eskola materiala eta jostailuak eta aparte bizikletak, gurpildun aulkiak…” azaldu du Juan Urrak. Izan ere, denetarik jasotzen dute. “Arropa, zapatak, izarak, mantak, poltsak, eskola materiala, jostailuak, bizikletak, gurpildun aulkiak… guztia da ongi etorria” diote bostek, materiala sailkatzen ari diren bitartean. 

Jasotako kaxak Ayuda Contenedoresek Etxabakoitzen dituen gunera eramaten dituzte, Gertu burdindegiak eta Burunda zurgindegiak uzten dizkien furgonetetan. Egoitza nagusian, Etxabakoitzen, bestelako materiala biltzen da ere. “Adibidez, ikastetxe batek altzariak aldatzen baditu, edo erresidentzia edo ospitale batek aldaketak egiten baditu, gure erakundearekin harremanetan jarriz gero, material hori guztia biltzen da: oheak, ikasmahaiak, aulkiak, arbelak, ikastetxeetako materiala… denetarik. Han, Etxabakoitzen, erabakitzen da materiala nora bidaliko den. Normalean udako arropak Afrika aldera eramaten dira, eta negukoa, Perura eta altuera guneetara, eta, gainontzekoa, beharren arabera” dio Jose Julian Imazek. 

Nora doaz edukiontziak?
Joan den urtean, 2019an, Nafarroako Ayuda Contenedores taldeak 33 edukiontzi bidali zituen munduko hainbat txokotara: Togo, Sierra Leona, Cabo Verde, Honduras, Tanzania, Peru, Senegal, Camerun, Cabo Verde, Malaga, Mozambique, Guatemala eta Siria, besteak beste. Zerrendan dute jasoa, txukun txukun, edukiontziak zein datatan bidali zituzten, nora eta zein Gobernuz Kanpoko Erakundek (GKE) antolatuta. Izan ere, hainbat GKE-rekin lan egiten du Ayuda Contenedoresek: Africa Directo, Ambala, Ayuda Ciclon, Ayuda pueblo sirio, Kaputxinoak, Elisardo Bilbao, Afrikako Lanbide Eskolak, Sixto Jimenez familia, Fe y alegria, Amaya fundazioa, Coni fundazioa, Santa Clara Ahizpak, Agostinho Netho ospitalea, Juan Peña, Osha, Padre Zabala, Don Bosco Fambul Salesiarrak eta Upasunqu. Horretaz gain, eskari guztiak dira ongi etorriak. 

Gaur egun, Peru, Honduras eta Afrikara ari dira bidaltzen edukiontziak. Baita errefuxiatuak dauden guneetara ere. “Laguntza eskatzen diguten toki guztietara bidaltzen da laguntza, ez dugu inolako bereizketarik egiten” nabarmentzen du Imazek. Iturmendira adingabekoak ekarri zituztenean ere behar zuten arropa eta bitartekoak eman zituen Ayuda Contenedoreseko Sakanako taldeak. Izan ere, Sakanako erakundeek badakite hor daudela. “Eskatzen duen guztiari ematen diogu” gaineratzen du Urrak. 

Edukiontziak bidali ahal izateko diru bilketa Iruñeko egoitzan egiten dute, beraiek dira baliabideak bilatzen dituztenak. Edukiontzi bat bidaltzea garestia da. “Guk behin bakarrik egin dugu diru bilketa, 2017an Manchayra (Peru), edukiontzi bat bidali ahal izateko. Bertan Olaztiko moja batzuk daude lanean eta edukiontzi bat bidali genuen: oheak, elikagaiak, Iruñeko ikastetxe bateko bankuak eta ikastetxeetako materiala, bizikletak, arropa… denetarik. Edukiontzia bidaltzea 2.800 euro ziren, baina kontinente aldaketa zegoenez edukiontzia sulfatatu beharra zegoen, gaixotasunak ekiditeko. Hori 100 euro pasa ziren. Horri egin beharreko paper, aseguru eta burokrazia kontuak gehituta… 3.000 euro inguruko kostua zuen. Enpresetan dirua eskatu eta 6.000 euro lortu genituen, eta soberan geratu zen dirua dolarretara pasa eta Manchayko kongregaziora bidali genuen. Auditoria pasa genuen, guztia argi geratzeko. Baina guk egunerokoan soilik material bilketa egiten dugu; Iruñean egiten da edukiontziak bidali ahal izateko diru bilketa eta edukiontzien tramitazio, dokumentazio eta burokrazia lan guztia” azaldu du Imazek, Perura bidalitako materialaren argazkiak erakusten dizkigun bitartean. Izan ere, tramitazio lan handia dago. “Finean esportazio bat egin behar da eta dokumentazioa prestatu behar da, edukiontzia aduanatik pasatu behar baita” gaineratzen du. 

Ekainaren 20an edukiontzi bat bidali zen Hondurasera eta beste bat Mozambiquera; ekainaren 13an bi edukiontzi atera ziren Siriarantz, eta ekainaren 6an beste bat bidali zen Ghanara. Azken hau Athletic-eko jokalari Iñaki Williamsek finantzatu zuen. “Bere familiaren herrian eraiki duten eskola batera bidali zen edukiontzi hori. Iruñeko zenbait ikastetxetako aulkiak, arbelak, zabuak eta mahaiak, eta bestalde, bizikletak, arropa… denetatik joan zen, baita Altsasun jasotako material asko ere” kontatu digu Imazek. 

Edukiontziak larunbatetan kargatzen dira, eta ahal dutenean kargatzen laguntzera joaten dira sakandarrak. Trailer kamioi batek ekartzen du edukiontzia, eta Etxabakoitzen kargatzen da. Gero Bilbora joaten da, handik abiatzen baitira esportazio kontuak.  

Sakandarrei deia
Zalantzarik gabe, lan handia egiten dute Ayuda Contenedoreseko Altsasuko taldekoek. “Jubilatuak gaude, bospasei elkartzen gara, konpromisoa hartu genuen eta ahal duguna laguntzen dugu. Jakina, honek betetzen gaitu, lan sozial polita da. Konfinamenduaren ondoren martxan gaude, topera, eta etxean erabiltzen ez dutena hona ekartzera animatzen ditugu sakandarrak, beste erabilera bat izan dezaten. Gustura jasotzen ditugu. Bide batez, euren eskuzabaltasuna eskertzen dugu. Laguntzeko aukera dugun bitartean, hala egingo dugu” aitortu du Urrak.