Kirolen buelta zehaztu du Nafarroako Gobernuak

Guaixe 2020ko uzt. 2a, 09:02
Futbolean aire zabalean irailaren 11n hasiko dira lehiaketak.

Kirol entrenamendu, lasterketa eta probak noiztik aurrera antolatu ahal diren zehaztu du Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak. Esaterako, txirrindularitza lasterketak uztailaren 11tik aurrera antolatu daitezke eta futbol partidak irailaren 11tik aurrera jokatu ahalko dira, aire zabalean eta urriaren 1etik aurrera kantxa itxietan

COVID-19 birusak  ekarri duen normaltasun berrian gaudela kontuan hartuta, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak kirol modalitate bakoitzaren buelta noiz izanen den zehaztu du, bai kirol federatuarena eta baita federatu gabekoarena. Horretarako, erresoluzio bidez egutegi bat publikatu du, beti ere behin-behineko egutegia izango dena, unean uneko egoerak aginduko baitu. Halaber, bete beharreko segurtasun neurriak ere zehaztu ditu. 

Horrela, kirol bakoitzak bueltarako data bat du, beti ere kirol bakoitzak dituen ezaugarriak kontuan hartuz. Horretarako Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak 3 multzotan banatu ditu kirolak, kirol horiek eskatzen duten pertsonen arteko kontaktua kontuan hartuta. Lehen multzoa kontakturik gabeko kirolena da: golfa, atletismoa, txirrindularitza edo tenisa, esaterako. Kirol hauen entrenamenduak konfinamendua arintzeko 3. fasean hasi ziren, bakarka edo talde txikietan. Lehiaketaren buelta ekainaren 25ean izan zen, bai aire zabalean bai eremu itxietan, baina atletismoaren kasuan, zenbait modalitatek kontaktua eskatzen dute, nahiz eta kontaktu txikikoak izan. Kasu horietan uztailaren 11tik aurrera hasiko dira lehiaketak. 

Bigarren multzoan kontaktu gutxiko kirolak hartzen dira kontuan: beisbola, eskalatzea eta gimnasia, tartean. Kasu honetan ekainaren 29ean bueltako dira entrenamenduak, eta uztailaren 11n aire zabaleko lehiaketak. Instalazio itxietan abuztuaren 14an hasiko dira lehiaketak, ongi bidean.

Hirugarren multzoan kontaktu ertain-handiko kirolak daude: futbola, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, waterpoloa, arte martzialak edo borroka. Kasu honetan, entrenamenduen hasiera abuztuaren 15erako zehaztua dago, eta lehiaketaren kasuan, aire zabalean irailaren 11n hasiko dira lehiaketak, eta instalazio itxietan, aldiz, urriaren 1ean. 

Herri kirolen kasuan, kontakturik ez duten kirolen kasuan uztailaren 11tik aurrera itzuliko da lehiaketa, eta modalitate guztiak urriaren 1etik aurrera. Ur kiroletan, aire zabalean baimenduta daude ekainaren 25etik, baina instalazio itxietan urriaren 1etik aurrera. 

Aforoari edo kantxa eta kirol instalazioen edukierari dagokienez, gehienez instalazioen bi hereneko aforoa baimenduko da, eta segurtasun distantziak bermatu beharko dira. Federatu gabeko ekitaldietarako gehienez 200 kirolariren partaidetza baimenduko da aire librean, eta 100 partaiderena kirol instalazio itxietan. Kirol campusak antolatzeko baimena ere eman du Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak, ohiko aforoaren bi herena baimenduz eta segurtasun neurriak hartuta. Ezingo da oposizio edo kontaktu ariketarik egin kirol horiek baimena izan arte.