Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak hala erabakita, uztailaren 11tik aurrera has daiteke txirrindularitza probak antolatzen. Horrela, Nafarroako Txirrindularitza Federazioko egutegitik zenbait lasterketa desagertu dira, esaterako Urdiaingo festetarako iragarrita zeuden bi proba, uztailaren 3ko kadeteen lasterketa eta uztailaren 4ko eskolen mailako lasterketa. Heldu den urtean beharko dute izan. Halaber, Iturmendiko festetarako, uztailaren 16an eskolen mailako lasterketa eta uztailaren 17an kadeteen mailakoa zeuden iragarrita, eta horiek ere bertan behera uztea erabaki da.
Juniorren Iruñeko Itzulirik gabe
Juniorren mailan Nafarroan jokatuko den lehen proba uztailaren 19an goizeko 10:00etan Lizarratik abiatuko den III. Robert Innova Trofeoa-III. Jesus Galdeano Memoriala izanen da (89,2 km). Lasterketa, aldi berean, Nafarroako Juniorren Mailako Errepide Txapelketa izango da.
Bestalde, Ermitagaña Txirrindularitza Taldeak atzo azaldu zuen juniorren mailako aurtengo 34. Iruñeko Itzulia bertan behera uztea erabaki dutela, COVID-19 pandemiagatik, eta 2021era arte atzeratu dutela aipatu proba. Etapa horietako bat Etxarri Aranazko festetan jokatzen zen, baina aurten ezinezkoa izango da.