Bakarrik dauden adingabe atzerritarrik dagoeneko ez dago Iturmendin. Nafarroako Gobernuak behaketa- eta harrera-zentroa ixteko erabakia garagartzaroaren 10ean jakinarazi zuen. Aldi baterako itxiera da. Eta hilabetea bukatzearekin itxi zen, asteartean, behin-behinean. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko teknikari Bego Zestau Baraibarrek azaldu ditu itxieraren arrazoiak: “batetik, pandemiak mugak itxiarazi eta migrazio mugimenduak geldiarazi ditu eta, ondorioz, Nafarroara bakarrik dauden adingabe atzerritar bolumenik ez da iritsi. Eta, bestetik, autonomia lantzearen ondorioz, gazteak Iturmendiko egoitzatik beste pisu batzuetara eraman dituzte”.
Hala berretsi du Gizarte Eskubideetako Departamentuko Familia eta Adingabekoen zuzendariorde Olga Chueca Chuecak: “badira lau hilabete etorrerarik ez dela izan. Eta babes sisteman sartu ziren adingabekoak adinez nagusi dira dagoeneko eta bestelako gela- edo autonomia-baliabideetara joaten dira”. Ramiro Gonzalez Martinez de Lezea Iturmendiko behaketa- eta harrera-zentroko arduraduna izan da eta berak gaineratu duenez, “etorrerarik ez izatean Nafarroako Gobernuak egindako guztia berregituratzeko aukera izan du”. Zestauk azaldu duenez, hausnarketa horretan aztertu dituzte “nola dauden harrera zentroak, baliabideak, nola ari diren lanean…”
Chuecak azaldu digunez, “gazteekin izandako esku hartzearen inguruko azken urteko ebaluazioa egin dugu. Datuek erakutsi diguten errealitatea da bizitoki txikiagoetan egin behar direla esku-hartzeak, lauzpabost pertsona bizi diren pisuetan. Bai gazteen espektatibengatik, bai Nafarroara iritsi aurretik garatu duten autonomia-prozesuengatik ere”. Zuzendariordeak gaineratu duenez, “helburua da gazteen espektatibei eta beharrei erarik egokienean erantzutea, horretarako, jakina ibilbide pertsonalizatuagoak eskainiko ditugu. Hasieran behaketa laburra behar dute, ez luzea, gehienez ere hiru hilabeteren buruan akonpainamendu intentsiboa egiteko, beti ere, bakoitzaren esku-hartze plana kontuan izanik”.
Konturatu dira adin txikikoen sisteman ezin zirela adinez nagusiak direnak egon. Hasieran iritsi ziren, inolako artikulaziorik ez zegoenean”. Gonzalezek gaineratu duenez, Nafarroako Gobernuak “pentsatzen du dagoen adin txikikoen kopuruarekin herrialdean ez dela hiru behaketa- eta harrera-zentro behar eta birekin geldituko dira: Iruñeko Argarai larrialdi zentroa eta Martzillakoa (40 plaza)”. Zestauk zehaztu duenez, “aldi baterako da itxiera. Inork ez daki iritsierak izanen diren edo ez, zein tamainakoak. Mugak zabaltzen diren neurrian ikusi beharko da”.
Iturmendin egon diren adingabeak agurtzeko hainbat jolas egin zituzten. Argazkia: Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua.
Urte bat, hiru fase
Joan den urteko udaberrian Nafarroara bakarrik zeuden adingabe atzerritar ugari iritsi ziren. Adingabeak bere ardurapean hartzera behartuta daude administrazioak, Nafarroako Gobernua kasu honetan. Eta hainbat aterpe eta kanpin erabili zituen, herrialdean barna gazte horiendako egoitza sare bat eratzen zuen bitartean. Iruñerrian dauden zentroekin batera, Martzillan eta Iturmendik zabaldu ziren egoitzak. 2019ko garagartzaroaren 25ean iritsi ziren Iturmendira. Andre Mariaren Mirabeen kongregazioaren Estafeta kaleko 27. zenbakian duen eraikina zen.
25 toki ditu egoitza horrek. Handik 60 bat gazte pasa dira, denak mutikoak. “Zentro honek mistoa izateko ez zituen baldintzak betetzen, nahiz eta gobernuak deialdia egitean hala izendatua izan. Emakumezkoak beste zentroetan izan dira. Nafarroan bi emakumezko besterik ez daude” jakinarazi digu Gonzalezek.
Iturmendiko egoitza behaketa eta harrera lanak egitera bideratu zuen foru administrazioak. Zestauk azaldu duenez, “bakoitzaren banakako behaketa edo azterketa egiten da: nola dauden, zer garapen prozesu duten, prestakuntza… Autonomia hartzen dutenean bigarren fasera pasatzen dira”. Gonzalezek argitu duenez, “egoitza-baliabide batera pasatzen dira, ez zentrotik pisura ez dira zuzenean pasatzen pisura. Beste edozein gaztek bezala, espezializatutako baliabide batera pasa beharko dute batzuek. Beste batzuek 24 orduko jarraipena behar badute egoitza-baliabide batera pasako dira. Eta besteak gela-baliabideetara pasako dira. Azken horiek intentsitate faseen modukoak dira. Hor autonomia hartzen doaz, helduak direnerako autonomia eta segurtasuna izan dezaten”. Zestauk azaldu duenez, gazte horiek autonomia lortu ahala fasez pasatzen dira eta pisu batera pasatzen dira, “banaka edo ikasleekin gela bat partekatzea. Dagoeneko hainbesteko tutoretzarik gabe, puntualagoa da”.
Iturmendin egon diren azken 25 gazteak gaur egun Tuteran, Iruñean, Lizarran edo Martzillan daude. Bakoitzaren prozesuaren arabera hartu du erabakia foru administrazioak. Chuecak zehaztu duenez, “gehienak ez daude Iturmendi inguruan etxebizitza opatzeko lana neketsua baita. Haietako batzuk bizimodu independentea hasi dute, besteak beste baliabide batzuek ematen duten babes sistemaren barruan daude”. Gonzalezek argitu digunez, “hemen zeuden gazte guztien balorazioa egina zegoen eta ez zeuden beste behaketa eta harrera zentro batera joateko moduan. Edozein egoitza-baliabidera joateko prest zeuden. Batzuk adinagatik, pisuetan tokirik ez zegoelako eta pisu batean plaza bat hustu zain, zentro batera bidali dituzte”.
Tutoretzapeko etxebizitza pare bat daude Altsasun, zortzi plaza guztira eta beteta daude. “Pisuan jende gutxiago daude eta profesionalen jarraipena dute. Beste gauza batzuk sakontasun gehiagorekin lantzeko aukera dago ere: prestakuntza, lan bilatzeko aholkularitza edo laguntza… Hortik”. Gazte bakoitzaren garapenaren arabera mugikortasuna handia dago tutoretzapeko pisuetan. Chuecak esan duenez, gobernuak Altsasuko bi pisu horiei eutsiko die, “adinez nagusi izatetik gertu dauden gazte hauen profilarendako eredu egokiena dela uste baitugu”. Eta jakinarazi du aurreko egunetako mugimenduengatik aldaketak izan badira ere, bi pisuak beti beteta egoten direla. Joan den astean sei gazte zeuden.
Gonzalezek azaldu duenez, “halako baliabide batek aldi baterako izan behar du, ezin daiteke luzatu. Nafarroako Gobernuak horri buelta eman nahi dio. 25 plazako zentro batean gazte hauendako arreta ezin da banakakoa eta pertsonalizatua izan nork bere jatorri, kasuistika eta espektatibak dituelako. Hori egoitza-baliabideek ematen dute, banakakoagoa eta intentsiboagoa delako, talde txikiagoan. Errazagoa da horrela. Eta hirietan daude, autonomia guztia, garraio publikoa, kontaktua eta komunitate integrazioa askoz errazagoa da hemen baino; Altsasura joaten ez badira. Eta horrek duen arriskuarekin”.
Baimenez
Gazteek ikasi eta lan egitea dute buruan, familia lagundu ahal izateko. Beraien migrazio prozesuan Iturmendira iritsi diren gazteen egoera administratiboa erregularizatzeko bizileku- eta lan-baimenak ezinbestekoak dira. “Behaketa- eta harrera-zentroan egonda ere, azken 25 gazteen %80k bi baimenak zituzten, baita osasun txartela ere, eta erroldan zeuden”. Gonzalezek gogorarazi duenez, “Espainiako Gobernuak otsailean erabaki zuen 16 urtetik gorako bakarrik dauden atzerriko adingabe guztiei bizileku baimenarekin batera lanekoa ematea. Palanka garrantzitsua da”.
Marokok Bilbon duen kontsulatuarekin, Aljeriak Bartzelonan duenarekin eta Madrilen dauden Ghana, Gambia eta Indiako enbaxadekin harremanetan izan dira gazteen egoera legeztatu ahal izateko. Erlazioak “onak” izan direla esan du Gonzalezek, nahiz eta aitortu “zailena” ere badela: “hemen dugunarekin alderatututa desberdina da. Hemen osasun-txartela eta erroldatzea eskubidea bat dira, denok ditugun paperak dira. Han traba gehiago daude. Gainera, adin txikikoak izatean, ikerketak daude. Etniak daude, kasua hartzen duenaren arabera, zure familiaren arabera… Hemen badaude ere, beste errealitate bat da”. Hurrengo erronka zein den ere zehaztu du Gonzalezek: “baldintzak betetzen ez dituen gaztelaniazko alfabetizazioaz harago, gazteen premiei erantzunen dieten prestakuntza-ibilbideak antolatu behar dira”. Baimenak izanda, ikastetxeetan eta Nafarroako Enplegu Zerbitzura sartzea errazagoa izanen zaie.
Despedidakoan globo lasterketa egin zuten ere.
Harremanaz
Bakarrik dauden gazte atzerritarrak ibarrean zeudela jakin zutenean, Sakanako Mankomunitateak foru administrazioari informazioa eskatu zion. “Eta koordinazio estu bat eramatea. Harreraz ari bagara, zentzu guztia dauka Anitzarteanek hor parte hartzea. Baita ibarrean bertan dauden hainbat eragile ere: Sakana Harrera Harana… Harrera hori duina izan dadin”. Ondorioz Iturmendin Tokiko Harrera Mahaia sortu zen, “zein zen egoera, zer premia zegoen ikusteko, elkarlanean zer egin zitekeen jakiteko”. Chuecak azaldu duenez, “erlazioa ona bazen ere, hobetzeko tartea zegoen”. Hortik sortu zen abenduko Ongi Etorri futbol topaketa solidarioa. “COVID-19arekin bilerak ez dira hain maiz izan. Eta azkena itxieraren berri emateko izan da”. Zestauk aitortu duenez, “nahi genuke harremana eta elkarlana estuagoa eta eraginkorragoa izatea”.
Iturmendiko egoitzaren itxiera zela eta, “agur ekitaldi hurbila egin zuten” garagarrilaren 18an. Aurreko astean 12-14 gazte zeuden egoitzan eta plazan agur ekitaldi xumea egin zenerako bost besterik ez zen gelditzen. Harrera etxean beste bost gelditu ziren. Zestauk azaldu duenez, lekualdaketak “segurtasun eza eta egonezin handia sortzen du. Ez zeuden parte hartzeko umorez, ez zekitelako orain zer gertatu behar zen, beste aldaketa bat…”
Zestauk Nafarroako Gobernuaren helburua “ulertzen” du, “baina haiek badakarte motxila eta bizi esperientzia. Deserrotze bat baino gehiago. Hona iritsi, denboraldi bat egoten dira. Haien artean adiskidetasun handia sortzen da, egoera berean baitaude. Oso harreman polita sortu da Iturmendiko adineko emakumezko batzuen eta gazteen artean. Eta gazte hori beste toki batera doa. Bere hobe beharrez ari dira, baina beste haustura bat, beste dolu bat eta berriz hasi behar hori. Konexioak egitea kostatzen bada, hasierako ezegonkortasun hori egonezina sortzen du”.
Gonzalezek aitortu duenez, “hainbeste denboraren ondoren” gazteei Iturmenditik “bat-batean” ateratzea kostatu zaie. “Ateratzea kostatu egiten zaie, aldaketa bat delako, nahiz eta beraien prozesuaren parte den, baina denbora horretan guztian sortutakoa hautsi da”. Zestauk gogora ekarri du gazteak harrera zentrora iritsi zirenean herritarrek esandakoa, “hemen badaude, geldi daitezela hemen, elkar ezagutzeko-eta. Baina zerbitzua halakoa da”. Gonzalezen gaineratu duenez, “sakabanatu dira, baina bazter guztietan kontaktuak dituzte. Hori da naturala dena. Nafarroara etortzea erabakitzea gauza bat da, baina inor ez zen Iturmendira nahita etorri”.
Teknikariak azaldu duenez, “mundu guztiarendako ikasketa bat” izan da gazte horiek Sakanan izatea. “Puntu batean enpatia lantzeko aukera ere eman du: guri tokatuko balitzaigu, edo gure seme-alabei tokatuko balitzaie joatea nahiko genuke ongi hartuak izatea”. Gazteak Iturmenditik kanpo ere atera dira: Munduko Arrozak ekimenean parte hartu izan dute, hizkuntzen azokan… “Planteatzen diren ekintza gehienetan parte hartu dute edozein sakandar bezala”.
Chuecak esker ona azaldu dien “modu batera edo besterako proiektu horrekin kolaboratu duten guztiei. Zestauk eskerrak eman dizkie Altsasuri bai, baina “bereziki Iturmendiko herriari. Ulertuta hain herri txikian 25 gazte etortzea bat-batean. Ez da batere erraza izan, inpaktua sortzen du. Gainera, hizkuntza aldetik, batzuek ez zekiten gaztelania, ezta euskara ere. Ikastaroak egin zituzten. Herriaren garbiketan parte hartu zuten. Ez direla denbora-pasa etorri. Horrek ere egoera ulertzea ekarri du”. Esker ona ere Victoriano Gabirondo Lanz alkateari adierazi dio: “ikaragarrizko lana egin duelako gazte horiek hartzeko garaian”.
Konfinamendua
COVID-19 gaixotasunak eragindako pandemiak Iturmendin harrapatu zituen gazteak. Martxotik ez dira zentrotik mugitu. Gonzalezek azaldu digunez, itxialdia “oso ongi bizi” izan dute. Ez da gaitzagatik positibo bat bera ere egon ez talde profesionalean ezta gazteen artean ere. “Gazteek lasai bizi izan dute, guztia oso kontrolatuta zegoelako. Eta beraien familietan ere ez da kasurik izan”. Familiarekin Whatsapp bidez komunikatzeko aukera izan dute eta pandemiaren errealitatea normal eraman dutela gaztigatu du arduradunak. “Egunero komunikatzen dira. Beraien herrialdeetako errealitatea desberdina da eta desberdin bizi izan dute, informazio gutxiago dago”.
Gonzalezek gaineratu duenez, “konfinamendua izan daitekeena gorabehera, oso prozesu politak bizi izan dira. Gazte batzuei on egin die isolatuta egoteak eta beraien hezkuntza prozesuan zentratzeak. Talde oso heterogeneoa sortu da, baina, benetan, oso ongi funtzionatzen zuen; familia moduko bat sortu zen”. Konfinamendua ramadanarekin bat egin zuen eta “kulturartekoa” izan dela azaldu digu Gonzalezek, musulmanak, kristauak, hinduak zeudelako.
Ramiro Gonzalez Martinez de Lezea Iturmendiko behaketa- eta harrera-zentroko arduraduna.
Langileak
Arduraduna, psikologoa eta zuzeneko arretako hezitzaileak (gizarteratzea, gizarte- eta kultura-animazio, gizarte-langile, psikologoak, gizarte-hezitzailea) egon dira gazteekin lanean, 21 guztira. “Baina azken fasean 24 izan gara, bajengatik, pandemiagatik atzerrian gelditu eta bueltatu ezin izan dutelako…”. Gonzalezek zehaztu duenez, “Nafarroako Gobernuak 18 lanpostutarako deialdia egin zuen, baina gu beti langile gehiago egon gara, komunikazio eta autonomia arazoengatik, apenas ez dago garraio publikorik eta bazter guztietara furgonetan joan behar genuen. Eta langile gehiago hartu genuen, bestela gazteen desplazamenduak ezin genituen bete”.
Eskarmentu handiko langileekin batera, hasi berriak egon dira lanean. “Iturmendi dagoen tokian egonda, onena izan da hemen lanean egon dela Madril, Valladolid, Donostia, Gipuzkoa, Gasteizko jendea. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) atzerriko adingabeekin eskarmentua zuen jendea zegoen. Nafar batek ere ez zuen halako eskarmenturik, halako zentrorik joan den urtera arte ez delako izan. Batzuek ikasketak despeditu berri zituzten, besteek adingabekoekin eskarmentua bai, sarean ibilitakoak zirelako, baina atzerritarrekin ez”.
Zakan izeneko aldi baterako enpresa-elkartea arduratu da Iturmendiko egoitzaz. Zabalduz, Agintzari eta Kamira entitateek osatu dute elkarte hori. “Agintzarik eta Zabalduzek EAEko eta Akitaniako esperientzia dute. Jatorrizko herrialdeetako erakundeekin ere aritzen dira, batez ere Agintzari. Hortik atera da genuen lan eredua. Garbi genuen gazteekin nola lan egin. Erakunde gisa esperientzia bagenuen, gu eta administrazioa eredu batera egokitu gara. Honen ardura larrialdiagatik hartu genuen eta, horregatik, bukatu da bat-batean”. Bestelako alternatibarik ez dagoenez, larrialdi kontratua bukatu zenez, langile askori kontratua bukatu zitzaien asteartean.