Euskara ikasleek dirulaguntzak eska ditzakete

Guaixe 2020ko uzt. 9a, 12:22
AEKren Itsasi euskaltegia beteta.

Aurreko ikasturtean euskalduntzen edo alfabetatzen aritu diren pertsonak hilaren akaberara arte dute epea eskaera egiteko.

Ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta informatika bidezkoak. Euskara ikasi edo alfabetatzeko lau modu dira. Joan den urteko garilaren 1etik asteartera arte halakoren bat egin duten sakandarrek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren dirulaguntza jasotzeko aukera dute. Hori bai, matrikula-gastua da lagunduko dena, ez kilometrajea. 

Euskara Zerbitzuak 25.000 euro bideratu ditu dirulaguntzak emateko. Onuradunek, gehienez ere, 500 euro jasotzeko aukera izanen dute. Laguntza eskabidea egiteko aurkeztu beharreko agiriak dira: 
eskabide ofiziala beteta, eskatzailearen nortasun agiriaren kopia, erroldatze ziurtagiria, euskaltegiak eginiko asistentziaren edo aprobetxamenduaren ziurtagiria, matrikularen ordainagiria eta beste administrazio edo erakunde pribatu bati helburu berarekin dirulaguntza eskatu bada, horren aitorpena.