Iker Manterola Matxain

"Plan estrategikoa berritzeko prozesua 2021ean egin nahi genuke"

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko uzt. 6a, 10:40
Sakanako Sozioekonomia Behatokia Dinabiden bildu zen. Argazkiak: SGA.

Pandemiak baldintzatzen ez badu, Sakanako Garapen Agentziak datorren urtean plan estrategikoa berritzeko prozesua hasi nahi du. Aurre lanketa gisa eragileen eta sakandarren ekarpenak jasotzen ari da. Iker Manterola Matxain SGA-ko arduraduna da

Sakanako Sozioekonomia Behatokia Irurtzungo Dinabide eraikinean elkartu zen asteazkenean. 2008ko krisiaren ondoren ibarrean adostutako Sakanako Plan Estrategikoaren jarraipen eta hausnarketa foroa da Sakanako Sozioekonomia Behatokia. Udal eta eragile publikoekin batera elkarteen, sindikatuen, enpresarien eta bestelako sozioekonomia eragileen ordezkariek parte hartzen dute. Aurre lanketa gisa Sakana Aurrera Begira dinamikaren bidez, eragileen eta sakandarren ekarpenak jasotzen ari da www.sakanagaratzen.com webgunean. Joan den urtean eta aurten egindakoa errepasatzearekin batera, aurrera begira jarri ziren. Iker Manterola Matxain Sakanako Garapen Agentziako arduraduna da. 

COVID-19ak markatutako testuinguruan egin zenuten bilera. Zein analisi egin zenuten? 
Zuk esan duzun bezala testuinguru oso-oso berezia da. Horren adierazgarria da bileraren planteamendua nolakoa izan zen. Duela bi urte indarrean den Sakanako Plan Estrategikoari (SPE) egokitzapen batzuk egin genizkion. Hasiera batean, behintzat, heldu ziren urteetarako egokitzat jotzen zen. Orain gertatu denarekin egoera hori birplanteatzea dagokigu. Bileraren helburuak izan dira: alde batetik, aurreko urtean egindako lanen balorazioa egitea; bestetik, aurten eginen diren ekintzen kontrastea eta onarpena eta, azkenik, heldu zaigunari aurre egiteko asmoz, aurrera begirako hausnarketa ariketa egin zen: zer inpaktu aurreikusten diren, etorkizunean zein oinarriren gainean lan egin beharko genukeen etorriko den SPEn…; www.sakanagaratzen.com web orrian egiten ari garena elikatuko duena. 

Nondik gatoz? 
2008ko krisiaren ondoren hainbat arlotan behintzat errekuperazioa ikusi da. Baina oraingo krisi honekin ikusten da litekeena dela aurrera begira berriro ere 2008an izan zenaren antzeko ekonomia krisia etortzea. Bestalde, hainbat gizarte-krisi ere aurreikusten dira. Zaintzarena nabarmen agertu den  elementuetako bat da. Sakanako Garapen Agentziaren (SGA) lanei lotutako lanketa izan da, eta oraingoan hausnarketa zabaldu nahi izan dugu. 

Aurten, orain arte egindakoaz, zer esan dezakezu? 
SGAn bi arlo nagusitan aritu gara, beste eragile gehienak bezala. Urte hasieran aurreko urtetik zetozen proiektuekin lanean jarraitu genuen, hurrengo pausoak prestatzen. COVID-19 etorri zenean gure lanketa nagusia bi arlotan izan zen. Alde batetik, oraingo egoerara egokitzea eta zaintzaren inguruan sortu ziren beharretan eragitea. Osasun beharrei erantzuteko makerrak koordinatzen lanketa egin zen. Maker talde bat koordinatuz 1.600 aurpegi-babesgarri sortu genituen, Sakanan eta Leitzaldean banatzeko. Bestetik, osasun arloari lotutako beste proiektu batzuk lantzen aritu izan gara itxialdiaren hasieran. 

Komunikazioa lantzea beste elementu garrantzitsu bat izan da. Komunikazioa inoiz baino beharrezkoagoa dela ikusi dugu. Baina, era berean, teknologia berriak izanda ere, inoiz baino zailtasun gehiago izan dira elkar komunikatzeko. Batez ere enpresa txiki eta autonomoei bideratutako lanketa egin dugu, egon den informazio uholde hori nolabait bideratzeko. Interesgarria izan zitekeen informazioa helarazi diegu, eta horren bilduma egin dugu, gure webgunean eta posta elektronikoz bidaltzeko. Eta banan bana hots egiten egon gara, egoeraren jakitun izateko eta laguntzen eta babes neurrien informazioa helarazteko.   

Bestalde, egoera honek gure ekoizpen-ehunari, gure enpresa eta autonomoei nola eragin dien jakiteko informazioa jaso dugu. Zer nolako inpaktua izan den, batez ere, aztertzeko eta jakiteko aurrera begira horien neurrirako zein politika landu litezkeen. Nafarroako Gobernuarekin informazio hori partekatzeko lana egin dugu, Sakanan zein egoera bizi den jakin dezan. 

Orain lan dinamika berreskuratu eta lehengo proiektuak berriro martxan jarri eta, batez ere,  ziurgabetasun egoerara egokitu. Gauzak lantzen hasiko gara, baina ez dakigu urte akaberan zein egoera izanen den. Beti ere moldagarritasunarekin. 

Zein egoeratan dago gure ekoizpen-ehuna? 
Mundu guztia zain dago. Orain arte eskariak zituzten batzuk eskariak ateratzen ari dira, baina epe ertainera ez-jakitea erabatekoa da. Sakanako enpresak mundu mailako balio kateetan daude kokatuta. Azkenean, zure enpresako hornitzailea izan edo zure eroslea izan, mundu mailako mugimenduak mugatu diren heinean, lanean dabiltza, baina ziurgabetasun handia dago. Sakana ez da oasia, eta hori nahikoa orokortua da beste toki guztietan ere. 

Zein dira landuko dituzuen lan ildoak? 
Orain arte izan direnak: industria, energia, turismoa, elikadura eta komertzioa. Horiek mantentzen ditugu. Baina aurretik egindako birmoldatze horretan egindako diagnostikoan identifikatutako klabeak edo oinarriak egoera honekin nola indartu diren ikusi dugu. 

Bere garaian digitalizazio-eraldaketaren beharra aipatzen genuen. Gaur egun denok bizi izan dugu horrek gure egunerokoan zein eragin izan duen. Enpresetara zetorren gauza bat zen, bertan zegoen, baina honek horren ezarpena azkartu du. Sakanako enpresek moldaketa azkarragoa egin beharko dute. Aurretik abiatutako lanetan sakontzeko beharra nabarmen gelditu da. Bestetik, enpresen arteko elkarlana indartzen jarraitzea. Egoerara moldatuz, baina oinarriak oso antzeko mantentzen dira. 

Etorkizunera begirako hausnarketen artean hainbat gai atera dira, esaterako, etxebizitzen inguruan lanketa berezia egin beharra; bai bertakoendako, bai kanpokoendako, kanpotik jendea erakarri nahi badugu, batez ere trebakuntza handiko jendea erakartzeko. Bestalde, mugikortasuna. 

Plan estrategikoaren izenean 2014-2020 datak agertzen dira. Zein asmo planarekin? 
Gure asmoa zen egin genion egokitzapenarekin beste bi bat urterako bizia ematea. Baina oraingo egoerarekin iruditzen zaigu berriro ere prozesu oso bat egin beharra dagoela. Oraingoz behintzat gure aurreikuspena da heldu den urtean SPE berritzeko prozesua abian jartzea. Baldintza guztiekin. Behar diren aspektuak berregokitu. Eta Nafarroako Gobernuarekin zer nolako harremanak izan daitezkeen. Bere garaian Sakanak Nafarroako beste eskualdeak baino lehen eta Nafarroako Gobernuak herrialdeko estrategia adimentsua garatu aurretik ezarri genuen SPE. Beraz, bestelako estrategiekin bateratu eta, batez ere, egoera honetara moldatuta.

Bakoitza beretik, ahaleginak lerrokatzea izanen da, ezta? 
Hori da. 2008an egin genuen bezala. Esan genuen: hau da denon artean adostutako bide-orri bat eta bakoitzak bere eskumen, ahalmen eta gaitasunen arabera denok bide-orri horri erantzun behar diogu. Aurrera begira ere planteamendua berbera izanen da. SPE ez da SGArena, eskualde guztiarena da eta bertan parte hartzen dugun eragile guztiona. Denok batera arraun egiteko tresna bat izan nahiko luke. 

Bitartean zuen webgunean Sakana Aurrera Begira hausnarketarako tartea zabaldu duzue. 
Bizi dugun krisi honen aparra jaisten utzi nahi dugu eta SPE garatu nahi genuke lasaitasun gehiagorekin. Baina, bidean, iruditzen zaigu momentua dela hainbat hausnarketa partekatzeko eta plazaratzeko. Dinamika horren helburua da etorkizuneko SPE horretan landu beharreko gaiak, atera nahi diren hausnarketak, eztabaida egituratu baten moduan lantzea. Horretarako behatokian parte hartzen duten eragile guztiak gonbidatu ditugu idatziz beraien hausnarketak partekatzera, eta www.sakanagaratzen.com webgunean jartzen ari gara. Bestelako dinamika batzuen bidez ere landu nahi genituzke horiek eta, batez ere, gizarteratu. Helburua da heldu den urtean SPEren hazia erein aurretik belar txarrak kendu eta lurra girotzen jartzea. 

Kezka duen edozein sakandarrek egin dezake ekarpena? 
Bai, denei irekia dago eta ekarpen guztiak ongi etorriak izanen dira.