Bizitzan gertakari handiek duten zama nabarmentzen ditu Lorerik Gorriena albumak, Sandra Garayoa Cotera eta Itziar Otegi Aranburu egileen lanak. 2020ko Etxepare saria irabazi du. Egileek 5.000 euroko saria jaso dute, egile eskubideen aurrerapen moduan. Pamiela argitaletxeak udazkenean albuma argitaratuko du. Guztira 35 lan aurkeztu dira, antolatzaileen esanetan, inoizko ediziorik emankorrena. Nafarroako 22 toki entitatek antolatzen dute Etxepare saria, tartean Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak.
Lorerik Gorriena albumaren protagonista eta ardatza Txano Gorritxuren alaba da eta berak erabaki beharko du historia errepikatu edo berritu nahi duen. Etxepare sariketaren epaimahaiak azaldu duenez, ipuin tradizionalen onena jasotzen du, eta gaur eguneraino dakartza: "Chestertonen esanetan, herensugea edo basapiztia gutako bakoitzarengan dago, eta literaturak haren kontra borrokatzeko zalduna eskaintzen digu. Hau izan daiteke bitartekari batek umeari ipuina kontatzerakoan erakusten ahal dion gauzarik garrantzitsuena". Bestetik, testua "sotil eta argi" idatzita dagoela nabarmendu du epaimahaiak. Irudiak "indar handikoak" eta gama kromatiko "oso neurtu" batekin sortu dituela gaineratu du. Epaimahaia Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute.
Egileak
Sandra Garayoa Cotera eta Itziar Otegi Aranburu dira ipuinaren sortzaileak. Garayoa ilustratzailea da eta Otegi idazlea, eta Iruñeko Udalak Galtzagorri elkartearekin batera antolatzen duten Biko-teka tailerretan parte hartu zuten.
Bartzelonako Escola Massanan Diseinu grafikoan eta ilustrazioan graduatua da Garayoa. Hainbat eremutan lan egin ondoren, azkenaldian narrazioaren alorrera bideratu da eta hainbat album ilustraturen proiektuetan murgilduta dabil. Otegi itzultzaile interpretea da lanbidez eta hainbat literatura lan itzuli ditu bai helduendako bai haurrendako. Lorerik Gorriena haurrendako idazten duen lehen ipuina da. Sariak Nafarroako 22 toki entitateen euskara zerbitzuek antolatzen dute Etxepare sariak, Pamiela argitaletxearen eta Galtzagorri elkartearen laguntzarekin. Nafarroako literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik sortu zuten sariketa, eta gaur egun, literatur lehiaketen alorrean erreferentziazkoa da Etxepare. 2004. urtean sortu zuten eta lehenengo bi ediziotan haur, gazte eta helduendako literatura saritu zuten. 2006. urtetik haurrendako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Ekimen berritzailea da, izan ere, euskarazko album sorrera bultzatzen duten bekak edo lehiaketak urriak dira.
2009. urtetik Etxepare saria bilakatu zen; beraz, egileek bukatutako albumak aurkeztu behar dituzte. Beste alde batetik, albumak dituen ezaugarriengatik bere produkzioa garestia da eta egileek argitaratzeko zailtasunak izan ohi dituzte, eta Etxepare sarien helburuak betetzeko, lanak argitaratzen laguntzen dute eta saritutako lana Pamiela argitaletxe nafarrak argitaratzen du.