Pilota

Martijak bi puntu, Ezkurdiak lehena eta Zabaleta punturik gabe

Guaixe 2020ko uzt. 6a, 12:10

Masters CaixaBank Torneoko 2. jardunaldiko partidak jokatu dira asteburuan: Peña II.a- Martijak eta Ezkurdia-Arangurenek irabazi egin zuten eta Olaizola-Zabaletak galdu

Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko 2. jardunaldiko partidak jokatu dira. Atzo, Labriten, 380 pilota zaleren aurrean aritu ziren Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaleta, Artolaren eta Rezustaren kontra. Irunen Peña II.aren eta Martijaren kontra 20 eta 22 galtzetik zetozen Olaizola eta Zabaleta, eta torneoko lehen puntua lortzeko gogoz zeuden, baina ezinezkoa izan zen. 

Hasieran 0 eta 2 aurreratu ziren Artola eta Rezusta, baina Aimar bere jokoa egiten hasi zen eta 4 eta 2 aurreratzea lortu zuten berak eta Zabaletak. Artolak eta Rezustak arerioen bolada ona eten nahi izan zuten eta zazpi tanto jarraian egin zituzten, 4 eta 9 aurreratuz. Aimarrek txokora egindako dejadarekin, ordea, partidaren martxa zeharo aldatu zen. 8 eta 10 gerturatu ziren goizuetarra eta etxarrendarra, eta partida ederki estutu zen. Markagailua 10 eta 12 zegoen gipuzkoarren alde atsedenaldiaren ondoren Artolak eta Rezustak erritmoa bizkortu zutenean. 11 eta 16 aurreratu ziren, partida bideratzeko nahikoa. Artolak, konfiantza alde, denetariko erremateak egin zituen, eta atzean Rezustak ez zuen ezer oparitu. Zabaleta ongi aritu zen; tartean ezkerrarekin pilota bat erreboteraino bidali zuen; 13 eta 21 galtzen zihoazen, baina ez zuten partida galdutzat eman eta Aimarrek egindako gantxo bikain baten ondoren, erremontadan amesten hasi ziren pilota zale asko, baina, azkenean, 16 eta 22 galduta, oraindik punturik gabe jarraitzen dute Olaizolak eta Zabaletak. “Partida oso bat egitea kosta egiten ari zaigu; tanto batzuetan despistatu egiten gara” azaldu zuen Etxarrengo atzelariak partida bukaeran. 

Martija bikain
Julen Martija sasoi ederrean eta joko bikainarekin dagoela argi geratu da Masters CaixaBank torneoko lehen bi jardunaldietan. Aipatu moduan, uztailaren 1ean Irunen jokatutako partidan Martijak eta min hartuta dagoen Oinatz Bengoetxearen tokia hartu zuen Ander Peñak 20 eta 22 irabazi zieten Aimar Olaizolari eta Jose Javier Zabaletari, partida oso estuan. Ikusgarri aritu zen Etxeberriko atzelaria; Zabaletari aurre egin zion eta Peñari beharrezko konfiantza eman zion torneoko lehen puntua lortzeko. Larunbatean, Zaldibarren, Peñak eta Martijak Urrutikoetxea eta Irribarria izan zituzten aurkari eta jokoan zegoen puntua Peñak eta Martijak lortu zuten, 22 eta 13 nabarmen gailendu eta gero. Bigarren puntua poltsikoan, torneorako oso kontuan hartzeko bikotea direla erakusten ari dira. 

Ezkurdiaren lehena
Bestalde, Joseba Ezkurdiak eta Arangurenek torneoko lehen puntua lortu zuten larunbat gauean, Aginagan, Jakari eta Albisuri partida oso estuan 22 eta 20 irabazi eta gero. Enpresek oraindik ez dute zehaztu Eibarren hezetasunarengatik bertan behera geratutako partida, Ezkurdia-Aranguren eta Altuna-Imazen artekoa, oraindik noiz eta non jokatuko den. Bukatzeko, larunbatean Labriten jokatutako partidan Altuna III.ak eta Imazek 22 eta 13 hartu zituzten mendean Elezkano II.a eta Aretxabaleta. 

Hirugarren jardunaldiak ekarriko duena
Datorren asteburuan Masters CaixaBank Torneoko 3. jardunaldia jokatuko da. Ezkurdiak eta Arangurenek Elezkano II.aren eta Aretxabaletaren kontra jokatuko dute Larrabetzun (ostiralean, 19:30ean, Larrabetzun); Olaizola II.ak eta Zabaletak Urrutikoetxea eta Irribarria izanen dituzte aurkari larunbatean Los Arcosen (22:15); Jaka eta Albisu Altuna II.aren eta Imazen kontra ariko dira igandean Ceniceron (17:00, ETB1) eta Bengoetxea VI.a eta Martija Artolaren eta Rezustaren kontra lehiatuko dira oraindik zehaztu ez den tokian.