Portuko okindegia

"Eskerrak eman nahi ditugu, konfidantzagatik eta errespetuz jokatzeagatik"

Guaixe 2020ko uzt. 7a, 10:37

2019. urtean Portuko okindegiaren 30. urteurrena ospatu zuen Mujika-Leinena familiak. Urdiaindik Altsasura eman zuten saltoa, eta handik Etxarri Aranatzera.

Seme-alabek jarraitu dute okidegiaren ofizioarekin.

Nola egin diozue aurre krisi honi zuen arloan?
Ogia elikagaia denez, “oinarrizko jarduera” gara; beraz, krisi honetan irekita egon gara. Krisi honi aurre egiteko, hainbat segurtasun neurri hartu genituen, eta oraindik ere hartzen ditugu. Langileen artean, ahal dugun heinean, distantziak mantentzen ditugu; eta, hori bermatu ezin denean, maskara erabiltzen dugu. Desinfekzioa ere oso funtsezkoa izaten ari da: langileen arroparena, erabiltzen diren tresnena, zoruena, gainazalena... Bezeroekiko harremana ere aldatu da: denda barruan hainbat tresna erabiltzen ditugu langileekiko segurtasun distantzia bermatzeko. Bezeroek beraien artean distantzia mantendu dezaten ere neurriak hartu ditugu: kartelak, lurrean markak… Bai bezeroek, bai langileek une oro gel hidroalkoholikoak izan dituzte eskura. Denden ordutegia murriztu genuen, zerbitzua bakarrik goizez eskainiz. Horrela, orduak murrizturik, langileak txandaka ibili gara.

Zein mezu bidali nahi diezue zuen bezeroei?
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi genizkieke, momentu hauetan guregan konfiantza izan dutelako eta errespetuz jokatu dutelako. Bestalde, lasaitasun mezua ere bidaliko genieke. Lan egiteko modua aldatu da: orain zerbitzua geldiago ematen da, batez ere garbiketarekiko hartu behar diren neurriengatik. Denda barruko edukiera ere asko murriztu denez, aurreko bezeroa atera arte itxaron behar da, eta horrek zerbitzua geldiarazten du. Baina uste dugu, geldi geldi, gauza normaltasunera bueltatzen ari dela eta denok lasaitasun handiagoarekin hartzen dugula. 

Hemendik nola aterako gara?
Ematen dizkiguten irizpideak jarraituz, gure artean errespetuz jokatuz eta bakoitzak ahal duen heinean neurriak hartuz aterako gara.

Krisitik aukerak ere sortu dira sarritan. Zuen kasuan ere bai?
Arlo askotan sortu dira aukerak, batez ere Internet bidezko salmentaren inguruan. Gure kasuan ez da horrela izan. Lehen bezala lan egiten jarraitzen dugu, eta gure salmentak denda fisikoetan egiten ditugu.