Amaya okindegia

"Honek indartu gaitu"

Guaixe 2020ko uzt. 7a, 10:42

Amaya okindegia 1964. urtean zabaldu zuten, eta garai berrietara egokituz joan dira. Amaya Nafarroako hirugarren industria okindegia izan zen.

Azken urteetan bestelako kontzeptu batzuk landu dituzte, garai bateko jakintzak eta gaur egungo teknologia uztartuz.

Nola egin diozue aurre krisi honi zuen arloan?
COVID-19 krisiak ogitegi eta okindegietan beste sektoreetan baino gutxiago eragin du; ez dugu itxi eta lan egin dugu. Hori bai, beherakada sumatu da hainbat faktorerengatik, baina gehien eragin digun faktorea ostalaritza izan da. Guk taberna askorekin egiten dugu lan, eta, beraiek gabe, gu ahulak gara. Dendak ditugu eta etxeko zerbitzua ematen dugu, baina ostalaritza gabe gure negozioaren fakturazioa asko jaisten da. Horretaz gain, gure dendek ez dute kaferik saldu, eta horrek fakturazioaren % 60 jaitsi du. Panorama honen aurrean, enpresa bezala, errazena ERTE bat egitea zen, baina ez dugu horrelakorik egin. Gure negozioaren biabilitateari buelta bat eman genion, eta etxeko zerbitzua indartu eta telefonoz denda gehiago bilatu genituen gure fakturazioa eta bideragarritasuna mantentzeko. Enpresan daukagun lantaldeari esker, eta haren esfortzuari esker, egoera aurrera eraman genuen, eta egoerari buelta eman genion. Honek indartu gaitu, eta enpresak aurrerapauso handia eman du datozen hilabeteei aurre egiteko.

Zein mezu bidali nahi diezu zuen bezeroei?
Eskerrak, nola ez; eskerrak. Garai hauetan errazena, askotan, dirua aurreztea da eta ogi merkea erostea, baina tendentzia hori aldatu da. Krisi hau mundiala da, eta jendearen erantzuna gertukoei laguntzea izan da; hau da, ogia okindegietan, haragia harategian eta arraina arrandegian. Denon laguntzari esker denok aterako gara aurrera. Hasieran hipermerkatuetan kriston ilarak zeuden, eta gure sektorean oinarritzen baldin bagara, martxoko salmentak oso txarrak izan ziren, eta, aldiz, hipermerkatuetan oso onak. Apirilean eta maiatzean tendentzia aldatzen hasi zen, eta bezeroak okindegietara hurbildu ziren, eguneko ogia eta kalitatea bilatzera. Azken batean, ezin da konparatu hipermerkatuan saltzen den ogia eta guk saltzen duguna, eta bezeroek hori kontuan hartzen dute. Haiei esker, dendak ez dira itxi. Beraz, eskerrak eta jarrai dezatela horrela.

Hemendik nola aterako gara?
Lehen esan dudan moduan, guztiok lagundu behar dugu elkar: herrian kontsumitu. Bertakoaz ari naiz hori esatean, noski. Munduari buruz, oso zaila da formula bat izatea, batez ere osasuna jokoan dagoenean. Ezin dugu esan ekonomikoki zer gerta daitekeen, osasuna jokoan ez baldin badago. Ezin dira planak egin agerraldi handi bat etortzen baldin bada. Hori bai, osasuna salbu dagoen momentuan, gizarteak pentsatu behar du zer nahi duen: berriz ere kontsumo masibo bat aberatsen dendetan, edota kontsumo lokala, eta pixkana denok ateratzea.

Krisitik aukerak ere sortu dira sarritan. Zuen kasuan ere bai?
Zoritxarrez eta zorionez krisi guztietan aukerak daude, guk hainbat gauza egin ditugu gure negozioa aurrera ateratzeko, eta itxura ona hartzen doa. Fabrika berriarekin helburu bat jarri genuen, kanpoan erosten genuen generoa geure kabuz egitea. Gaur egun, kanpoan erosten genuen % 80 guk egiten dugu. Horrek gure gastuetan murrizketa handia ekarri du, eta, ondorioz, langile gehiago gehitu ditugu proiektura. Beraz, gure kasuan, familia bezala handitu gara eta gainera gure bezeroei produktu hobea eskaintzea lortu dugu: artisau produktua, zapore handiagoarekin eta iraupen handiagoarekin. Harro gaude familia bezala nola hobetu dugun hilabete hauetan. COVID-19ak gauza asko erakutsi dizkigu, txarrak eta onak. Gauza onekin geratuko gara: enpresaren dinamika hobetu da, produktu hobea dugu eta familia bezala handitu gara.