Mank-ek Sakanako Triatloi Campusa prest du

Guaixe 2020ko uzt. 7a, 12:15

Uztailaren 20etik 31ra bitartean izanen da, Altsasun, 8 urtetik 16 urte bitarteko gaztetxoendako. Uztailaren 15era arte eman daiteke izena, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan. 

COVID-19ak baldintzatutako urte berezi honetan, gutxi izan dira mantendu diren kirol ekitaldiak, baina Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak esfortzu berezia egin du astelehenean hasi zen Sakanako Futbol Campusari eta uztailaren 20an abiatuko den Sakanako Triatloi Campusari eusteko.  

Horrela, Kirol Zerbitzuak Sakanako Triatloi Campusa antolatzeko xehetasun guztiak lotu ditu eta Altsasun guztia prest dago uztailaren 20tik 31ra egingo den campusa hartzeko. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren, Sakana Triatloi Taldearen eta Atabo Altsasu S.L.-ren laguntza izan du Kirol Zerbitzuak. Uztaileko azken bi asteetan, astelehenetik ostiralera eta goizeko 10:00etatik 12:00etara, txirrindularitza, igeriketa eta atletismoa batzen dituen kirolean trebatuko dira izena ematen duten 8 urtetik 16 urtera bitarteko neska-mutikoak. Jakina, eskatutako segurtasun neurri guztiak beteko dira, eta horregatik aurten campusa 20 pertsonara mugatu da. Igeriketa segmentua Zelandi kiroldegiko igerileku estalian landuko dute, eta txirrindularitza eta atletismo atalak, aldiz, Altsasu eta Urdiaingo dermioetako errepide eta bideetan. 

Bestalde, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanako Haur Triatloia antolatuko du uztailaren 25ean Urdiaingo igerilekuetan, eta bertan parte hartzeko aukera izango dute Sakanako Triatloi Campusean parte hartzen duten gaztetxoek. 

Izena ematea zabalik dago uztailaren 15era bitartean edo dauden 20 lekuak bete arte, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa: 40 euro.