Txirrindularitza

Burunda Txirrindularitza Taldearen aurkezpena etzi

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 9a, 11:15
Burunda Txirrindularitza Taldeko txirrindularien ginkana entrenamendu bat. Argazkia: Burunda.

Larunbatean, 11:30ean, Iortia Kultur Gunean hasiko da ekitaldia eta aurretik argazkiak aterako dituzte

Normalean otsailean, martxoan eta beranduenez apirilean izaten dira txirrindularitza taldeen aurkezpenak. Lakuntzako Aralar Txirrindularitza Taldeak otsailaren 8an egin zuen aurkezpena Aralarren, eta Burunda Txirrindularitz Taldeko aurkezpena, aldiz, bertan behera utzi zuen COVID-19 pandemiak.

Berandu, baina aurkezpena egitea erabaki du talde burundarrak. Larunbatean izanen da, Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Goizeko 11:00etan talde argazkiak aterako dituzte kultur gunearen aurreko zabalgunean eta, aurkezpen ekitaldia, 11:30ean hasiko da. Aurtengo txirrindulariak, antolatuko dituzten lasterketak eta aurtengo asmoak azalduko dituzte, txirrindulariak aurkeztearekin batera.