Futbola

Futbolean, distantziara

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 10a, 11:55
Sakanako Futbol Campuseko lehen txandako partaideak, Maalen Beraza eta Aitor Lara monitoreekin.

Aste honetan Sakanako Futbol Campusaren lehendabiziko txanda egin da Dantzalekun. 11 gaztetxo trebatu dira, Maalen Beraza eta Aitor Lara monitoreekin, beharrezko distantzia eta segurtasuna bermatuz

Astelehenean hasi zen Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Altsasuko Udalaren laguntzarekin antolatutako Sakanako Futbol Campusaren lehen txanda, Altsasuko Dantzaleku futbol zelaian. Gaur, ostiralera bitartean trebatzen ari dira futbolera izena eman duten 11 gaztetxoak Maalen Beraza Etxarri eta Aitor Lara Zia monitore sakandarrekin. COVID-19 birusak baldintzatutako urte honetan Kirol Zerbitzuak futbol eta triatloi campusak antolatzeko apustua egin du, beti ere segurtasun neurriak bermatuz, haurrendako jarduerak antolatzea behar beharrezkoa dela jakitun delako. “Gaztetxoak etxeratuta egon dira eta eurendako ekimenak antolatzea beharrezkoa da, nahiz eta egoera kontuan izanda, arduratsu jokatu behar izan” azaldu du Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. 

Aurtengo guztia bezala, berezia izaten ari da Sakanako Futbol Campusa. Izan ere, gaur egun ezin da futbolean normaltasunez aritu. Futbola kontaktu kirola da, eta futbolera normal jokatuz gero, kontakturik gabeko segurtasun distantzia ezingo litzateke bete. Beraz, aurtengo futbol campusa ez da ohiko campusa. “Futbol egokitua, futbol berezia… nahi dugun moduan deitu ahal diogu. Finean, ariketa indibidualak eta ariketa kooperatiboak landuko dira; hau da, lagunarekin jolastu, baina beti distantzia mantenduta, aurkaririk gabe. Ez da futbolera jokatuko, argi eta garbi esan behar da” nabarmendu du Amaia Gerrikagoitiak. 

Beraz, paseak, zig-zag ariketak eta halakoak bai, baina kontrakoari baloia kentzera aritzera ez. Formazio eta trebakuntza indibidualagoak dira aurtengoak. Eta distantzia horiek bermatzen nahikoa lan dute monitoreek. “Distantziak mantentzeko ariketak egiten saiatzen gara. Ohiko futbol campus bat ez izatea, futbol partidarik gabe, kosta egiten da, baina behintzat zerbaitetan ari gara” dio Aitor Lara monitoreak. Maalen Beraza ere iritzi berekoa da. Bost postutan kokatu ditu partaideak, euren artean paseak eginez, eta erdian dagoenak pase horiek oztopatu behar ditu. 

Aste honetan 2008an, 2009an eta 2010ean jaiotako 11 mutilek hartu dute parte Sakanako Futbol Campusean. Segurtasun neurriengatik, partaideak bi taldetan banatu dituzte eta talde bakoitzak monitore batekin egiten du lan. Harmailetara begiratuta, haurren motxilak ez daude pilatuta; bakoitza bere jarlekuan dago, batetik bestera tartea utzita. Eta, jakina, argazkiak ateratzeko orduan ere, distantzian kokatu dira gaztetxoak. Futbol berria. 

Campusa ahalik eta seguruena izateko, aurten ez da Anoeta edo San Mames Berrira joateko irteerarik egingo. Halaber, bukatzean ez da igerilekuetan bainurik hartuko. Guztira bi orduko saioa da, goizeko 10:00etatik 12:00etara. Hurrengo astean 2005ean, 2006an eta 2007an jaiotako 15 gaztetxok hartuko dute parte Sakanako Futbol Campusaren 2. txandan. 

Lehen txandako partaideak
Asier eta Eneko Razkin Andueza, Oinatz Donazar Lizarraga, Xabat Goya Anton, Mikel Audikana Portuondo, Alejandro Lopez Perez de Albeniz, Aimar Iraurgi Marcos, Izei Martinez de Lagran Rodriguez, Mikel Arrizabalaga Gartziandia, Beñat Andueza Etxaiz eta Eneko Ganuza Larrion.