Sexualitateaz irudien bidez hausnartzeko

Guaixe 2020ko uzt. 14a, 14:17
Aurreko edizio batean aurkeztu lan baten irudia.

Gozamenez film laburren lehiaketa antolatu dute, 12 eta 25 urte arteko sakandarrei zuzenduta dagoena. Banaka edo taldeka eman daiteke izena lehiaketan hilaren 23ra arte. 

Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak, gazteria eta sexualitatea programaren baitan, Gozamenez film laburren lehiaketa antolatu du: Nola Gozatu eta Disfrutatzen duzu? Gazteak bideoak sortzen jarri nahi dituen lehiaketa horren helburua da sexualitateari buruz hausnartzea eta haren gainean ditugun hainbat ideia eta ikuspuntu adieraztea. Horrekin batera, antolakuntzak nahi du “bideo-lanek sexualitatearen ikuspuntu positiboa, plurala, integratzailea eta irekia izatea, erredukzionismoetatik urrunduta”. Azkenik, “aniztasunean eta gozamenean zentratzea” proposatu du, “bost zentzumenen, fantasien, ilusioen eta abarren bitartez... pertsonen garapen globala bilatzeko”. Lana egiteko inspirazioa behar duenak www.gozamenez.com web orrian opa dezake. 

Gozamenez film laburren lehiaketan 12 eta 25 urte bitarteko sakandarrek parte hartu dezakete. Horretarako hilaren 23a baino lehen izena eman beharko dute, banaka edo taldeka, intxostiapunta@altsasu.net e-postan edo 948 564 785 eta 608 617 778 telefonoetara hots eginez (18:00etatik 20:00etara). Lanak plika sistema erabiliz aurkeztu behar dira.

Fikzioa, dokumentala eta animazioa izan daitezke aurkezten diren lanak eta haiek egiteko edozein teknika baliatu daiteke. Edozein gailu digital baliatu daiteke grabazioa egiteko. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke, baina ezin izanen dute 10 minutu baino gehiago iraun. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez ere, bi lan aurkez ditzake. Altsasuko lehiaketara aurkezten diren lanak Nafarroako Gozamenez lehiaketara aurkezten diren berberak izan daitezke. Obra guztiak VCL programarekin ikus daitezkeen formatuetan aurkeztu beharko dira. 

Lehiaketa epaimahaia Gozamenez programako hiru kidek osatuko dute. Hiru sari banatuko dituzte: banakako lan onenarendako (70 euro), talde lan onenarendako (250 euro) eta publikoarena (100 euro). Azken hori 12 eta 30 urte arteko gazte altsasuarrek bozketa bidez aukeratuko dute. 

Lehiaketaren egutegia 
Garilaren 23ra arte  Izen ematea. 
Irailaren 3ra arte  Film laburren aurkezpen epea 20:00etan itxiko da. 
Irailaren 10etik 23ra  Gazteen bozketa bidez onartutako film laburren erakusketa. 
Lastailaren 2an Sari ematea.