Hemen da udako Gozamenez

Guaixe 2020ko uzt. 13a, 12:14
Ur festa goxoa.

Gazteei artean sexualitatearen ikuspegi adeitsua eman nahi dien programak 'Gozabizi' ikuskizuna eskainiko du bederatzi herritan. Etzi izanen da aurreneko emanaldia, 21:30ean, Etxarri Aranatzen.

Aurten igerilekuetan ez da gazteendako Ur Festa goxorik izanen. Baina Sakanako Gozamenez Batzordeak programaren udako eskaintzari heldu dio eta zerbait “berezia” eskainiko die udan gazteei: Gozabizi. Jolasak, antzerkia eta zirkua Pantxikarekin ikuskizuna. Pantxika Lamour protagonista duen emanaldia ibarreko bederatzi herrietan izanen da ikusgai. Batzordetik gaztigatu dutenez, “12 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutako ikuskizuna da, hala ere, interesa duen edozein ongi etorria izanen da”.  

Batzordekideen hitzetan, “Gozamenez programak gazteen sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik lantzea du helburu. Sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi ditu gazteen artean nahiz gazteen eta haien bitartekarien artean (familia, ikastetxea, hedabideak... ). Gazteen bizitzan sexualitateak duen tokia agerian utzi nahi du, gune publiko eta ohikoetan”. Hori lortzeko esperientzia ludikoez baliatzen dira. “Horien bidez ohartarazi nahi diegu gure gorputzak eta zentzumenak plazer iturri eta komunikazio bide direla”. 

Egutegia 
Herria   Eguna    Ordua 
Etxarri Aranatz  Garilak 15, asteazkena 21:30
Altsasu   Garilak 21, asteartea   22:00
Uharte Arakil    Garilak 22, asteazkena 21:00
Lakuntza   Garilak 23, osteguna   21:00
Arbizu    Garilak 24, ostirala  20:00
Unanu   Garilak 25, larunbata  20:30
Bakaiku   Garilak 31, ostirala 20:00
Irurtzun  Agorrilak 4, asteartea 21:00
Iturmendi   Agorrilak 7, ostirala 20:00