Uda, oporrak, bidaiak eta atseden egunak antolatzeko moduak erabat aldatu dizkigu COVID-19 gaixotasunak eragindako osasun larrialdiak. Atzerrira joateko baino gehiago bertan gelditzeko aukera da askoren hautua. Hori jakinik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) 61 herrik (tartean Arbizu eta Etxarri Aranatz) Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Garapen Agentziak bat egin dute Bertatik Bertara kanpainarekin. Haren bidez bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenaren eskutik zenbat gozatu daitekeen erakutsi nahi diete herritarrei eta bisitariei.
Ekimena udan abiarazi dute, turismo eskaintzan bertako altxorrak nabarmenduz, euskararen erabileratik hasita. Arbizuko eta Etxarri Aranazko dozena bat establezimenduk bat egin dute ekimenarekin. Arbizun kanpinak, landetxeak, etxebizitza turistikoak eta hiru jatetxe eta tabernak, eta Etxarri Aranatzen kanpinak, apartamentu turistiko batek eta lau jatetxek eta tabernak. Guztiek Bertatik Bertara kanpainaren berri ematen duten kartelak eta mahai-gainekoak jaso dituzte.
Haietan herritarrek eta bisitariek honakoa irakurtzeko aukera izanen dute: “gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere”. Izan ere, kanpainaren bidez udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute, herritarrak eta bisitariak sentsibilizatu. Herrietan barna ere kartelak jarri dituzte.
Gehiago
Osasun larrialdiak eta konfinamenduak ekonomikoki zerbitzu sektorea gogor kolpatu duenez, udalek herriko denden aldeko apustua egiteko eskatu diete herritarrei. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren iritziz, “Bertatik Bertara kanpaina eskaera horren osagarri da. Garrantzitsua da sinistea gure herrien benetako garapena herriko ekonomian eta herriari arnasa ematen dioten sektoreetan dagoela”.
Horregatik, kanpainak hizkuntzari ez ezik, herriei, bere txokoei eta produktuei erreparatu die, “estuki lotuta baitaude herrietako dendak, bertako elikagaiak, lehen sektorearen garrantzia, bertako kultura eta bertako hedabideak ere”. UEMAko lehendakariaren hitzetan, “horiek guztiak dira gure herrien taupadak, eta ezinbestekoa da herritarrek eta zerbitzu sektoreak hori ulertzea, gero bisitariei erakusteko eta koherentziaz aritzeko”.
Udazkenetik aurrera beste pauso bat egin nahi du UEMAk, udalerri euskaldunen garapenaren inguruan azken urteotan abiarazitako ildoaren baitan. Horregatik, UEMAk udalei tokikoa laguntzeko moduak zehaztuko ditu, herrietan bertako produktuak eta elikagaiak, lehen sektorea laguntzeko ekimenak edota ekonomia sozial eraldatzailearen egitasmoak aurrera egin dezaten. Lazkanok esan duenez, “gure herriez eta gure hizkuntzaz gozatzeko gonbidapena egitearekin batera, gure herriei bizirik eusteko bertako elikagaiak eta produktuak ere giltzarria direla nabarmendu nahi dugu, eta guztion hausnarketa eta ohitura aldaketak bultzatu. Zenbait herritan ekimen eredugarriak abiarazi dituzte azken urteotan ildo horretan, eta horiek ezagutaraztea eta udalei bide hori egiten laguntzea ere bada kanpainaren hurrengo faserako aurreikusita daukaguna”.