Lurgida, Euskal Herria beste modu batez ezagutzeko

Guaixe 2020ko uzt. 16a, 09:57

Jabi Asurmendik eta Lamia Arcasek aurkeztu zuten Udalbiltzaren turismo aplikazioa.

Udalbiltzak Lurgida turismo aplikazioa sortu du Android eta iOS gailuendako, www.lurgida.eus webgunean ere kontsultatu daitekeena.

Gailu mugikorretarako aplikazio horren bidez, Udalbiltzak Euskal Herrian barne turismoa sustatu nahi du. Erakundeko lehendakari Jabi Asurmendik esan duenez, “turismo jasangarriagoa eta lurraldearekiko errespetuan oinarriturikoa bultzatu nahi du, eta bide batez, tokiko ekonomiarendako onuragarria izango dena”.

Lurgidak barne eta kanpoko bisitariei Euskal Herria beste modu batera ezagutzeko aukera eman nahi die. Aplikazioan edo webgunean sartzen denak materia gabeko ondarea eta historia zeharkatzen dituzten hainbat ibilbideri buruzko informazioa opatuko ditu. Baita makina bat udalerriri buruzko informazioa ere (interes guneak, historia, ohiturak, jaiak eta abar). 

Horrekin batera, Udalbiltzak furgoneta eta autokarabanei ongi etorria egiten dieten etxaldeak bildu ditu. Europan hain errotuta dagoen praktika horren bidez, bisitariek gaua bertan pasatzeko aukera dute, eta, era berean, baserritarrek haien ekoizpenak ezagutarazteko parada ezin hobea dute. Modu horren bidez, 0 km kontsumoa sustatu nahi da, lehen sektorearekiko sentsibilizazioa eta ezagutza areagotuz. 

Asurmendik jakinarazi duenez, aurrerantzean ibilbide, etxalde, ondare eta informazio gehiago jasoko da, baita agenda ere. Bitartean, Sakanak badu presentzia aplikazioan. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin garatu da, baita Errigora, Euskarazko Wikipedia, EHKO eta IDOKI elkarteen laguntzarekin.