Tragoen atzean dagoenaz hausnartzeko

Guaixe 2020ko uzt. 13a, 12:58

Prebentzio teknikariek zabaldu duten bideoko irudi bat.

Ongi pasatzeko alkohol kontsumorik ez dela behar gaztigatu dute gizarte zerbitzuek. Sare sozialetan jarri duten bideo baten bidez mezu horren berri eman dute, eta hura zabaltzea eskatu dute.

Pandemiak eragindako osasun larrialdiak etxeko konfinamendua ekarri zuen. Leitzako, Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko eskualdeetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatetako prebentzio teknikariak konturatu ziren etxeko itxialdiak iraun zuen bitartean Whatsapp bidez alkoholari buruzko mezu ugari zabaldu zirela eta alkohol kontsumoak gora egin zuela. Alkoholaren kontsumoa gain-dimentsionatu dela ikusirik, aurtengo udako prebentzio kanpaina hari eskaintzea erabaki zuten. 

Teknikariek azaldu dutenez, “konfinamendu bitartean egin ezin genituen gauzen hutsunea sumatu genuen, eta horien artean lagun artean eta familiakoekin egotea zen gehien gogoratzen genuena. Kontaktu horiek mantentzeko eta gertu sentitzeko moduak bilatu genituen birtualki bazen ere”. Harreman horiek, “ez beti, baina batzuetan alkohol kontsumoarekin lotuta egoten dira”.  

Lau prebentzio teknikariek gaztigatu dutenez, “konfinamendu garaian sareetan mugitu ziren mezuetan alkoholari eta kontsumoari eman zitzaion garrantzia guztia. Konturatu gabe, guztiok gara zalantzagarriak diren ideien sustatzaileak. Esaterako, alkohol kontsumorik ez badago ezin duzula ondo pasatu pentsatzea, adiskidetasuna kaña batzuk hartzea dela…” Horregatik, “ideia horien inguruan hausnarketa” bulkatu nahi izan dute, “benetan garrantzitsua denari erreparatzeko asmoz; gehien behar genuena lagunekin eta maite genuen jendearekin egotea zen, eta ez kontsumitzea soilik”.

20 urte 
“Uda garaian, eguraldi onak bultzatuta, oporrak, denbora librea izatean gehiago ateratzen gara kalera, eta horrek gehiago kontsumitzeko aukeran jartzen gaitu”. Horregatik, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen prebentzio zerbitzuek bi hamarkada daramate udan prebentzio kanpainak egiten. Tarte horretan hainbat gai landu dituzte: lehen kontsumoak, nahasketak, alkohola eta gidatzea, festa aurretik erabakiak hartzea… Gaiaren arabera, kanpainaren hartzaileak aldatu dira. 

Mezuak zabaltzeko modua ere desberdina izan da uda batetik bestera. Formatu “praktikoak, erabilgarriak” lehenetsi dituzte teknikariek beraien mezua zabaltzeko: orri markatzailea joan den urtean, zapatilendakoak, agendatxoak, banakako mahai-oihalak edo aurtengo bideoa.