Aintzane Iriberri Berrostegieta

"Berrikuntza ekosistema bat sortu nahi dugu"

Aintzane Iriberri Berrostegieta, Sakanako Garapen Agentziako industria arduraduna.

Eraldaketa digitala ardatz hartuta, Dinabidek berrikuntza-arloan lankidetza-sare bat sortzeko helburua du. Teknologia-proiektuak garatu nahi dituzten enpresa, ekintzaile eta autonomoei zabalik dago coworking espazioa eta 4.0 industria laborategia.

Irurtzungo Udalak Inasa zenaren bulego-eraikina egokitu du Sakanako Garapen Agentziak industria arloko egitasmo bat koka dezan: Dinabide, eraldaketa digitalerako gunea. Hura Irekiera Egun batekin aurkeztu behar zuten martxoaren 18an, baina COVID-19 gaixotasunak ezinezko egin zuen. Orduan jarri nahi zituzten martxan coworking zerbitzuak. Teknologia ezartzeko elkarlan proiektuak garatzen hasi behar ziren, baita prestakuntza programa ere. Alarma egoeran egon garen bitartean zerbitzuak egokitu behar izan ditu SGAk, eta egoera berriarekin berriro ere Dinabide martxan da. 

Manu Aierdik, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Industria Garapenerako kontseilariak, eta Izaskun Goñik, Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusiak, bertatik bertara ezagutu zuten Dinabide joan den ostiralean. Aierdik Irurtzungo Udala, Sakanako Mankomunitatea, Sakanako Garapen Agentzia eta Sakanako Enpresarien Elkartea eragileak zoriondu zituen: “eragile guztiak ados jartzearen adibide oso ona da. Epe ertain eta luzerako proiektu bat jarri dute martxan”.

Aierdik gaineratu zuenez, “industria testuinguru berri honetan digitalizazioa bai ala bai izanen da. Egin behar da. Eta hurbildu behar zaie enpresa txikiei, ez bakarrik handiei”. Kontseilariak esan zuenez, “Inasa zenaren eraikinera horrelako proiektu bat ekartzea niretako oso baliagarria da. Hemen dagoen aktibitatea, dinamika hori ikusita, departamentuan oso gustura gaude. Pozik emandako dirulaguntza zertan bihurtzen den ikustean”. Aintzane Iribarri Berrostegieta Sakanako Garapen Agentziako industria arduraduna da. 

Labur, zer da eraldaketa digitala? 
Entitate batek, enpresa batek, eraman behar duen prozesu bat da. Teknologian oinarritutako tresnak erabiltzen ikasi edota gaitu behar du enpresak, bere aktibitatea, produktua, zerbitzua edo egin beharrekoa modu askoz ere eraginkorragoan egiteko. Prozesua edo bide hori da eraldaketa digitala. 

Interesa dago eraldaketa digitalean. Une zaila da, aspektu guztietan abiatzea kostatzen delako. 
Oraintxe aukera bat da eraldaketa digitalari bultzada ematea. Konfinamenduak bere garrantzia erakutsi du. Horretara animatzen ditugu. 

Dinabiden coworking gunea dago. Zer da hori? 
Lan egiteko espazio bat da 200 metro karratukoa. Baina elkarrekin egon beharreko lan espazio bat da. Hau da, hemen 16 lanpostu ditugu eta edozein enpresa, ekintzaile edo autonomo etorri daiteke hona bere garapenean lan egiteko espazio baten bila. Coworking desberdina da, teknologikoa delako. Horrek zer esan nahi du? Beste aldean laborategi bat eta espazio ireki bat daudela prest, teknologiak erabili edo beraien makinak edo prototipoak garatzeko. SGAk honekin bilatzen duena da enpresak edo entitateak pixka bat laguntzea eraldaketa digitalarekin erlazioa daukaten proiektuak aurrera eramaten. 

Pandemia dela-eta jarduna eten zen, baina alarma egoeratik atera garenean, berriro hasi da martxan. Lanpostuen arteko distantziak mantentzen dira, eta garbiketa protokoloak egokituta daude. Beraz, erabilgarri dago eta edozeinek bere proiektua aurkeztu dezake coworking-ean bere lekua izateko. Horretarako, SGAren www.sakanagaratzen.com web orrian informazioa du. Guri 647 864 239 telefonora hots egin diezagukete edo info@sakanagaratzen.com e-posta idatzi. Bestela, Dinabidek bere web orria du: www.dinabide.com. Informazioaz aparte, haren bidez bisita erreserba daiteke, hona etorri eta gurekin hitz egiteko. 

Probetan ari diren enpresetako langileen ondoan, esaterako, litekeena da proiektua lantzen ari den ingeniaritza ikasle bat egotea?
Hori da. Guk berrikuntza ekosistema bat sortzea nahi dugu. Ohitu behar gara kolaboratzen, espazioa partekatzen, gaitasunak konpartitzen eta beharrak asetzen. Eta bata bestearekin. Hemen hori bilatzen da: espazio komun bat proiektu horiek garatzeko, daukaten beharrei erantzunez, baina baita beraien artean proiektuak eraikiz ere. 

16 postuez aparte, gelak ere baditu lankidetza guneak. 
20 pertsonendako prestakuntza gela bat dago. Irailetik aurrera bertan prestakuntza ikastaroak ematen hasiko gara. Nafarroako Industria Fundazioa izanen da emanen dituenak. Prestakuntzan gure laguntzaileak izanen dira. Beste bilera gela bat dago, pantailarekin-eta aurkezpenak egiteko. Nahiz eta espazio komuna izan, edozein coworkerrek prestakuntza egin edo jaso nahi badu, edo bileraren bat izan nahi badu, espazio itxiak ere badaude. 

Bestaldean laborategia, gailu pila batekin hornituta. Lankidetza gunean daudenak ere erabil ditzakete? 
Hori da guretako interesgarriena. Proiektu ideia daukan enpresa, ekintzaile edo autonomoak hura garatzeko aukera du laborategiko tresnak erabili ahal ditu: eranste-fabrikazioko makinak, kolaborazio-robota, errealitate areagotuko betaurrekoak… Esaterako, eskaner bidezko eskaneatzea erabil dezake, gero prototipoak egiteko, edo robotaren aplikazio bat garatzeko, edo betaurrekoekin aplikazioren bat garatzeko. Hori guztia eskura dauka coworkingera etortzen bada. 

Beraz, ordenagailutik atera, pieza sortu, eskuekin ukitu… Baloratzeko eta probatzeko aukera dago…
Guretako garrantzitsuena da ikaste horrek edo garapen prozesu horrek izan behar duela oso erreala, oso fisikoa. Horretan asmatu dugula uste dut. Probatze horrek proiektuei ematen dien kapazitatea eta ematen dien eboluzioa oso onuragarria izan daiteke garapen-proiektuei begira. Bai berrikuntza prozesuetan, bai produktu berriak garatzean. Hori da desberdintasuna. Guretako training hori, probatze hori, benetan garrantzitsua da. 

Dinabiden berrikuntza-ekosistema bat osatu nahi duzue. Zertan da gaur egun? 
Pitteka-pitteka goaz. Dinabide fisikoki aurten hasi bada ere, estrategia aldetik, proiektua eraikitzen, bi urte daramatzagu eta gure harreman sarea nahiko handia da. Alde batetik, coworkerrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuen inguruan, hitzarmenak CEINekin ekintzaileendako, ANELekin kooperatibendako eta Cederna-Garalurrekin autoenplegu proiektuendako. Aholkularitza eskaintzen diete. Sodenarekin hitzarmena dugu finantziazioa behar duten proiektuei begira. 

Aholkulariak ere baditugu: 3Dbide enpresak teknologian ezagutza handia dauka, eta teknologia hori enpresen beharretara jartzen dute; Nodo 4.0 gaitzailea; prestakuntzarako fundazioarekin hitzarmena dugu; AINek eta Nafar-Lansarek ere eman izan dituzte ikastaroak hemen eta teknologia-zentroekin erlazioa dugu, Naitek edo Bartzelonako 3D factory hub-a. 

Zerbitzu eta zentro horiek guztiak enpresen beharretara jartzen ditugu. Guk ezagutzen ditugu Sakanako enpresen beharrak eta horiekin ere proiektuak eraikitzen ari gara. Sakanako enpresa dexentek eranste-fabrikaziorekin egiten dituzte beraien proiektuak. Baina, bereziki Nafarroako Industria Fundazioak aukera eman digu Nafarroako beste enpresa batzuekin ere elkarlanean aritzeko. Prestakuntza zentroekin eta unibertsitateekin ere lanketa egiten dugu. Hor gabiltza. 

Zenbat eta ekosistema aberatsagoa izan orduan eta emaitza hobeak?
Hori da. Beti ikusi da errazagoa dela arrakasta lortzea berrikuntza prozesuetan ikuspuntu, gaitasun edo trebetasun desberdinak dituzten pertsonak elkartzen direnean. Gure asmoa hori da: prestakuntza zentroak, enpresak, berrikuntza zentroak eta ezagutza daukatenak ekosistema horren parte izatea, guk dinamizatzaile lanak eginda. Azkenean, guztiondako onuragarria izan daitekeen eraldaketa prozesu horri erantzutea. Gure ekosistema gero eta handiagoa da.

Nafarroako Gobernuak iragarri duen Iris plataforma birtualeko parte-hartzailea da Dinabide. Zer da hori? 
Europak ezagutza sortu dezaketen kontinenteko berrikuntza zentro guztiak konektatu nahi ditu, eta sare bat sortu nahi du, beraien artean informazioa eta ezagutza trukatu dezaten. Nafarroako Gobernuak Iris plataforma birtuala egin du, herrialdeko zentro horien guztien koordinazio-sistema. Hor sartu dute Dinabide, test before investing (inbertitu aurreko testa) laborategia bezala. Berrikuntza Digitalaren Poloaren plataforma birtual horretara bideratu gaituzte, enpresetan testa egiteko eta industrian dauden beharren teknologia ezarpenei begira aktore gisa eragiteko. 

Dinabideri Nafarroako eta Europako ateak zabaltzen zaizkiola esan nahi du? 
Horixe. Proposamen bat da. Nafarroatik estatura joan behar da eta gero estatuak Europan onartzen duen azpiegitura da. Lortuko bagenu, Nafarroako Gobernuak eta, bereziki, Dinabidek, finantziazioa lortuko luke proiektuak aurrera ateratzeko. Aurrera goazen heinean, bide onean goazela ikusten ari gara. Baina interesgarriena da Europako beste berrikuntza zentroekin lotura zuzena izanen genukeela, ezagutza transferentzia hori egiteko: guk besteengandik ikasteko eta besteei geuk irakasteko. 
 
Programan egote hutsak esan nahi du Dinabide badela zerbait? 
Hori da politena, kontuan hartu gaituztela, eta bide honetan guztian egin dugun ahalegina haiek ere ulertu dutela, ikusi dutela baliagarria dela, eta gure proiektuei erantzuteko leku bat eman digutela. 

Momentuz SGAk kudeatzen du Dinabide. 
SGAren helburu batzuei erantzuten dien proiektua da Dinabide oraingoz eta, ondorioz, SGA da lege-entitatea. Baina zein tamaina hartzen ari den eta zein norabide eman nahi diogun ikusirik, esaterako, proiektuetan bazkide gisa parte hartzea, lege-izaera behar du. Horrela, kudeaketa arinagoa litzateke eta finantziazio gehiagorako aukera genuke. Gainera, arlo publikoaz aparte, pribatua (enpresak) ere ordezkatua legoke, ez soilik bazkide kolaboratzaile moduan, Dinabide proiektuaren parte gisa baizik. 

Gailuak 
Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuaren finantzazioarekin  erosi dira Dinabideko gailuak. 200.000 euroko inbertsioarekin eranste-fabrikaziorako unitate batez hornitu zuen SGAk. Honako gailuak ditu: urtze bidezko 3Dko bi inprimagailu (Ultimaker S5, Markforged II) eta hautsarekin lan egiten duen beste semiindustrial bat (HP multiyet fusion), 360 graduko eskanerra, kolaborazio robota eta errealitate areagotuko betaurrekoak. Hori guztia prototipoak diseinatzea errazteko eta eskala txikian fabrikatzeko dira, testatzeko.