Familiendako mahai-joko birtuala

Guaixe 2020ko uzt. 16a, 13:10
Joko birtualeko bideorria.

‘Jolasean Blai’ mahai-joko digitala  euskaraz ikasten duten 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako plataforma da. Haurrak bakarrik edo gurasoekin jolastu daitezke 

Haurrak euskaraz hazi eta hezteko ahaleginean ari diren gurasoei hainbat gomendio eta laguntza ematen dizkie www.era.eus webguneak (Era). Online dagoen material ugaria gurasoen eskura jartzen du Erak, egoki sailkatuta, familiendako txukun, eroso eta erabilgarria izan dadin. Era-ren sustatzaileek norabide horretan beste pauso bat eman dute Jolasean Blai mahai-joko birtualarekin. Finean, onlineko kultur proposamenen hautaketa bat da, oporretarako dinamika bat proposatzen duena: Altxorraren uhartean barrena ibilbide bat egitea. Haurrak bakarrik zein gurasoekin batera aritu daitezke. 

Koronabirusak eragindako larrialdiaren ondorioz, Erak ekimena hartu zuen gurasoei egunero eskaintza ezberdin, kalitatezko, eta erakargarri bat egiteko. Hala, martxoaren 18tik maiatzaren 31ra, egunero etxean gozatzeko kultur proposamen bana hautatu zen kulturgileek online eskuragarri jarri duten horietatik: literatura, musika, jolasak, ikus-entzunezkoak, aplikazioak... Jolasean Blai egindako bilketa-lanaren ondorioz sortu da, horrela kalitatezko kultur proposamen horiek modu erakargarri batean aurkezten zaizkio familiari. 

Dinamika
Altxorraren uharteko planoa dute jokalariek hainbat lauki dituen ibilbideaz osatua. Gurasoek eta haurrek nahi duten maiztasunarekin (egunero, bi egunetik behin edo egoki jotzen dutenean), laukitxo bat aurrera egin beharko dute. Lauki bakoitzean kultur proposamen bat edo bi daude. Bi daudenen kasuetan, iraupen motzeko bat eta iraupen luzeko beste bat daude. Era-ko sustatzaileek gurasoei proposatu diete haurrarekin gozatzeko bideo-ipuinez, emanaldiez (zinema, antzerkia, musikalak...), bideoklipez, App-ez edota sorpresa kutxaz. 

Mahai-joko birtualak aukera ematen du mapa txuri-beltzean deskargatu eta inprimatzeko, harekin egongelan edo sukaldeko mahaian jolastu ahal izateko, ibilbidea koloreztatzeko... Era-koek  kultur sortzaileen lana aitortu dute: “haien lanari esker familiek aukera aparta dute seme-alaben gozamena etxean euskaraz elikatzeko”. 

Era
Euskaraz ikasten duten 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako plataforma da, Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuk elkarlanean sortutakoa (tartean Sakanako Mankomunitatea dago). Haurrak euskaraz hazi eta hezteko ahaleginean ari diren gurasoendako lagungarria izan nahi du eta hainbat baliabide eskaintzen ditu.