Erriberriko Antzerki Jaialdia hasiko da ostiralean

Guaixe 2020ko uzt. 13a, 11:52

Eva Azpilikueta aktore altsasuarrak eta Jorge Cordo musikari irurtzundarrak parte hartuko dute aurtengo Antzerki Jaialdian

Pixkanaka kultura berrezartzen ari da Nafarroan, eta ostiralean, hilaren 17an, Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 21. edizioa hasiko da. Agorrilaren 2ra arte iraungo du Nafarroako antzerki ekimenik garrantzitsuenetako bat. Ikus entzuleen osasuna bermatzeko, segurtasun neurriak jarraitu beharko dituzte; maskarak eraman behar dituzte, pertsonen arteko segurtasun tartea mantendu behar dute, eserlekuen artean ere segurtasun tartean utziko da, eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea eskatzen dute ere. Are bereziago izango da Eva Azpilikueta altsasuarrarendako eta Jorge Cordon irurtzundarrarendako, izan ere, lehenengo aldiz, Erriberriko Antzerki Jaialdian ariko dira. 

Azpilikuetak Yarleku konpainiaren Etxerik txikiena (gaztelaniaz, La casa más pequeña) eginen du. Altsasuarrak aktore onenaren saria jaso zuen Xixongo jaialdian antzezlan honetan egindako lanagatik. Garilaren 29an izanen da, 22:00etan, Erriberriko Jauregiko La Cava agertokian. 

Cordonek hilaren 30an, 22:00etan, La banda teatro-circo konpainiarekin Kimera ikuskizuna eginen du La Cavan. Interpretatu ez ezik, Cordonek ikuskizunaren musika sortu du eta zuzenean jotzen du. Antzerkia, musika eta zirkoa uztartzen ditu, beraz, ikuskizunak. Gaur egungo gizartea du ardatz lanak. Ikuskizun dibertigarria eta, aldi berean, hunkigarria eskaintzen du La banda teatro-circok.