Esker ona, miresmena eta maitasuna

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko uzt. 13a, 12:32
Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatza eta Etxarri Aranazko Abesbatza osasun langileei omenaldian.

Etxarri Aranazko Abesbatzak eta Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzak osasun langileei omenaldi "xumeak" baina "oso hunkigarriak" egin zizkieten bi herrietako osasun etxeetan eta egoitzetan

Konfinamendua hasi zenetik, Etxarri Aranazko Abesbatzako zein Erkudengo Ama Abesbatzako kideek ez zuten elkar ikusi. Martxoaren erdialdean utzi behar izan zituzten bertan behera entseguak eta kontzertuak, koronabirusak sortutako osasun krisialdia dela eta. Etxera eraman zituzten partiturak eta audioak, eta itxialdian bakarka entseatzeko aukera izan zuten. "Gogorra izan da etenaldi hau egin behar izatea, bizitzako beste edozein arlotan bezala. Baina ahal dugun heinean bueltatuko gara. Garrantzitsuena denak itzultzea da", esan du Maria Goikoetxea Etxarri Aranazko Abesbatzako kideak.

Hiru hilabete luzeren ondoren, biltzeko momentua aurreko ekainaren 26an itzuli zen. Nafarroako Abesbatzen Federazioak deituta, abesbatzek omenalditxoak egin zizkieten osasun langileei osasun zentroen aurrean. Nafarroa osoko abesbatzek hartu zuten parte ekimenean, eta guztiak batera, 14:00etan (Etxarri Aranazko kasuan 15:00etan izan zen), osasun langileei "esker ona, miresmena eta maitasuna" adierazi zizkieten kantuaren bidez, Puri Altzelai Erkudengo Ama Abesbatzako kideak azaldu bezala. Etxarri Aranazko Abesbatzak Agurra (dantzari batek aurreskua dantzatzen zuen bitartean), Izar ederrena, An Irish Blessing eta, bukatzeko, Agur Jaunak abestiak kantatu zituen eta Erkudengo Ama Abesbatzak Agur zaharra, Dulce Embeleso, urrunetik bidalitako muxuak barne, eta Agur Jaunak abestiak interpretatu zituen.

Sentimenduak
Elkarrekin entseatzeko denborarik gabe, Sakanako bi abesbatzek emanaldi "xume", baina "oso hunkigarriak" eskaini zituzten Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeetan. Erkudengo Ama Abesbatzak Josefina Arregi klinikan eta Aita Barandiaran adinduen egoitzan ere egin zituen emanalditxoak. "Oso hunkigarria izan zen. Espero ez dituzun sentimendu asko pilatzen dira, eta kantatzen ari ginela, momentu batzuetan, oilo ipurdia jarri zitzaigun, eta zirrara luze eta azkar batek gorputza zeharkatu zigun". Konfinamenduan zehar egin ziren txaloak "hunkigarriak" izan baziren, protagonistak aurrean izateak "sentimendua areagotu" zuela azaldu du Altzelaik. Etxarri Aranatzen "oso eskertuta" zeudela esan du Goikoetxeak, eta "malko batzuk" isuri zirela ere esan du, "osasun langileen, abesbatzako kideen zein ekitaldia ikusten ari zen jendearen artean".

Erkudengo Ama Abesbatza Josefina Arregi klinikara eta Aita Barandiaran adinduen egoitzara ere joan zen bertako langileei omenaldia egitera. Bi egoitzetan dauden pazienteak eta egoiliarrak ere entzutera atera ziren . Klinikako langile batek adierazi zuenez, "badakit omenaldia guretako dela, baina musika izugarri gustatzen zaie eta ezin zuten emanaldia entzuteko ohore hau galdu". Osasun langileen aurrean abestea hunkigarria izan zen, baina klinikaren eta adinduen egoitzan "sentimenduak areagotu" zirela azaldu du Altzelaik. "Pandemia arras arriskutsua izan da beraiendako, eta mina eta amorru sentimenduak ere azaleratu ziren". "Gure esku dagoen omenalditxoa egin genien", baina Altzelaik gaineratu duenez, "omenaldi hoberena osasun langileen lan baldintzak hobetzea eta beharrezkoak diren baliabide pertsonalak eta materialak ziurtatzea izango da".

51. urteurrena…
Etxarri Aranazko Abesbatzak 50. urteurrena ospatu behar zuen aurten. "Egoera berezi honen aurrean, berrasmatzeko beharrean" daudela aipatu du Goikoetxeak. "Gaur egun ezinezkoa da ohiko kontzertu bat egitea, baina egoerari buelta emango diogu". Etorkizunean "mila" ospakizun egingo dituztela esan du: "Proiektu asko eta politak genituen 50. urteurrenerako. Egingo ditugu. Agian 51. urteurrena da garrantzitsuena…". Besteak beste, Etxarri Aranazko Abesbatza urteurren logoaren bila dabil, eta lehiaketa antolatu du. Proposamenak aurkezteko azken eguna hilaren 31 izanen da.