Lapurretak aparkatutako ibilgailuetan

Guaixe 2020ko uzt. 13a, 14:27
Foruzaina Ubabako aparkalekuan.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, Aralarko santutegian eta Urbasan izan dira.

Foruzaingoak ohartarazi duenez, Nafarroako turismo-toki turistikoetako aparkalekuetan utzitako ibilgailuen barruan lapurretak izan dira. Eguraldi ona dagoela baliatuz, jendeak naturaz gozatzera joan denean izan dira lehen lapurreta horiek. Foru poliziak zerrendatutako tokien artean daude Aralarko santutegi ingurua eta Urbasa. Foruzaingoak jakinarazi dutenez, lapurrek inguruan inor ez dagoela baliatuta, ibilgailuko leihoren bat hautsi eta barruan dauden baliozko objektuak eskuratzen dituzte: ekipo elektronikoak, telefono mugikorrak, diru-zorroak, poltsak edo antzekoak.

Halakoak saihesteko Foruzaingoak hainbat gomendio eman ditu: ibilgailuak sarrera eta irteera duten tokietan aparkatzea, ikus daitezkeen tokietan, argiztatutakoetan, jende ugari ibiltzen den tokietan. “Autoa ezkutatuz gero kontrako efektua lortzen da. Lapurrei errazagoa eginen zaien agerian ez dagoen autoan lapurtzea”. Poliziek ibilgailuak ondo itxita uztea aholkatu dute ere, eta, batez ere, ezer agerian ez uztea (dokumentazioa, motxilak, arropa, poltsak, eta abar). Azkenik, foruzainek gomendatu dute ziurtatzea aparkatzeko unean “inguruan ez dagoela inor susmagarri, zelatari edo, besterik gabe, zain. Susmagarriak diren pertsonak edo ibilgailuak antzemanez gero, Foruzaingoari jakinarazi, 112 telefono-zenbakiaren bidez, eta ibilgailu-motaren berri eman (marka, kolorea, modeloa, matrikula, eta abar)”. Lapurrak ibilgailuan sartuz gero, salaketa egitea gomendatu dute.