Pilota

Masters CaixaBank Torneoa: Ezkurdiak eta Zabaletak puntu bana bildu dute

Guaixe 2020ko uzt. 13a, 11:13
Ezkurdia-Aranguren eta Elezkano-Aretxabaleta, Larrabetzuko partida hasteko prest.

Torneoko 3. jardunaldiko azken partidan gaur, Tolosan, Peña II.ak eta Martijak Artola eta Rezusta dituzte aurkari eta torneoko lidergoa dago jokoan

Gaur despedituko da Masters CaixaBank Torneoko 3. jardunaldia, Peña II.ak eta Martijak Artolaren eta Rezustaren kontra Tolosan jokatuko duten partidarekin (17:00, Beotibar). Bina puntu dituzte bi bikoteek, eta hirugarrena lortzen duena torneoko lehen postuan kokatuko da; hortaz, torneoko lidergoa dago jokoan. 

Torneoko gainontzeko partidei dagokionez, Joseba Ezkurdiak eta Arangurenek euren bigarren garaipena lortu zuten Larrabetzun Danel Elezkanori eta Aretxabaletari partida oso estuan 22 eta 19 irabazi eta gero. Bestalde, Olaizola II.a eta Jose Javier Zabaleta putzutik atera ziren, eta Urrutiren tokia hartu zuen Lasori eta Irribarriari 22 eta 13 irabazi eta gero, euren lehen puntua lortu zuten beteta zegoen Los Arcosko frontoian. Partida hasi eta berehala 7 tantoko aldea lortu zuten Olaizolak eta Zabaletak, 1 eta 8 aurreratu baitziren, eta abantaila hori behar bezala kudeatu eta gero, merezitako garaipena lortu zuten. Eta Errioxako Ceniceron jokatutako partida ikusgarrian, Jakak eta Albisuk euren bigarren puntua lortu zuten Altuna III.ari eta Imazi 22 eta 16 irabazita. 

Gogoratu beharra dago, lehen jardunaldian Ezkurdiak eta Arangurenek Altuna III.aren eta Imazen kontra Eibarren jokatu beharreko partida bertan behera geratu zela hezetasunarengatik, eta atzeratutako partida hori ostiralean jokatuko dute, Azpeitian (22:15). 

4. jardunaldiko partidak
Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko 4. jardunaldia jokatuko da. Olaizola II.ak eta Jose Javier Zabaletak Elezkano II.a eta Aretxabaleta izango dituzte aurkari ostiralean Markinan (22:15, ETB1); Bengoetxea VI.a eta Martija Jakaren eta Albisuren kontra lehiatuko dira larunbatean Lizartzan (22:15, ETB1) eta igandean bi partida jokatuko dira. Ezkurdiak eta Arangurenek Urrutikoetxearen eta Irribarriaren kontra jokatuko dute Arrigorriagan (17:00) eta Altuna III.ak eta Imazek Artolaren eta Rezustaren kontra Zarautzen (17:00, ETB1). 

5. jardunaldiko partida bat Arbizura
Masters CaixaBank Torneoko 5. jardunaldiko pilota partida bat Arbizuko frontoian jokatuko da. Hain zuzen ere uztailaren 26an, igandearekin Ezkurdiak eta Arangurenek Bengoetxearen eta Martijaren kontra jokatuko dutena. Beraz, Binakako Txapelketan elkarrekin dabiltzan Ezkurdia eta Martija kasu honetan elkarren kontra ikusteko aukera paregabea izango dugu Sakanan bertan. 
Jaialdia zabaltzen duen partidan, Joanes Bakaikoa etxarriarrak Ibai Zabalarekin osatuko du bikoa, Salaberriaren eta Tolosaren kontra aritzeko. Jaialdiko sarrerak salgai daude https://proticketing.com/pelotavasca/es_ES/tickets webgunean.