Pilota

Peñak eta Martijak ez zuten hirugarren puntua lortu

Guaixe 2020ko uzt. 14a, 09:44
Argazkia: Luis M. Unciti.

Masters CaixaBank Torneoko 3. jardunaldiko azken partidan Artolak eta Rezustak 22 eta 10 irabazi zieten Peñari eta Martijari eta torneoko lider berriak dira

Atzo Masters CaixaBank Torneoko 3. jardunaldiko azken partida jokatu zen Tolosako Beotibarren, sailkapeneko buruan zeuden bi bikoen artekoa: Peña II.a eta Julen Martija, batetik, eta Artola-Rezusta, bestetik. Partidan jokoan zegoen puntuaz gain, torneoko lidergoa zegoen jokoan, bi bikoek bina puntu baitzituzten. 

Peña II.a eta Martija ongi hasi ziren eta 3 eta 5 aurreratu ziren, baina Artolak eta Rezustak agintea hartu eta garaipen oso sendoa lortu zuten, sekulako errezitaldia emanez (22 eta 10). 

Horrela, Masters CaixaBank Torneoko liderrak dira Artola eta Rezusta (3 puntu). Jaka-Albisuk, Ezkurdia-Arangurenek eta Bengoetxea VI.a-Martijak bina puntu dituzte, Altuna III.a-Imazek eta Olaizola II.a-Zabaletak puntu bana eta Elezkano II.a-Aretxabaletak eta Urrutikoetxea-Irribarriak ez dute punturik bildu. 

Torneoko 4. jardunaldian, Olaizola II.ak eta Jose Javier Zabaletak Elezkano II.a eta Aretxabaleta izango dituzte aurkari ostiralean Markinan (22:15, ETB1); Bengoetxea VI.a eta Martija Jakaren eta Albisuren kontra lehiatuko dira larunbatean Lizartzan (22:15, ETB1) eta igandean bi partida jokatuko dira. Ezkurdiak eta Arangurenek Urrutikoetxearen eta Irribarriaren kontra jokatuko dute Arrigorriagan (17:00) eta Altuna III.ak eta Imazek Artolaren eta Rezustaren kontra Zarautzen (17:00, ETB1).