Cederna Garalur elkarteak 2020ko lehen seihilekoan Sakanan lau enpresa sortzen lagundu du. Zehazki, 17 ekintzaileri lagundu die: 10 emakumezkori eta 7 gizonezkori. Garalurren aholkularitzaren ondorioz, 4 enpresa jarri dituzte martxan eta 4 lanpostu sortu dituzte. Negozio berrien forma juridikoari dagokionez, laurak banakako enpresaburu gisa eratu dira.
Aurreko urtearekin alderatuta (7 enpresa eta 9 lanpostu), murriztu egin da abian jarritako enpresa-ekimen berrien kopurua. Garalurreko kideek gaztigatu dutenez, COVID-19 gaixotasunaren agerpenagatik izan da murrizketa. “Proiektua abian jartzeko asmoa zuten pertsona batzuek atzeratu egin dute erabakia, edo, kasuren batean, baztertu ere egin dute arrazoi horrengatik.
Garalurren ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuak hastear diren enpresak eta martxan direnak aholkatzen ditu. Azken horiei dagokienez, lehen seihilekoan, 2 urtetik beherako antzinatasuna duten 6 enpresari (5 emakumezko eta gizonezko bat) eta 2 urtetik gorako antzinatasuna duten enpresa bati (gizonezko bat) laguntza eta aholkularitza eman diete.
Harremanetarako
Arbizuko industrialdean dagoen Utzuganen, Sakanako Garapen Zentroan, dauka egoitza Garalurrek. Astegunetan 08:00etatik 15:20ra, pasa daiteke egoitzatik. Ekintzailetza zerbitzuan, hitzordua eskatuta, Altsasun astelehenetan ematen dute laguntza eta aholkularitza. Harremanetan jartzeko 619 328 264 (Oskia) edo 639 900 336 (Susana) telefonora hots egin edo sakana.admon@cederna.es e-postara idatz daiteke.