Mankomunitateak artile bilketa eginen du

Guaixe 2020ko uzt. 20a, 10:34
Ardi-motzailea Artzain Egunean lanean.

Ibarreko artzainek Arbizuko Transferentzia Gunera eramateko aukera izanen dute agorrilaren hasieran. Artilearekin konposta eginen dute Artaxoan. Argibideak behar dituenak  900 730 450 doako telefonora hots egin dezake.

Udan bero handirik ez pasatzeko, ardiei ilea mozten diete artzainek. Artilea, garai batean, erabilera ugari zituen produktua zen, eta, beraz, artzainendako diru-iturria. Gaur egun, ordea, ez du garai bateko estimazioa, eta hondakin bat bihurtu da artzainendako. Ez diote irtenbide egokirik opatzen artileari. Batzuek gaizki pilatu, lurperatu edota erre egiten dute artilea. Horren guztiaren jakitun, Sakanako Mankomunitateak, estreinakoz, ibarreko artzainei artilea jasoko die eta, horrela, irtenbide egokia emanen zaio hondakin horri. 

Artilearen bilketa antolatua heldu den hilaren hasieran eginen du Mank-ek. Bilketa egunak eguraldiaren iragarpenaren arabera erabakiko dira, pilatutako artilea busti ez dadin. Sakanan jasotako artilea Artaxoako konpost plantara eramanen dute, konpost bilakatzeko, eta, horrela, ekonomia zirkularra sustatzeko. 

Artzain sakandarrek Arbizuko Transferentzia Gunera eraman behar dute pilatuta duten artilea. Mank-etik artzainei eskatu diete artilea zakuetan sartuta ez eramateko, Artaxoan solte jasotzen baitute. Eramandako artile kopurua guneko baskulan pisatuko beharko dute. Artzainek pisuaren araberako tasa pagatu beharko dute, garraio eta konpost plantako gastuei aurre egiteko. Bide batez, Mank-etik abeltzainei gogorarazi diete silorako plastikoa ere gunera eraman daitekeela. Kasu horretan ere, pisuaren araberako tasa pagatu beharko da. 

Konpost planta 
Arbizuko Transferentzia Gunean konpost planta jasotzeko lanak joan den hilaren akaberan hasi ziren. Lanak lastaila akaberarako despeditzea espero dute. 830.000 euro inguruko inbertsioa eginen du Sakanako Mankomunitateak. Azpiegitura horretan ibarrean urtean biltzen den materia organiko guztia kudeatuko da: 1.000 tona inguru urtean, baita herritarrek eta udalek eramandako inausketako beste 700 tona ere. 

Bestetik, makina bat sakandar izan dira azken hilabeteetan Arbizuko Tranferentzia Gunetik pasa direnak konposta hartzera. Mank-etik jakinarazi digutenez, 75 tona, edo 131.000 litro, eraman dituzte baratze, soro eta etxeetako berdegune eta lore-ontzietan erabiltzeko. Etxarriarrak izan dira konpost gehien hartu dutenak: 16,2 tona. Altsasuarrek 11,9 tona eta arbizuarrek 11,45 tona jaso dituzte. Gainontzeko herrietara honako kopuruak joan dira: Irurtzun 7,6 tona; Lakuntza 6,43; Arakil 5,35; Urdiain 4,6; Olatzagutia 3,15; Uharte Arakil 2,55; Iturmendi 1,95; Bakaiku 1,5; Ergoiena, 1,35; Irañeta 1,2 eta Ziordia 0,3.

Erosketak
Mank hondakinak biltzeko kamioi flota berritzen hasi da. Azaro akaberan kamioi berri bat jaso zuen, eta aurtengo azaroaren 9rako beste bat izan beharko du esku artean. Ivecok eskuratu du 135.000 euroko kontratua. Horrekin batera, Irurtzungo eta Altsasuko edukiontziak berritzeko 78.500 euro bideratu ditu Mank-ek. Hiru eskaintza jaso ditu eta, gaur egun, kontratazio-mahaia horiek baloratzen ari da. Edukiontziak irailean jasotzea espero dute. Bitartean, gaur egun, Manke-ko langileak kalean dauden edukiontzien inbentarioa egiten ari dira, “aldaketarako lehentasun maila identifikatzeko”. helburuarekin.

Garbiguneak 
Altsasun eta Ziordian garbiguneak egiteko lanak garagarrilean despeditu ziren. Mank-en haiek nola erabiltzen diren azaltzeko materiala prestatzen ari dira batetik, eta, irekiera baimena jasotzeko zain dago bestetik. Haiek zabaldu bitartean, Mank-etik gomendatu dute Arbizuko garbigune finkoa, garbigune mugikorra edota Emausko Trapuketarien zerbitzua erabiltzea. 

Arropa
Lehenik, arropa biltzeko edukiontziak prezintatu zituzten, azaroaren erdialdera. Ondoren, Humana erakundearen edukiontziak Sakanako kaleetatik desagertu ziren. Humanak Nafarroako delegazioa ixtearen ondorioa izan zen. Eta horrekin arropa eta oihalak bereizita kudeatzeko bitarteko bat desagertu zen. Ordutik etxean soberan zegoen arropa Arbizuko garbigune finkora eraman daiteke edota Emausko Trapuketarien bilketa eskatu daiteke. Kantitate oso txikia bada garbigune mugikorrera eraman daiteke. 

Egoera bideratzeko, Mank-eko eta  Emausko Trapuketarien ordezkariek bilera egin zuten  garagarrilean eta adostu zuten trapuketarien arropa jasotzeko edukiontziak Sakanan zabaltzea. Edukiontzi horiek egin bitartean, orain arteko bideak erabili beharko dira jantziak egoki kudeatzeko.