Siemens-Gamesa enpresak Agoitzen duen lantegiko langileek bost greba egun iragarri dituzte. Atzo aurrena egin zuten, eta hurrengoak hilaren 23an eta 29an eta agorrilaren 6an eta 7an izanen dira. Enpresa batzordea eta zuzendaritza bilduko diren egunetan eginen dituzte lanuzteak. Lantegia ixtearen kontrako protestan ari dira 239 langileak. Langile horietako 40 bat, Altsasuko lantegia itxi zenean, Altsasutik Agoitzera lekualdatu zituzten.
Azken horietako bat da Ana Lopez Martinez. Duela 13 urte hasi zen Gamesaren Altsasuko lantegian, eta gaur egun enpresa batzordeko (ELA 6, LAB 4, UGT 2 eta CCOO 1) kide da ELA ordezkatuz. Azaldu digunez, langileek hedabideen bidez jaso zuten lantegiaren itxieraren berri; “aurpegira esateko ausardiarik ere ez zuten izan”. Joan den urtean Apoyos Metalicos lantegia ixteko jakinarazpena garagarrilaren bukaeran egin zutela gogorarazi diogu Lopezi. “Haien iritziz, enpresak oporretan daude, eta beste gauza batzuk ditugu buruan. Eta, akaso, pentsatzen dute erresistentzia gutxiago eginen dugula. Jakina, oker daude. Urte normala balitz sanferminetan geundeke, eta gobernu erdia kanpoan legoke”.
Berrogeiez
Altsasuko lantegia itxi zutenean Agoitzen 55 langile birkokatzeko eskaintza egin zuen enpresak. Hara lanera joandakoetatik, gaur egun 40 gelditzen dira, Agoitzera joatea erabaki zutenetako batzuek utzi egin zutelako. “Itxierako dokumentuan jasoa zegoen Agoitzera joandakoek epe bat zutela inolako kalte-ordainik gabe lana uzteko. Batzuek ez segitzea erabaki zuten”. Gelditzen diren Altsasuko 40 langileetatik guztiak ez dira sakandarrak, baina bai gehienak. Agoitz 90 km-tara dago. Egunero 180 km-ko joan-etorriak egiten dituzte. Langile sakandarrek, txandaka, autoa partekatzen dute joan-etorri horiek egiteko. Altsasu itxi ondoren Agoitzera bizitzera joan zen langileren bat ere badago.
Agoizko lantegiko langileen bataz besteko adina 45 urtekoa da. Altsasuko lantegian aritu zirenena, berriz, 40 ingurukoa da. Haien bizi-proiektuarekin kezkatuta daude: familia-kargak, etxebizitzako hipoteka… Senideen babesa dute. “Eta behar dugun guztian lagunduko gaituzte. Ez ixteko borrokatu behar dugula esaten digute”. Lopezek esan digunez, langileak “indartsu” daude, “egunetik egunera gogo handiagoarekin ikusten ditut. Bat eginda gaude”.
Enpresa berak bigarrenez kalera bota nahi dituela-eta zer sentitzen duen galdetuta, Lopezek: “suminduta, oso haserre nago. Eta, aldi berean, borrokarako indartsu nago. Hau ez da itxiko”. Gaizki egin zuen Gamesak Altsasuko lantegiaren itxiera, eta Espainiako Auzitegi Gorenak 2015ean ebatzi zuen 150 langileen kaleratzeak bidegabeak izan zirela. “Lantegi honen itxierarako benetako arrazoirik ez dago. Argi dugu. Lantegia ez ixtea da gure helburua”.
Gobernuari
Nafarroa eolikoaren arloan aitzindaria izan zen. Lopezen iritziz, “hori saldu zuen gobernuak, baina enpresa horiei guztiei, pitteka-pitteka, banaka-banaka, ixten utzi die. Nahiz eta urtetan diru publikoa jaso duten, inolako penalizaziorik gabe ixten dituzte. Diru publikoa jaso duten enpresa guztiei gobernuak, gutxienez, enplegua bermatzeko eskatu beharko lieke”. 10 urtean Gamesak 5 lantegi itxi ditu Nafarroan (Altsasukoa 2010ean eta Olatzagutikoa 2019an). “Diru publikoa jaso eta hemen jartzen du lantegia, baina gero, enpleguetan pentsatu gabe, ez du alde egiteko inolako erreparorik”.
Agoizko itxiera gauzatuko balitz, Gamesaren zerrendako seigarren lantegi itxita litzateke. Lopezek azaldu digunez, 2008an zabaldu zuten lantegia. “239 langile finko gara, baina itxiera jakinarazi aurreko astean, denbora luzea zeramaten aldi baterako 80 langile bota zituzten. Gainera, hainbat enpresa laguntzaile ere baditu lantegiak berarendako lanean. Beraz, ez digu soilik guri eragiten”. Lopezek azaldu digunez, azken urteetan bataz beste 400 bat langile egon dira Agoizko lantegian lanean.
Argudioak
Enpresak ekonomia eta ekoizpen arrazoiak eman ditu lantegia ixteko. “Baina ez dira errealak. Azken urtean oso produktiboak izaten ari gara. Asteko zortzi pala egin izan ditugu. Taldeko beste lantegi batzuendako erreferentzia ginela, onenak ginela, esaten zuten”. Langileek ez dituzte Gamesaren argudioak sinisten. “Garai batean probetarako prototipoak egin genituen, eta halakoetan ez zaio diruari erreparatzen. Baina ekoizpenera bideratu denetik, errentagarria izan dela uste dut”.
Ixtearen atzean “deslokalizazio hutsa besterik ez dago” langileen iritziz. Agoitzen egiten ari diren pala modeloa Tangerrera eraman nahi omen du enpresak. Agoitzen egitekoa zen pala baten prototipoa ere beste lantegi batera eraman zuten azkenik. Lopezek azaldu duenez, “Agoizkoa lantegi berria eta handia da. Eta pala handiagoak egiteko prestatuta dago: 145, 155 eta askoz handiagoak ere bai. Nahi badute hemen egin daiteke. Proiektu berrietara egokitzeko gaitasuna dugu”. Altsasuko lantegia ixteko aitzakia espazio falta zen, “baina hemen arrazoi horrek ez du balio”.
Lan karga 2021eko irailera arte dago bermatuta, hala sinatuta baitute zuzendaritzak eta enpresa batzordeak lantegiko lan hitzarmenean. “Nik sinatu zuenarekin hitz egin nuen, itxiera zurrumurruak zabaldu zirenean. Eta esan zidan beldurrik ez izateko, sinatuta baitzegoen. Itxieraren berri izan aurreko astean gerentearekin bildu zen enpresa batzordea, eta ziurtatu zigun 2021erako lana bazegoela. Eta jakinarazi zigun hurrengo astean errusiar batzuk eskaera egitera etorriko zirela. Gezurretan aritu ziren gurekin”. Gamesari lan hitzarmena ez betetzea leporatzen diote.
Gobernuaren eta alderdien babesa jaso dute langileek. “Elkartasun faltsurik ez dugu nahi. Benetako inplikazioa eskatzen diegu lantegia itxi ez dadin. Gure lanpostuak berma ditzatela nahi dugu. Gaur Gamesa delako, baina bihar beste edozein”. Horregatik, langileek Nafarroako Gobernuari “bustitzeko” eskatu diote.
Bestalde, COVID-19 gaitza agertu zenean enpresa batzordeak “nahikotxo presionatu genuen, baldintza haietan ezin zelako lanik egin, eta aste baterako etxera bidali gintuzten. Gobernuaren agindua betez ere itxi zen. Baina bestela lanean aritu gara. Protokoloak ezartzen joan dira. Batzuk erdizka bete dira, baina ongi”.
Sinadura bilketa
Itxieraren kontrako sinadura bilketa hasi dute langileek. Horretarako, Iruñeko udaletxearen, diputazioko egoitzaren eta Nafarroako Parlamentuaren parean postu bana jarri dute. Ostiralera arte egunero 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era egonen dira sinadurak biltzen. Asteburuan, berriz, goizez. Agoitz aldean ere sinadura bilketa egiten ari dira.