Ibarrak garagarrileko azken egunetik du berdintasun plana, egun horretan onartu baitzuen Sakanako Mankomunitateko batzar orokorrak Sakanako emakumezkoen eta gizonezkoen arteko Berdintasunerako I. Plana. Aurten hasi, eta 2023 urtera arteko indarraldia du planak, baina garapenaren arabera “malgu” jokatzea aurreikusi dute. “Sustraietatik egin nahi du berdintasunerako bidea”. Izaera estrategikoa duen plana da, Sakanaren garapenarekin lotuta dagoena eta emakumezkoen ahalduntzea eta jendartearen balioen aldaketa eta berdintasunaren aldeko Sakana ardatz dituena. Ibarreko 14 udalerriri eraginen die planak, Altsasuk duela 27 bat urtetik baitu bere Berdintasun Zerbitzua.
Sakanako Mankomunitateko berdintasun teknikari Oihana Gallo San Romanen hitzetan “berdintasunerako plana ekintza konkretu batzuen bitartez emakumezkoen eta gizonezkoen artean berdintasuna lortzeko tresna da, eta berdintasunaren aldeko lana estrategia baten barruan txertatzeko, ekintzak sistematizatzeko eta emaitzak optimizatzeko balio du”. Gallok gaineratu duenez, “zerbitzu faltan, gainontzeko herriak Altsasuri begira egon gara. Altsasuko zerbitzuaren ibilbidea oso aberasgarria izan da plan honetarako”. Berdintasunerako I. Plana 4 esku hartze arlotan egituratu dute, haiek 13 programa eta 151 neurritan zehaztuz.
Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Batzordeko presidentea da Aitzaga Zeberio Petriati, eta berak toki-administrazioek “betaurreko moreak” janztearen garrantzia azpimarratu du: “tokiko esparrua da, herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena; eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna integratzeko. Horrela, planaren bidez, eskualdeko ikuspegia izanen duten berdintasun politikak lantzeko aukera izanen da”. Gaineratu duenez, “Altsasuk aspaldi du Berdintasun Zerbitzua, baina gainontzeko herrietan izugarrizko hutsunea genuen, berdintasunerako politikak egiteko egitura antolaturik ez genuelako”. Horregatik, berez udalena den eskumena Mank-en esku utzi dute, handik berdintasun politikak sustatzeko.
Berdintasunerako I. Plana ez da koronabirusaren pandemiaren eraginaz aparte gelditu, eta badago ere isla. Gallok azaldu duenez, “azterketa feministatik abiatuta, krisiaren benetako garrantzia ulertzeko balio duen tresna izatea espero da, eta, horregatik, planaren ardatzetako bat bizitzaren jasangarritasuna da”. Teknikariak azaldu duenez, “jakin badakigu Covid-19 pandemiak eragindako dimentsio anitzeko krisiari aurre egitean emakumezkoen eta gizonezkoen abiapuntua desberdina dela. Dena den, eta krisi honekin egoera larriagotu den arren, pandemia honen aurretik ere, soldata arrakala, zaintzen arrakala, partaidetza sozio politikoan ezberdintasunak eta indarkeria matxista eguneroko errealitatea ziren”.
Aurreneko esku hartze arloa
Tokiko gobernantzari eragiten dio. Gallok esan duenez, “genero berdintasunaren ikuspegia ezin da modu isolatuan txertatu; ez dago esparru bakar bati lotuta. Hainbat sektore inplikatu behar ditu. Azken finean, esparru guztietako langileen ardura da genero ikuspegia txertatzen joatea, politika publikoen diseinuan, plangintzan eta ebaluazioan”. Esku hartze horren helburu nagusia da tokiko gobernantzan genero zeharkakotasuna txertatzea, “eskualdeko berdintasun politikak garatzeko neurriak jarriz, genero ikuspegia eskualdeko politika eta ekintza guztietan txertatuz”.
Horretarako, 5 programa abiaraziko dituzte: eskualdeko berdintasun politikak bultzatu, garatu, jarraitu eta ebaluatzeko eredua; toki-administrazioek planaren garapena bermatuko duten egiturak izatea eta haien arteko koordinazioa ematea; toki-administrazioko teknikariek eta ordezkari politikoek berdintasun-ikuspegia txertatzea beren jardueretan; toki-administrazioko prozedurek genero-ikuspegia txertatzea; eta, azkenik, eskualdeko garapen estrategiak genero-berdintasunean eragin positiboa izatea. Horretarako guztirako 63 neurri aurreikusi dituzte.
Bigarren esku hartze arloa
Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak helburu dituen lan arloa da. Berdintasunerako I. Planean jasoa denez, indarkeria matxista “emakumezkoen eta gizonezkoen arteko botere desoreken adierazpen larrienetakoa da”. Aurreikusi da Mank-eko Berdintasun Zerbitzua eskualdeko gainontzeko eragile eta zerbitzuekin batera ariko dela, “dauden baliabideen egiazko koordinazioa ahalbidetuz, horretarako egokienak diren mekanismoak sortuz, eta, bestetik, herritarren prebentzioa eta sentsibilizazioa landuz”.
Arloa lantzeko bi programa eta 26 neurri jaso ditu planak. Batetik, emakumezkoen kontrako indarkeriaren detekziorako eta arreta emateko Sakanan dauden baliabideen koordinazioa ahalbidetuko da, eta indarkeria sufritu duten emakumeei arreta egokia eskaintzeko mekanismo egokienak sortuko dituzte. Gallok jakinarazi duenez, “ildo horretan lehen pausoak egiten ari gara hainbat profesionalekin tokiko protokoloa lantzeko”. Bestetik, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak lortzeko, emakumeenganako indarkeriaren inguruko sentsibilizazioan eta prebentzioan lan eginen da.
Hirugarren esku hartze arloa
Sakana bizigarria eta Bizitzaren jasangarritasuna ardatz izanen dituen itun sozial berria da 3. esku hartze arloak landuko duena. Zeberiok argitu duenez, “emakumezkoek pairatzen duten berdintasun falta, sustrai sakoneko genero desberdintasunaren egiturazko izaerari zor zaio. Horren atzean genero estereotipo eta rolak daude, oraindik ere markatuak daudenak eta bereizketa eta ospe sozial desberdinen eragile direnak, eta botere harreman ez-parekoei eusten diete”. Egoera horrekin bukatu beharra dagoela gaineratu du, eta, horretarako, jendartea aldatzeari ekiteko beharra nabarmendu du: “batetik, genero-arrakalak ezabatzeko, eta bestetik, erantzunkidetasunari dagokionez, gaur egun dugun defizita gainditzeko.
Gallok gaineratu duenez, “bistan da, genero-rolek bizirik dirautela, eta horrek lotura duela sexuaren araberako lan-banaketarekin, lan produktiboa (ondasunak eta zerbitzuak ordainsari baten truke sortzen dituzten jarduerak biltzen dituena) eta erreprodukzio lana (sarrerarik sortzen ez duten jarduerak, baina, aldi berean, bizitzarako beharrezkoak ez ezik ezinbestekoak ere badirenak) bereizten dituelako”. Azaldu digutenez, Berdintasunerako I. Planean, “bizitzaren jasangarritasunaren kontzeptuak bi esparruak hartzen ditu bere baitan, eta biak elkarren menpe jartzen ditu, biek ala biek funtzio soziala eta ekonomikoa betetzen dituztelako gizartearendako”.
Bi programa garatzea aurreikusi dute 13 neurritan banatuta. Aurrena da bizitzari eusteko funtsezkoak diren zaintza lanei balioa ematea. Horretarako, balio aldaketa sustatu nahi dute, bizitzaren jasangarritasuna bermatzeko behar den zaintzaren erantzunkidetasuna eta zaintzaren etika bultzatuz. Horrekin batera, zainketen jardun duin eta bidezkoa bermatu nahi dute Sakanan, bai familia esparruan bai esparru profesionalean.
Atzeneko esku hartze arloa
Haren bidez, emakumezko sakandarren ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatuko duten baldintzak sortu nahi dira, emakumezkoek eskualdeko bizitza soziopolitikoan duten partaidetza gero eta indartsuagoa izan dadin. Horri lotuta, jendartearen balioen aldaketa sustatuko da, egun indarrean dauden rol eta estereotipoak deuseztatzeko asmoarekin.
Horretarako 4 programa eta 49 neurri jaso ditu planak. Alde batetik, emakumezkoen autonomia eta ahalduntzearen arloan, ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatuko da. Emakumezkoen autonomia sozio-ekonomikoa ere bultzatuko da. Aurreikusitako neurrietako bat da ahalduntze eskola baten bideragarritasuna aztertzea. Bestetik, Sakanako emakumezkoak eskubide osoko solaskide sozio-politikoak izateko baldintzak sortuko dira. Gainera, berdintasunaren aldeko eskualdea izateko neurriak hartu nahi dituzte, balioen aldaketa sustatuz eta rol eta estereotipoak deuseztatuz. Azkenik, hezkidetza eta tratu ona ardatz dituen herri hezitzaile izateko oinarriak jartzen hasi nahi da. “Aukera dagoen herrietan hezkidetza modu integralean landu nahi da, ikastetxeez aparte, herrietan ere bai, aisialdiaren bidez edo bestelako ekintzen bidez”.
Eta orain zer?
Teknikariak azaldu digunez, “emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzea tokiko entitate guztien ardura da, eta arduradun tekniko eta politikoen beharra dauka. Haien arduretatik tokiko berdintasun politikak sustatu, kudeatu eta ebaluatu behar dira”. Horretarako, planean bertan haren garapenerako eta jarraipenerako zenbait egitura zehaztu dira: Mank-eko Berdintasun Zerbitzua eta Berdintasun Batzordea, Mank-eko Plan Estrategikoaren baitan sortu den koordinazio egitura, herrietako Berdintasun Batzordeak, Altsasuko Berdintasun Zerbitzuarekin koordinazioa, udaletako berdintasuneko erreferentziazko teknikariak, Mank-eko batzar orokorra eta lan teknikorako eta interlokuziorako funtsezko eragileen guneak (ikastetxeak…).
Baina guztia ez da administrazioaren arloan geldituko. Gallok azaldu duenez, euren nahia da “plana sakandar guztion plana bihurtzea. Plana jendarteratuko dugu”. Zeberiok argitu duenez, “beste erronketako bat izanen da plan hori herri bakoitzaren errealitatean nola egokitzen den. Irailetik aurrera eginen den ariketa da”. Gainera, oporretatik bueltan Sakanako emakumezkoen eta gizonezkoen arteko Berdintasunerako I. Planaren berri emateko saioak eginen dira herrietan, sakandarrei eta eragileei aurkezteko. Gallok jakinarazi duenez, ez dira informazio saio hutsak izanen. “Plana herrietara nola egokitu aztertzeko eta han egin beharreko ibilbidea lantzeko saioak izanen dira”. Plana www.sakana-mank.eus webgunean zintzilikatuko dute, baita udaletakoetan, eta ibarrean hitz egiten diren hainbat hizkuntzetara planaren laburpen bat itzuliko dute.
Plana egiteko prozesuaz
Berdintasunerako I. Plana egitean Mank-ek berak “prozesu” berari berebiziko garrantzia eman dio eta hura parte hartzearen, elkarlanaren, malgutasunaren, hezkuntza eta eraldaketa prozesuaren eta komunikazioaren printzipioetan oinarritzea nahi izan du. Plana egiteko bederatzi hilabete behar izan dira. Lastailean Mank-eko Berdintasun Batzordea osatu zen, eta orduan hasi zen planaren diseinuaren lanketa.
Otsailean parte hartze prozesua hasi zen. Guztiek egitura bera izan zuten: berdintasun-gaien inguruko oinarrizko prestakuntzarekin hasi, planaren egitura aurkeztu eta ekarpenak egiteko aukera eman. Saioetan, gogoeta eta eztabaida kolektiboaren bidez, planaren irizpideak, lehentasunak, baldintzak eta programak definitu ziren.
Arlokako saioak izan ziren: Berdintasun Batzordea (3 saio), Sakanako alkate eta zinegotziak, udal langileak eta Gizarte Zerbitzuak, sakandarrak, Mank-eko langileak eta Tokiko Garapena. Planaren lanketan guztira 76 pertsonak parte hartu dute: 62 emakumezkok eta 14 gizonezkok. Zeberioren ustez, “kuantitatiboki emaitza txukuna da. Hainbat profiletako pertsonak parte hartu dute, eta ekarpen kualifikatuak egin dituzte. Geografia oreka mantendu da. Prozesua oso interesgarria izan da”.
Guztia despeditzeko, kontrasterako saio bat egin zen. Hori guztia despeditu ondoren, ekarpenak jasotzeko tartea zabaldu zen, eta sei jaso ziren. Garagartzaroaren 30ean onartzearekin batera despeditu zen prozesua, eta indarrean jartzeko garaia hasi.