Plazaolako bide berdea Europako TrailGazersBid programaren zortzi natura-ibilbide pilotuetako bat da. Europako Atlantiko aldeko hamar eskualdek sustatu dute programa, tartean Nafarroak, Nasuvinsa sozietate publikoko Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Nafarroako Agentziaren, Lursarearen, bidez. Egitasmo horren bidez eskualdeek teknologia eta esperientziak partekatu dituzte naturaguneen eta bertako biztanleen ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-jasangarritasunerantz egiteko. Proiektuak 2022ko martxora arte iraunen du.
Egitasmoak, zehazki, bi helburu ditu. Alde batetik, azpiegituretan eta egokitzapenean egindako inbertsio publikoen eta pribatuen itzulera sozioekonomikoa neurtzea, eraginkortasun handiagoko irizpideak zehazteko. Eta, bestetik, landa-gune horien ekonomia garapen jasangarria sustatzen duten jarduerak diseinatzen lagunduko duten datuak eta esperientziak lortzea. Azken horretarako, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabiliko dituzte. Esaterako, sare sozialak, errealitate areagotuko aplikazioak, marketin digitaleko tresnak eta abarrak.
Pilotua han, onurak hemen
Hamar eskualdeetako ordezkariak dagoeneko elkarrekin biltzen hasi dira, eta berriki www.trailgazers.eu webgunea aurkeztu dute. Lursareatik azaldu dutenez, “webgune hori da proiektua abian jartzeko lehen pausoa; eginen diren lanen komunikaziorako eta zabalkunderako oinarrizko tresna da”. Izan ere, ingelesez dagoen webgunean, ibilbide pilotuen zabalkunderako atalez aparte, egitasmoaren baitan sortzen diren materialak eta antolatzen dituztenen berri emanen dute.
Lursarea agentziako kideen iritziz, “Plazaolako bide berdearen azterketa aukera bat da tokiko eragileek, komunitate-taldeek, udal-erakundeek edo enpresa txikiek elkarlanean jardun dezaten naturako turismoko ekimen berriak (ibilbideen inguruan bisitariei zerbitzuak eskaintzeko ekimenak edo kudeaketa-plan jasangarriak garatzeko) edota landa-inguruneko natura, sozio-ekonomia edota kultur aktiboak babesteko”. Lursarea dagoeneko lantzen ari da Plazaola bide berdearen zerbitzuak, erakargarriak diren toki eta jarduerak eta ezaugarriak identifikatzea ahalbidetzen duen online tresna.
Europako proiektu pilotuko ikasgaiak Nafarroan ere erabilgarri izanen dira. Izan ere, Plazaola bide berdea Lursarearen Nafarroa Ezagutu Sareko kide da. Han, natur espazioak eta ibilbideak kudeatzen dituzten 50 bat eragile biltzen dira. TrailGazersBid programak sortuko dituen tresnek Nafarroako hainbat tokitan enplegua edo aukerak dinamizatzeko eta sortzeko lanean lagunduko dute. Plazaolaren indarguneak dira, batetik, garraio publikoan erraz iritsi daitezkeen bi hiri lotzen dituela: Donostia eta Iruñea. Gainera, Ederbidea eginda dagoenean, Baiona ere batuko zaie. Ederbidea, gainera, Europa iparraldea eta hegoaldea lotzen dituen Eurovelo 1 ibilbidearen zati izanen da. Eta, bestetik, Ezagutu Sareko kide izatea; kudeaketa eta sustapen berritzaileen arloan sinergiak eta ikasketak partekatzeko aukera ematen diona.
Irurtzungo tren geltokia zeneko pareta konpondu dute berriki. Argazkia: @ehbilduirurtzun.
Hamar bazkideak
Lursarearekin batera, Donegal County Council (Irlanda), Viana do Castelo udalerria (Portugal), Merthyr Tydfil County Borough Council (Erresuma Batua), Natura Babesteko Zuzendaritza Nagusia (Kanarietako Gobernua) eta Glasgow Caledonian University (Erresuma Batua) dira egitasmoko bazkideak. Plazaolaren proiektu pilotua da hautatutako zortzietatik luzeena, guztira 63 kilometro dituena, horietatik 41 Foru Erkidegoan barrena.
TrailGazersBid proiektuak 2,5 milioiko aurrekontua du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) eta Nasuvinsa sozietate publikoak batera finantzatuta, azken horrek 70.000 euro jarriko baititu bazkide gisa. Tokiko eragileendako, komunitate-taldeendako, udal-erakundeendako edo enpresa txikiendako lagungarria izan daiteke naturako turismoko ekimen berriak garatzeko, ibilbideen inguruan bisitariei zerbitzuak eskaintzeko edo helmuga iraunkorrak kudeatzeko planak garatzeko.