Txirrindularitza

Lehengo lasterketa, etxera

Guaixe 2020ko uzt. 20a, 09:26

Josu Etxeberriak Zamorako Itzulia irabazi du, amateur denboraldiko lehen proba. Rural Kutxako txirrindulari iturmendiarrak matxura bat izan zuen azken etapan, baina maillot horiari eustea lortu zuen, erasoan eta defentsan bikain aritu eta gero

COVID19 krisiaren ondorengo lehenengo proba izan zuten txirrindulari afizionatuek aurreko astean, 4 eguneko Zamorako Itzulia. Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Josu Etxeberria Azpilikueta txirrindulari iturmendiarrak modu ikusgarrian irabazi zuen denboraldiko lehen trofeo preziatua, osteguneko azken aurreko etapan garaipen ikusgarria lortu eta gero. Eraso bikaina egin zuen 1. mailako Marabon Gainean eta bakarrik iritsi zen 3. mailako Aciberos gaineko helmugara. Ostiraleko laugarren eta azken etapan arazo mekanikoengatik atzean geratu zen, baina taldekideek ederki babestuta ongi eutsi zion iturmendiarrak, defentsa lan bikaina egin zuen, aurreko taldea harrapatu zuen, eta maillot horiari eustea lortu zuen, Zamorako Itzulia lortuaz. 19 urte dituen Josu Etxeberriarendako garaipen preziatua izan da hau, denboraldi berezi hau hasteko modu bikaina, eta, gertatu den moduan gertatuta, are gehiago. 

Erasoen aurrean, sendo
Zaragozako Itzuliko osteguneko garaipenaren ondoren, ostiraleko azken etapan Josu Etxeberriak sailkapen orokorrean minutu bat eta hiru segundo ateratzen zizkion Lizarte taldeko Jordi Lopezi eta minutu bat eta zazpi segundoko aldea Froiz taldeko Samuel Blancori. Aurrekoa bezala, mendiz jositako etapa zen Zamorako Itzuliko azkena, 5 portu baitzituzten aurretik txirrindulariek. Etapa hasi eta 10 kilometrora arazo mekanikoak izan zituen Josu Etxeberriak Palazueloko igoeran, eta atzean geratu zen. Lizarte, Rias Baixas eta Froiz taldeek abiadura bizkortu zuten, liderrari aldea ateratzeko, eta 50 segundoko aldea ateratzea lortu zuten. Baina Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak lan ikusgarria egin zuen, eta Viñas portuko lehen pasan Etxeberriak aurreko taldearekin bat egitea lortu zuen. Liderra atzean uzteko etengabeko erasoak izan ziren ondoren, eta Viñaseko gaineko helmugara Raul Garcia (Lizarte) iritsi zen lehena. Josu Etxeberria 14. postuan sartu zen, 34 segundora, eta Zaragozako Itzuliko garaipenari eustea lortu zuen iturmendiarrak. 33 segundo atera zizkion Samuel Blancori (Froiz) eta 42 segundo Raul Garciari (Lizarte). 

Oso pozik
Josu Etxeberria oso kontentu zegoen garaipena lortu izanagatik eta bere hitz guztiak taldekideen lana eskertzeko izan ziren. “Egun oso zaila izan da. Matxura dela eta, 10. kilometrotik helmugara arte gogor aritu behar izan gara arerioen atzetik; ederki sufritu dugu, edozein unetan Zamorako Itzuliak ihesi egin ahal zuelako. Talde guztiak egin duen lanagatik oso eskertuta nago, eurak gabe ezinezkoa bailitzateke Itzulia irabaztea. Lehertuta iritsi gara, dena eman dugulako, eta taldekideei esker itzulia irabazi dut. Oso pozik nago eta oso eskertuta beraiekin” zioen iturmendiarrak helmugan. Rural Kutxako zuzendari Roberto Martinezek aitortu zuen hasierako asmoa etapa hasieratik kontrolatzea zela, baina Josuren matxuragatik atzetik ibili behar izan zutela. “Taldearen lana ikusgarria izan da. 11ko balorazioa egiten diet. Erasoei ongi erantzun diete eta Josu bikain babestu dute” azaldu du Martinezek. 

Hiru sari
Zamorako Itzulia irabazteaz gain, 23 urtez azpiko txirrindulari onenaren saria eta Tartekako Helmugen Saria lortu zituen Etxeberriak. 

Rural Kutxaren beste garaipena
Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarraren bolada onak ez zuen etenik izan, igandean Alejandro Gomizek Zamora Udaletxea Trofeoa irabazi zuelako, esprint estuan. Bere taldekide Dorian Foulon laugarrena izan zen eta probako talderik onena izan zen Rural Kutxa. Larunbatean Euskaldun Torneorako baliagarria den lasterketa jokatuko da Villatuertan, aldi berean Nafarroako Txapelketa izango dena (15:30, 132,5 km).