Pilota

Sakandarrak Masters CaixaBank Torneoko buruan

Guaixe 2020ko uzt. 20a, 10:30
Zabaleta eta Olaizola ez ziren ongi hasi, baina azken bi partidak irabazi dituzte.

Bengoetxea VI.a-Martijak eta Ezkurdia Arangurenek 3 puntu dituzte, Altuna III.a-Imaz liderrek bezala, eta Olaizola II.ak eta Zabaletak 2 puntu. Igandean, Arbizun, lidergoa lortzeko borrokatuko dira Ezkurdia eta Martija

Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko 4. jardunaldia jokatu da eta ongi ibili dira pilotari sakandarrak. 

Olaizola II.ak eta Zabaletak mendean hartu zituzten Elezkano II.a eta Aretxabaleta, ostiralean Markinan, 22 eta 11 emaitzarekin, partidan nagusi izan eta gero. Torneoan segidan bi partida galtzen hasi ziren Olaizola eta Zabaleta, baina egoerari buelta eman, eta segidan bi garaipen lortu dituzte. Ostiraleko partidan bikain aritu ziren Goizuetako aurrelaria eta Etxarrengo atzelaria, eta sentsazio onak berreskuratu dituztela erakutsi zuten. 

Bestalde, lesioa gainditu eta gero, kantxara itzuli zen Oinatz Bengoetxea. Julen Martijarekin bikote sendoa osatu zuen leitzarrak, Jakaren eta Albisuren kontra aritzeko. Partida oso gogorrean, hasieran Albisuk agindu zuen gehiago, baina Martijak behetik gora egin zuen, eta atzeko koadroetan gailentzea lortu zuen Etxeberriko atzelariak. Zalantzarik gabe, txapelketako atzelaririk onenetakoa da Martija.  Bengoetxeak ere maila ona eman zuen eta 22 eta 18 irabaztea lortu zuten oso partida estuan. 

Joseba Ezkurdiari dagokionez, ostiralean lehen jardunaldian hezetasunagatik atzeratutako partida jokatu zuen ostiralean aurrelari arbizuarrak ostiralean Arrigorriagan. Arangurenekin bikotea osatuta, ez ziren oso fin ibili, eta 8 eta 22 galdu zuten Altuna III.aren eta Imazen kontra. Altunak eta Imazek hasieratik hartu zuten aurrea, 1 eta 8, eta alde hori oso ongi kudeatzen jakin zuten. Ezkurdiaren eta Arangurenen akatsek lagunduta, garaipen erosoa lortu zuten gipuzkoarrek. Bestalde, igandean, Arrigorriagan, torneoko 4. jardunaldian Ezkurdiak eta Arangurenek Urrutikoetxea eta Irribarria izan zituzten aurkari. Hasieratik aurrea hartu zuen Ezkurdiak eta Arangurenek (6 eta 12), eta nahiz eta Urrutik eta Irribarriak 16 eta 17 gerturatzea lortu, Ezkurdiak eta Arangurenek partidaren kontrola hartu zuten eta, lehia oso estuan, 22 eta 19 irabaztea lortu zuten.

Masters CaixaBank Torneoko azken partidan, Altuna III.ak eta Imazek 22 eta 14 irabazi zieten Artolari eta Rezustari Zarautzen jokatutako partida gogorrean. Horrela, Masters CaixaBank Torneoko lidergoa lortu dute Altuna III.ak eta Imazek, 3 punturekin; Artola-Rezusta, Bengoetxea VI.a-Martija eta Ezkurdia-Aranguren dira hurrenak sailkapenean, 3 punturekin, eta Olaizola II.a-Zabaletak eta Jaka-Albisuk bina puntu dituzte. Sailkapenaren behe aldean daude Elezkano II.a-Aretxabaleta eta Urrutikoetxea-Irribarria, punturik gabe. 

Arbizun elkarren kontra ariko dira Ezkurdia eta Martija, igandean
Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko 5. jardunaldia jokatuko da. Elezkano II.aren eta Aretxabaletaren kontra ariko dira Artola eta Rezusta ostiralean Medranon (21:00, ETB1), eta
Olaizola II.ak eta Zabaletak Altuna III.a eta Imaz izanen dituzte aurkari larunbatean Labriten jokatuko den partida interesgarrian (22:15, ETB1). Igandean Arbizuk partida bikaina hartuko du, Ezkurdia eta Aranguren Bengoetxea VI.aren eta Martijaren kontra lehiatuko baitira, lidergoa lortzeko borroka itzela espero den jaialdian (17:00, ETB1). Bukatzeko, Urrutikoetxearen eta Irribarriaren kontra ariko dira Jaka eta Albisu igandean Zarautzen (17:00). Sarrerak salgai daude https://proticketing.com/pelotavasca/es webgunean.