Automobilismoa

Sakana Motorsportek bertan behera utzi du XXXIX. Urbasako Igoera

Guaixe 2020ko uzt. 21a, 10:30

Urriaren 3an zen jokatzekoa, baina bizi dugun egoeraren aurrean proba bertan behera uztea “zentzuzko erabakia” dela uste du eskuderia sakandarrak

Urriaren 3rako iragarria zegoen XXXIX. Urbasako Igoera, baina Sakana Motorsport eskuderiak atzo zabaldutako oharrean azaldu du lasterketa bertan behera uztea erabaki duela. 

Erabakia hartzea zaila izan dela aitortu du eskuderia sakandarrak. “Aurten bizi ditugun etengabeko aldaketek eta ezjakintasun egoerak gure proba bertan behera uzteko erabaki zaila hartzera eraman gaituzte. Berriro ere Urbasako Igoerarik gabe gelditzea ez da inoren gustukoa, baina bizi dugun errealitatea ikusita, zentzuzko erabakia dela uste dugu, hilabete hauetan bertan behera gelditu diren kirol proba askorekin gertatu den bezala” dio Sakana Motorsportek. Horretaz gain, eskuderia sakandarrak aipatu du badakitela proba hau aurrera ateratzea posible egiten duten entitate eta laguntzaileen egoera “zaila” dela, eta guztia kontuan hartuta, eta elkartasunean, Urbasako Igoera bertan behera uztea egokia iruditu zaiela. 

Horrela, XXXIX. Urbasako Igoera 2021era atzeratu dute. “Hau guztia lehenbailehen pasa dadin espero dugu, 2021 urtean indarrez betetako Urbasako Igoera antolatu ahal izateko, 2021ean Sakana Motorsporten 10. urteurrena ospatuko baita” dio eskuderiak. Datorren urtean Sakana Motorsportek 10 urte egingo ditu Urbasako Igoera proba historikoa antolatzen. Bukatzeko, Urbasako Igoera aurrera ateratzeko laguntza ematen duten babesle, parte hartzaile, laguntzaile, boluntario, ofizial eta herritar guztiei eskerrak eman dizkie Sakana Motorsportek.