Siemens Gamesak Agoizko “lantegia ixteko hartutako erabakia iraultzeko enpresa-batzordeak eta langileek borrokan jarraituko dugu”. Hala adierazi dute langileen ordezkariek gaur. Aurreko egunetan egindako bilera errondan Nafarroako Gobernuari eta alderdi politikoei haien borrokan inplikatzea eskatu diete; “beraien jarreratik beren esku dagoen guztia egin dezaten nahi dugu, zentzugabekeria hori geldiarazteko”.
Bestalde, “langileok erabaki bidegabe horren aurka mobilizatzen segituko dugu. Erabaki hori eskrupulurik gabeko multinazional baten logika neoliberalaren arabera baino ez da azaltzen, eta hazten jarraitu nahi du, gure hondamendiaren kontura bada ere”.
Siemens Gamesako 239 langileek (40 bat Altsasuko lantegian aritu zirenak) enpleguari eusteko aldarrikapenari ahotsa emateko eta gure borrokaren alde egiten jarraitzeko hainbat greba-egun eta mobilizazio” antolatu dituzte. Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Batzordeari bere ikuspuntua eman dio Agoizko lantegiko enpresa batzordeak gaur. “Ez dugu hitz ederrik nahi. Ekintzak eskatu dizkiegu etorkizun oparoa bermatzeko eta gure eskualdeko langabeziaren eta despopulazioaren aurka borrokatzeko”.
Mobilizazio egutegia
Garilak 23, osteguna
03:00etatik 10:00etara Agoizko lantegiaren Nafarroako Parlamentuaren arteko oinezko martxa. Iritsiera ordurako aurreikusia dago Manu Ayerdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariaren agerraldia Nafarroako Parlamentuan.
19: 00etan Irati Bizirik herri plataformaren informazio batzarra, Agoizko Merkatu plazan. Enpresa Batzordeak parte hartuko du. Ondoren, guztien artean, herria eta langileak, giza mosaiko bat osatuko dute.
Garilak 24, ostirala
Zuzendaritzarekin kontsulta-aldiko hirugarren bilera izanen da. Neinsako lankideek elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, babesa adierazteko.
Garilak 25, larunbata
19:00etan Siemens Gamesa Aoizen itxierarik ez. Herri biziak nahi ditugu! lelopean manifestazioa, Irati Bizirik plataformak deituta.
Garilak 29, asteartea
Langileen greba eguna.
Agorrilak 6, osteguna
Langileen greba eguna.
Agorrilak 7, ostirala
Langileen greba eguna.
Oharra
Itxieraren kontrako sinadurak biltzen ari dira Iruñeko auzoetan eta eskualdeko herrietan.