Txirrindularitza

Igor Arrieta, Nafarroako txapelduna

Guaixe 2020ko uzt. 23a, 14:40
Argazkiak: Martin Early.

Lizarrak Nafarroako Juniorren Errepide Txapelketa hartu zuen; esprint estuan Igor Arrieta Aimar Erostarbe oñatiarraren atzetik sartu zen helmugara, baina lehen nafarra izan zen

Junior mailako txirrindulariek igandean mustu zuten denboraldia, Lizarran jokatutako III. Robert Innova Trofeoa- III. Jesus Galdeano Memorialean. 89,2 km zituen proba, aldi berean, Nafarroako Junior mailako Errepide Txapelketa izan zen, eta, hortaz denboraldiari sendo ekin zioten txirrindulariek, beharrezko segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta. 

Espainiako junior mailako selekzioko kontzentraziotik itzuli berri zen Igor Arrieta Lizarragak (Sakana Group-Aralar) eta Aimar Erostarbe oñatiarrak (Ulma) lehia oso estua izan zuten. Biak bakarrik iritsi ziren Lizarrako helmugara eta, esprintean, Erostarbe gailendu zitzaion Uharte Arakilgo txirrindulariari (2:10:06). Irabazlearen trofeoa lortu zuen Erostarbek, eta Nafarroako txapeldunarena, berriz, Arrietak. 58 segundora sartu zen hirugarrena, Enekoiz Azparren (Ampo). Eta Quesos Albeniz-Burundako Unai Aznar 5. postuan sartu zen, 1:52era. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Sergio Lopez (Quesos Albeniz) 23. sailkatu zen, Jon Erdozia (Sakana Group) 24. , Iker Mintegi (Quesos Albeniz) 42., Hugo Aznar (Quesos Albeniz) 59., Unax Miranda (Sakana Group) 62., Aitor Alberdi (Sakana Group) 73., Mikel Olaetxea (Sakana Group) 74., Martzel Etxeberria (Sakana Group) 81. eta Oihan Etxeberria (Quesos Albeniz) 84. 

Kadeteak Beran hasiko dira
Kadeteek igandean ekingo diote aurtengo denboraldiari, Beran (10:00, 44 km).