Txirrindularitza

Emakumeen tropeleko onenak Sakanatik pasako dira gaur

Guaixe 2020ko uzt. 23a, 10:12
Joan den urteko Emakumeen Klasikoko irudi bat.

Emakumeen Nafarroako Klasikoko lehen etapa gaur abiatuko da Iruñetik 15:55ean eta Lekunberrin despedituko da 19:17 aldera, Arakiletik eta Irurtzundik pasa eta gero

Gaur hasiko da II. Emakumeen Nafarroako Klasikoa. Bi eguneko goi mailako proba izanen da, eta nazioarteko emakumeen tropeleko txirrindulari onenek parte hartuko dute bertan, Nafarroako proba UCIren egutegian baitago. Emakumezkoen elite mailako eta 23 urtez azpiko txirrindulari onenak ariko dira. 25 talde lehiatuko dira, horietatik 7 World Tour mailakoak. 

Gaurko etapa Iruñetik abiatuko da 15:55ean. 118 km-ko etapa da, lau porturekin: Ultzurrun (1. maila), Etxauri (1. maila), Genbe (2. maila) eta Zuarrarrate (2. maila) edo Madozko portua, Lekunberriko helmugarako 6,3 kilometroren faltan. Hain zuzen ere, Genbe gainditu eta gero, Anotzetik Arakilen sartuko da proba, Errotzen, 18:43ak inguruan, eta Izurdiaga eta Irurtzun gainditu eta gero, Madotzera eginen du, Zuarrarrate gainditzeko. Helmuga Lekunberrin izanen da, eta 19:17ak aldera iritsiko direla aurreikusten da. 

Bigarren -eta azken- etapa bihar jokatuko da, eta Iruñean hasi eta bukatuko da. 16:06an hasi, eta 19:20ak aldera despedituko da, Olaberri, Tiebas, Biurrun, Tirapu, Artaxoa, Galar eta Erreniega gainditu eta gero.