Gogorra da egoera espetxeetan; are gogorragoa Covid19-aren pandemiak mundua "gelditu" duen mementotik. Espetxe barruan sistematikoki urratzen dira eskubideak; egoera berri honetan, are gehiago.
Espetxeetan Covid19-a ez hedatzeko neurriak direla argudiatu dute; espetxea are gehiago isolatu dute, ordea. Kaltetu bakarra presoa da, eta, berarekin batera, bere senide eta lagunak.
Gobernuei, baita Espainia eta Frantziakoei ere, neurri jakin batzuk hartzeko gomendioa egin diete bai nazioarteko, bai Euskal Herriko, bai estatuetako zenbait erakundek, baina neurri horiek ez dituzte bete nahi. Borondaterik ez dute, orain inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren zerbitzuan egon behar duenean, baita presoen kasuan ere.
Ez hori bakarrik! Herri honek sufritzen jarraitzen du. Gatazkak urteetan eragin duen sufrimenduak hemen jarraitzen du. Ezin da bakerik zein elkarbizitzarik eraiki preso, iheslari eta deportatuen auzia konponbidean jarri gabe. Korapilo hori askatzea da, gainera, bake iraunkor bati eta elkarbizitzari, oro har, egin dakiekeen ekarpenik garrantzitsuena.
Norabide horretan, garrantzitsua da mementoa aintzat hartu eta sinestea; kalea aktibatuz "harri handiak" mugi daitezkeela sinestea. Horretarako, ezinbestekoa da herritarron mobilizazioa. Etxeratzeko prozesu horretan bidelagun izateko, bidearen parte izateko.
Sakanan martxan gaude! Bidearen parte izateko prest gaude. Herri bat mugimenduan behar dugu, norabide berean, behingoz, preso, iheslari eta deportatuen auzia konpontzeko. Behingoz, denak etxean izateko!
Zatoz gurekin abuztuaren 1ean Sakana oinez zeharkatuko duen "Izan Bidea, denak etxera" martxara.
Izan Bidea
Denak etxera!
Mikel Osinaga (Irurtzun), Gaizka Uharte (Uharte), Olatz Andueza (Lakuntza), Aiora Barandiaran (Arbizu), Fernando Flores (Etxarri), Ekhi Etxeberria (Bakaiku), Alex Lopez de Goikoetxea (Urdiain), Jiorgio Arias (Altsasu), Olatz Irizar (Ziordia), Fran Balda (Arbizu) eta Mikel Mundiñano (Etxarri)