Eneko Cruz

“Irabazi edo galdu, hau historikoa da”

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 23a, 11:43
Beti Kozkorren dabiltzan futbolari sakandarrak.

Beti Kozkor taldean sei futbolari sakandar ari dira lehian, historia egiteko prest. Bihar 2.B mailako igoerako play-offeko finala jokatuko dute Mutilberaren kontra. Tartean dago Eneko Cruz, eta "urduri baina gogotsu" daudela adierazi du.

Estatuko 2.B mailako igoerako play-offeko finala jokatuko du bihar Lekunberriko Beti Kozkor taldeak Mutilberaren kontra. 

1. Sei sakandarrek jokatzen duzue 3. mailan lehiatzen den Lekunberriko Beti Kozkor taldean, ezta?
Bai. Miguel Erice eta Raul Erice anaia irintarrak erdilariak dira; Miguelek hegalean jokatzen du eta Raulek erdian. Cristian Laplana izurdiagarra defentsa erdilaria da eta Ibai Armendariz arbizuarra erdilaria. Ander Huarte ihabartarra hegala da, aurrera igotzen dena, eta ni, Eneko Cruz, defentsa hegala. 25 jokalari inguru gabiltza Beti Kozkorren, Rodrigo entrenatzailearen esanetara. Sei sakandarrez gain, Iruñekoak ere nahikotxo daude, eta gainontzekoak bertakoak eta ingurukoak dira. Gure taldeaz gain, beste hainbat talde ditu Beti Kozkorrek: erregional mailakoa, emakumezkoena eta behe mailetakoak. Cristian Laplanak ia bere bizi guztia darama Beti Kozkorren eta Miguel eta Raul Ericek denbora nahikotxo; Ibai, Ander eta hirurok aurten hasi gara. Nire kasuan, jokalari ezker bat behar zutelako deitu ninduten, eta animatu  nintzen. 

2. Sakanan Altsasu, Etxarri Aranatz eta Lakuntzako Lagun Artea taldeak egonda, ez al da bitxia zuek Lekunberrikoan aritzea?
Bitxia… ez dakit. Ni 8 edo 9 urtez aritu nintzen Lagun Artean. Sakanako klubak Beti Kozkor baino hobeak direla uste dut, zinez, baina Nafarroako Futbol Federazioak Maila Autonomikoa kategoria berria sortu zuen duela hiruzpalau urte Preferente mailaren eta 3. mailaren artean. Beti Kozkor Preferentetik Maila Autonomikora igo zen. Lagun Artea, aldiz, Beti Kozkor baino hobea izan da beti, baina urte hartan ez zen fin ibili eta preferente mailatik jaitsi zen. Handik aurrera, Beti Kozkorren aireratzea hasi zen.

3. Ikusgarria da horren tarte laburrean Beti Kozkorrek egin duen igoera…
Duela 7 urte Beti Kozkor Nafarroako Ligako maila baxuenean zegoen, erregional mailan. Pentsa. 4 urtetan 3 kategoria gainditu zituen: Preferentea, Maila Autonomikoa eta 3. maila, eta 3. mailan 3 denboraldi jarraian daramatza Beti Kozkorrek, eta orain Espainiako 2. B mailara igotzeko aukera du taldeak. Hori ikusgarria da, eta Lekunberri 1.500 biztanletara iristen ez dela kontuan hartuta, meritu handiagoa du horrek. 

4.Noiz jakin zenuten 2.B mailako igoera play-offak jokatuko zenituztela?
Konfinamenduan ez genekien play-offak jokatuko zirenik ere. Hala ere, entrenatzen jarraitu genuen. Hasieran, nor bere etxean; kirola egitera kalera ateratzen utzi zutenean, nor bere kabuz, ahal zen moduan. Taldeka entrenatzen hilabete pasatxo emango dugu. Eta duela hilabete bat inguru esan ziguten igoerako play-offak jokatuko genituela. Lau hilabete daramatzagu honetarako entrenatzen, eta azkenean, bigarren urtez jarraian jokatuko du Beti Kozkorrek 2. B mailako igoera fasea. Sekulakoa da, historikoa. Joan den urtean Mallorcan jokatu zuten igoera fasea, eta laugarrenak geratu ziren. 

5. Aurten zein talde sailkatu zarete 2.B mailara igotzeko play-offetarako?
3. mailako lehen lau taldeak: Mutilbera, San Juan, gu eta Pamplona. COVID19-a dela eta, igoera fasea play-off formatuan jokatzen ari da. Aurreko asteburuan finalerdiak jokatu genituen. San Juan taldeari 2 eta 4 irabazita, finalerako sailkatu gara. Beste finalerdian Mutilberak Pamplona mendean hartu zuen.

6. 2.B mailara igotzeko play-offetako final handia bihar, larunbata, Mutilberaren kontra jokatuko duzue, ezta?
Bai, bihar, 20:00etan, Lizarrako Merkatondoan. www.footters.com plataformak zuzenean eskainiko du partida. Ordaintzen den plataforma horietako bat da. Zelai neutrala jarri digute, Lizarrakoa, eta ateak itxita jokatuko dugu, zalerik gabe. Egia esan, ikuslerik gabe jokatzeak ez gaitu gehiegi kaltetzen, Lekunberrin ez baitoa jende gehiegi partidak ikustera; senitartekoak eta gutxi gehiago. Sakanan afizio gehiago dago, Lakuntzan jende gehiago doa zelaira. 

7.Txapelketan aritzeko COVID-19 birusa antzemateko testak egin dizkizuete?
Bai, bitan egin ditugu testak, taldeka entrenatzen hasi baino lehen eta finalerdia jokatu baino lehen. 

8.Mutilberaren kontra sarritan jokatu duzue. Beraz, finala irabazi eta 2.B mailara igotzeko aukera baduzue.
Beti Kozkorrek 3 denboraldi darama 3. mailan, eta, oker ez banago, ez du partidarik galdu Mutilberaren kontra. Hortaz, badugu aukera. Ongi gabiltza; badakigu nola jokatzen dugu, horrela jokatuz iritsi gara hona eta topera segiko dugu gure jokoa egiten. Dena den, edozeinek irabazi dezake finala. COVID-19 dela eta ezarri duten araudiaren arabera, berdinketa egonez gero ez da luzapenik ez penaltirik egonen. Sailkapenean hobeto dagoen taldeak eginen du aurrera kasu horretan. Hortaz, berdinketa batek Mutilberari eginen lioke mesede, beraiek lehenak zirelako sailkapenean. Guri, aurrera egiteko, irabazteak baino ez digu balio. 

9. Nola zaudete? 
Urduri gaude; 4 hilabete pasa daramatzagu honi begira, baina aldi berean gogotsu gaude, ilusioa dugu. Hau historikoa da: 2.B mailara igotzeko 90 minutura gaude, historia egiteko 90 minutura. Ez da txantxa, 2.B mailan jokalari profesionalak daude, horretatik bizi direnak. 

10. Pentsa 2.B mailara igotzea lortzen duzuela.
Sekulakoa litzateke, historikoa. Dena den, galdu edo irabazi, afariren bat egingo dugu ospatzeko, herri txiki bat maila horretan egotea ez baita txantxa. Estatu osoan 2.B mailako play-offak jokatzen ari diren taldeen artean soilik hiruk dituzte 1.500 biztanle baino gutxiago, eta horietako bat Beti Kozkor da. Bestalde, juntak argi du, igoz gero, heldu den denboraldian 2.B. mailan ariko dela Beti Kozkor, aurrekontua lotuko dutela. Eta horrek ere motibatu egiten du. 

11.Igoz gero, zeure burua 2.B mailan jokatzen ikusten duzu?
Nik hiru txandetan lan egiten dut eta oso zaila ikusten dut. Partidak urrutiago jokatzen dira, Valladoliden esaterako, eta behar bezala entrenatzeko gaizki ibiliko nintzateke. Momentuz biharko finala dut buruan, taldea 2.B mailara igo ahal izateko dena emango dugu, eta gero gerokoak.