Badago zerekin gozatu Aralarren udan

Guaixe 2020ko uzt. 24a, 13:07
Mendukiloko lezean altxorraren bila ibiltzeko aukera izanen da.

Mendizerra ezagutarazteko eta hartaz gozatzeko eskaintza zabala prestatu dute.  

Sakana Garapen Agentziak (SGA), Aralar Elkarteak eta Plazaola turismo partzuergoak, bisita eta jardueren bidez, udan Aralar mendia ezagutarazteko eskaintza prestatu dute. SGAko turismo teknikari Paki Urbitarte Cabrerak azaldu digunez, “programa zabala izanen da uda honetan, eta, horri esker, ingurune natural berezi horren balioak ezagutu ahal izanen dira”. Helburua da “ahalik eta jende gehien erakartzea. Batez ere, gure lurraldera bisitan etortzen direnak, horiek ere gure eskualdea, turismo helmuga gisa sustatu eta promozionatu dezaten”. 

Aurreko urteekin alderatuta, “hainbat berrikuntza” daudela jakinarazi digu Urbitartek: “Malloetako kableen inguruko erakustaldia izanen dugu Araitz ibarrean. Bertan Idiazabal gaztaren dastaketa ere izanen da. Egiarretako Itxasperriko baselizan izarren behaketa izanen dugu eta Aralarko santutegian “astronomo ibiltaria” izanen da zerua hobeto ezagutzen laguntzeko. Eta, azkenik, Mendukiloko kobazulotan, bisita antzeztuak izango dira”. 
 
Laugarren urtea da udan Aralar mendiaren inguruko jarduera-programa antolatzen dela. Helburu horrekin Aralarko santutegiak, Aralar Elkarteak, Sakana Garapen Agentziak eta Plazaola turismo partzuergoak lankidetzarako akordioa sinatu zuten 2018ko azaroan, “erabilera publikoa sustatzen duten jarduerak eta politikak bultzatzeko asmoarekin”. Horrekin batera, Aralarko natura-, kultura- eta historia-balioak sustatu eta babesteko helburua dute, “turismo jasangarria (gizarte eta ingurumen arloetan), sentsibilizazioa eta ingurumen-heziketa gako nagusiak izanik”. 

Zer-non
Aurtengo jarduera-programa eskualdeko enpresek kudeatuko dute. Lakuntzako Mirua enpresak bere bisita gidatuen bidez ezagutaraziko ditu Aralarko natura-balioak (paisaiak, habitatak, basoak, geologia eta hidrologia interpretatzea, fauna eta landare-espezieak identifikatzea, eta abar), bertako biztanleriaren erabilera eta tradizio-ustiapenak (artzaintza, baso-ustiapena, basa-fruituak, bertako produktuak eta abar), etnografia eta kultura (giza-aztarnak paisaian, megalitoak, monumentuak, ohiturak). Natura eta ingurumen praktika onei esker zaintzea eta sentsibilizazioa ere bulkatuko dituzte. Bisita gidatuen eskaintzan daude Etxarri Aranazko haritz zaharrak, Iribasko iturburua, Oderizko trikuharrien ibilbidea eta Aralarko paisaiak eta trikuharriak dira burutuko diren bisita gidatuak. 

Itxasperrin eta Aralarko santutegian izarrak behatzeko aukera izanen da. Egiarretako ermitaren inguruan teleskopio indartsuak jarriko dituzte, eta astronomia dibulgatzaile profesional batek gidatuko du behaketa: ilargi hurbiletik gauaren hasieran, Jupiter eta Saturno planetak, konstelazioak, haien istorio mitologikoak, izarren laguntzaz orientatzea eta askoz gehiago. Aralarko santutegian, berriz, “astronomo ibiltariak” zeruaren sekretuak deskubritu eta azalduko ditu. 

Araizko Gaintzan kableen erakustaldia eta Idiazabal gazta dastaketa 
zanen da. Malloetan biltzen zen mendi-soroetako belarra, baserrietara jaisteko erabiltzen zen kable bidezko garraio sistema, sinbolikoki berreskuratu egin da eta aldizka erakustaldiak egiten dira, arbasoek erabilitako garraio sistema bitxi hori ikus eta ezagutu dezagun. Baserrietako belar soroek, artaldeek, artzaintzak eta Idiazabal gaztaren lanketa eta dastaketak osatzen dute bisita gidatu horien mamia. Hasteko, Araitz ibarrari buruzko ikus-entzunezko bat emanen dute. Jarraian, kableetarainoko kilometro bat eta erdiko paseoa eginen da, eta belar pilak kableen bidez jaitsiko dira. Bukatzeko, Araitzen ekoiztutako Idiazabal gazta dastaketa eginen da eta artzaintza. Baserrietan zein bordetan eginiko gaztaren ekoizpenari buruzko azalpen interesgarriaz goza dezakegu. 

Azkenik, Mendukiloko lezean antzeztutako bisitak izanen dira, familiei eta haurrei zuzenduta. Sorgin bati esker, eta mapa baten laguntzarekin, kobazuloann ezkutua dagoen altxorra aurki dezakete bisitariek. “Jokoaren bidez haurrei esperientzia magikoa eskaini nahi die, beldurrak uxatzeko eta ingurune paregabea ezagutzeko lagungarria baita”. 

Pandemia 
COVID.-19 gaixotasunak sortutako osasun krisiagatik, beharrezkoak diren osasun, garbitasun eta prebentzio neurriak hartuko dira jarduera guztietan. Musukoa eraman beharko da. Bestetik, Nafarroa Ezagutu Sareak (elkartea, agentzia eta partzuergoa sare-kideak dira) Aralarko zenbait puntutan eta hainbat baliabidetan prebentziorako informazio-kartelak jarriko ditu. 

Azkenik, eta Nafarroako proiektu zabalago baten barnean, Sarearen bidez uda osoan zehar, “jasangarritasun-teknikoak” izanen dira eskualdean. Haiek, lan ibiltari baten bidez, besteak beste, gure ingurura (Aralar, Sakana, Plazaolako bide berdea, xendak, Mendukilo, Leitzalarrea, eta beste hainbat baliabideetara) hurbilduko diren bisitariei, laguntza eta aholku baliagarriak emanen zaizkie, ingurumenari errespetua, jasangarritasuna eta jardunbide egokiak zabalduz, eta gure ingurua ezagutu eta disfrutatu dezaten sustatuz. 

Egitaraua 
Gidatutako ibilaldiak 
Garilak 25  Aralarko baso eta begiratokiak. 
Agorrilak 1 Etxarri Aranazko haritz zaharrak. 
Agorrilak 2 Aralarko trikuharriak eta paisaiak.
Agorrilak 8 Iribasko iturburua. 
Agorrilak 9 Oderizko trikuharriak.
Agorrilak 15  Aralarko baso eta begiratokiak. 
Agorrilak 16 Etxarri Aranazko haritz zaharrak. 
Agorrilak 23 Oderizko trikuharriak.
Agorrilak 29  Iribasko iturburua. 
Agorrilak 30 Aralarko trikuharriak eta paisaiak.

Izen-ematea irteera bakoitzaren bezperako 17:00ak arte egin daiteke info@mirua.com edo 608 560 369 telefonora hots eginda. Plaza mugatuak dira. Helduek 10 euro eta 14 urte baino gutxiagokoek 8 pagatu beharko dute. 
  

Izarren behaketa 
Agorrilak 22, 21:30ean, Itxasperriko ermita. 

Izena ematea 647 840 231 telefonora hots eginez edota info@observarelcielo.com e-postara idatzita  egin behar da. Plaza mugatuak dira. Pertsonako 10 euro pagatu behar dira, 10 urtetik beherakoendako doan. 
  

Kableen erakustaldia 
Agorrilak 9, 11:00etan euskaraz, 17:00etan gaztelaniaz. 

Bisita bakoitzean 40 pertsona izanen dira. Plazak erreserbatzeko Lekunberriko turismo bulegora jo behar da: 948 50 72 04 edo oit.lekunberri@navarra.es. Behar izanez gero, bi bisitatan ingelesezko azalpenak emanen dira. Parte-hartzailek 7 euro ordaindu beharko dituzte, 3 euro 14 urtetik beherakoek. 


Mendukilo lezeko altxorraren bila (antzeztutako bisitak)
Garilak 25, gaztelaniaz. 
Agorrilak 8, euskaraz. 
Agorrilak 22, gaztelaniaz. 
Irailak 5, gaztelaniaz. 
Irailak 19, euskaraz. 

Bisitarako plaza erreserba egiteko 948 396 095 edo 608 623 604 telefonoetara hots egin edo mendukilo@mendukilo.com helbidera idatzi behar da. Bisita bakoitzean 30 lagun egon daitezke. Helduek 8 euro pagatu behar dute, 6 euro 4-10 urte artekoek eta 7 euro 11-17 urte artekoek. 

Astronomo ibiltariaren bila 
Aralarko santutegiaren inguruan. 

Eguraldiak baldintzatzen du jarduera eta, horregatik, behaketa egunak 2 egun lehenago iragarriko dira.