Langabezia %20,85 hazi da

Guaixe 2020ko uzt. 24a, 14:54

Langilea Iberica de Suspensionesen lanean. Artxiboa.

Urte hasieratik Sakanan 185 langabe gehiago daude; urte hasieran 887 izatetik, garagarrilaren akaberan 1.072 izatera pasa da langabezia. 

Sakanak 887 langaberekin hasi zuen urtea. Ilbeltzean 28 langabe gehiago izan ziren eta otsailean 22 gutxiago, 893. Baina COVID-19 gaitza agertu zen martxoan, eta langabeziak hiru hilabetetan gora egin zuen. Martxoko 966 langabeetatik maiatza akaberako 1.125era pasatu zen. Hiru hilabetetan 232 langabe izan ziren. Garagarrilean langabeziaren gorako joera eten zen, eta 53 pertsona atera ziren zerrenda horretatik. Guztira 1.072 langabe zeuden Sakanan urteak erdia bete zuenean. 

Sei hilabetetan langabezia 185 pertsonatan igo da, baina, generoari erreparatuta, igoera parekoa izan da; emakumezko langabeak 94 gehiago dira (%50,81) eta gizonezkoak, berriz, 91 dira (%49,18). Langabeziaren ibarreko datu orokorraren pare, maiatza akaberan izan ziren emakumezko eta gizonezko langabe gehien (664 eta 461, hurrenez hurren). Garagarrilari dagokionez, 628 emakumezko daude lan bila (%58,28) eta 444 gizonezko (%41,42). 

Adina eta sektorea
Adinari dagokionez, langabe gehien biltzen dituen adin-tartea 45 urte edo gehiago dutenena da. 523 langabek dute adin hori (548,79). Hurrengo adin-tartea 25 eta 44 urte artekoena da. 424 langabetu zenbatu ziren garagartzaro akaberan (%39,55). Azkenik, 25 urtez azpiko 125 gazte daude lan bila (%11,66). 

Langabe gehienek zerbitzuen arloan lan egin nahiko lukete 669 (%62,41), Industrian lan egiteko prest daude 258 langile (%24,07). Eraikuntzan aritu nahi lukete 40 langabek (%3,73) eta, bestetik, lehen sektorean 26 langabek ariko nahi lukete lanean (%2,43). Azkenik, aurretik enplegurik izan ez eta lanean aritu nahi luketen 79 sakandar daude (%7,37). 

Herrika 
Sakanako 1.072 langabeetatik gehienak altsasuarrak dira (%46,08, 494 langabe). Ibarreko langabeziaren ehunekoari erreparatuta, udalerrien hurrenkera honakoa da: Irurtzun (%11,66, 125), Olatzagutia (%9,24, 99), Etxarri Aranatz (%8,02, 86), Lakuntza (%4,57, 49), Arakil (%4,38, 47), Arbizu (%4,2, 45), Uharte Arakil (%3,36, 36), Urdiain (%2,33, 25), Iturmendi (%2,05, 22), Ziordia (%1,59, 17), Ergoiena (%0,93, 10), Bakaiku (%0,75, 8), Arruazu (%0,47, 5) eta Irañeta (%0,37, 4). Sakana Nafarroako populazioaren % 3,09 izanik herrialdeko langabeziaren % 2,65 dugu.

Kontratazioa 
Sakanan urteko lehen seihilekoan 3.009 kontratu sinatu dira. Joan den urteko garai berean baino 1.102 kontratu gutxiago dira. Aurten sinatu diren kontratu guztien % 57,09k gizonezkoen izena dute (1.718) eta %42,9k emakumezkoena (1.291). Urtearen lehen erdian sinatutako kontratu gehienak, %92,05 hasieratik aldi baterakoak ziren (2.770). Urte erdi horretan kontratua mugagabe bihurtu zaie kontratatuen %5,15i (155). Azkenik, hasieratik mugagabeko kontratuarekin aritu du direnak %2,79 izan dira (84). Sektoreei erreparatuta, aurreneko lehen sehi hilabeteetan industria izan da kontratu gehien egin dituena %52,87 (1.591). Zerbitzuen arloak kontratuen %43 egin ditu (1.294), eraikuntzarenak %2,79 (84) eta lehen sektoreak %1,32 (40). 

COVID-19 gaitzak kontratazioetan ere eragina izan zuen eta apirila (191) eta maiatza (255) izan ziren kontratu gutxien sinatu ziren hilabeteak. Aurreko hilean 510 kontratu sinatu ziren Sakanan, ia martxoaren parera iritsiz (570). Garagarrileko kontratazioak urteko joeraren isla dira: kontratatutakoen %56.67 gizonezkoak izan ziren eta % 43,33 emakumezkoak; kontratuen % 91,76 hasieratik aldi baterakoak ziren, %5,88 mugagabe bihurtu ziren, eta hasieratik mugagabeko kontratuarekin hasi ziren %2,35. Sektoreei erreparatuta, garagartzaroan industriak kontratuen %49,41 eskuratu zituen, zerbitzuek %44,12, eraikuntzak %5,1 eta lehen sektoreak 1,37.

Aurreko hilabetean Sakanako kontratuen ia erdia, %48,24 (246), Altsasun sinatu zen; Irurtzunen %12,35 (63); Lakuntzan %10 (51); Olatzagutian %8,24 (42); Etxarri Aranatzen %6,86 (35); Uharte Arakilen %4,9 (25); Arbizun %3,33 (27); Arakilen eta Urdiainen %2,35 (12na); Bakaikun %0,59 (3); Ergoienan %0,39 (2); Arruazun eta Ziordian %0,2 (bana); eta, azkenik, Irañetan eta Iturmendin ez zen kontrataziorik egin. Sakanan garagartzaroan sinatutako kontratuak Nafarroan sinatutakoen %2,57 izan ziren.